LGTBI pertsonen eskubideak atzeraka Senegalen

LGTBI kolektiboaren eskubideen aurkako aktibista bat eta imam bat zigortu dituzte, «albiste faltsuak zabaltzeagatik». Sonko lehen ministroa kritikatu zuten, «homosexualitatea toleratzen» zuela esanez.

Ousmane Sonko hitzaldi bat ematen, Martxoan. JEROME FAVRE / EFE
Ousmane Sonko hitzaldi bat ematen, martxoan. JEROME FAVRE / EFE/EPA
asier gonzalez de san pedro
2024ko uztailaren 14a
05:10
Entzun

Gaur egun, 61 herrialdetan zigortzen dituzte sexu berekoen harremanak, eta leku horietako zenbaitetan neurriak gogortzeko proposamenak egin dituzte azken urteetan. Senegal da horietako bat.

Maiatz bukaera aldera, imam bat eta LGTBI kolektiboaren eskubideen aurkako aktibista bat atxilotu zituzten, Ousmane Sonko lehen ministroaren inguruko «albiste faltsuak zabaltzeagatik». Bi gizonei hiru hilabeteko kartzela zigorra ezarri diete, eta 100.000 CFA frankoko (151 euro)  isuna ordaindu beharko dute. Izan ere, lehen ministroak mintzalekua utzi zion Jean-Luc Melenchon Frantziako politikari ezkertiarrari, hark hitzaldi bat eman zezan, eta Melenchonek sexu berekoen ezkontzen aldeko iritzia eman zuen. Hori ikusita, atxilotuek Sonko kritikatu zuten sare sozialetan, «homosexualitatea toleratzen» zuela esanez.

Haren aurkako kritikei erantzunez, Sonkok Mendebaldeko herrialdeetako ordezkariei eskatu zien ez zezatela esku hartu herrialdeko «gizarte politiketan», horrek «Mendebaldearen aurkako sentimendua» sortu zezakeelako, eta Mendebaldearen eta Afrikako herrialdeen arteko gatazka iturri bihurtu. Gobernuburuak berretsi zuen herrialdeko «arau soziokulturalen arabera» gobernatuko dutela, eta homosexualitatea ez dagoela onartua, baina «toleratzen» dela.

LGTBIfobiaren gorakada

2021ean 1.300 senegaldarrek eskatu zuen asiloa Frantzian, eta horietako gehienek beren sexu orientazioagatik jasan duten jazarpenagatik eskatu zuten babesa, Iheslariak eta Aberrigabeak Babesteko Frantziako Bulegoaren arabera.

Duela hamar urte inguru egin zuten Senegalen homosexualitateari buruzko azken ikerketa, eta, jasotako emaitzen arabera, herritarren %97k uste dute gizarteak ez lituzkeela onartu behar sexu berekoen arteko harremanak. Konstituzioak berak jasotzen du «naturaren aurkakoak» direla sexu berekoen harremanak, eta urtebete eta bost urte arteko zigorrak aurreikusten ditu halako kasuetarako. Konbertsio terapiak egitea ere onartua dago; hau da, sexu orientazioa aldarazi eta heterosexualitatea inposatzeko sasi-metodoak erabiltzea.

Gobernuak ez du baztertzen, gainera, zigorrak are gehiago gogortzea. Maiatz amaieran, Amy Ndiaye Gniby diputatuak lege proposamen bat aurkeztu zuen horretarako.

Beste herrialdeak

ILGA lesbiana, gay, bisexual, trans eta intersexualen nazioarteko elkarteak LGTBI pertsona izategatik zigorra ezartzen duten herrialdeen munduko mapa bat du sarean, eta aldaketak eguneratzen ditu: zigorra duen ala ez, zenbateko kartzela zigorra jartzen duen, eta beste metodo batzuk erabiltzen diren zigortzeko, konbertsio terapiak edota behartutako lanak, besteak beste. 61 herrialdetan zigorra ezarri daiteke, eta Senegal da mapan azaltzen diren horietako bat.

Mapa horretako 30 herrialde Afrikan daude, eta hirutan heriotza zigorra ezarri dezakete oraindik ere: Mauritanian, Ugandan eta Nigerian. Munduko beste lau herrialdetan ere heriotza zigorra ezarri daiteke: Saudi Arabian, Brunein, Iranen eta Yemenen.

Mauritanian, desberdinak dira gizonezkoei eta emakumezkoei ezartzen zaizkien zigorrak. Gizonezkoak, xaria lege islamiarraren arabera, publikoki harrikatu ditzakete, nahiz eta de facto moratoria duten; emakumezkoei, berriz, hiru hilabete eta bi urte arteko kartzela zigorra ezarri diezaiekete.

Nigeriako eskualde batzuetan ere, xariaren arabera ezartzen dute heriotza zigorra, baina gobernuak debekatuta dauzka erlazio mota ia guztiak herrialde osoan.

Ugandan, homosexualitatearen aurkako legea onartu zen 2023an, eta hasieran kartzela zigorra soilik ezartzen du sexu berekoen harremanen kasuetan. Baina, zigorra behin baino gehiagotan jasoz gero edo sexu bidez gaixotasunen bat hartuz gero, heriotza zigorra ezarri dezakete.

Somalian, gehienez hiru urteko kartzela zigorra ezarri daiteke, baina 2012tik xaria legeak lehentasuna dauka, eta horrek esan nahi du auzitegi islamiarrek heriotza zigorra ezarri diezaieketela sexu berekoen harremanak izaten dituztenei. Dena den, ez dago oso argi ezartzen dituzten ala ez. Gambian, Sudanen, Sierra Leonan, Tanzanian eta Zambian hil arteko kartzela zigorra ezarri dezakete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.