Hungariako bozak. Erreferenduma

LGTBI kolektiboa baztertzen duen legearen galdeketan ez da quorumik izan

Boto baliodunak %44 izan dira, gutxieneko %50etik gertu. Hatter erakundeak eskerrak eman dizkie «boto baliogabea» eman dutenei

Besteak beste, Txekian egin zituzten protestak Hungariako LGTBI kolektiboaren alde. MARTIN DIVISEK / EFE.
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2022ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
LGTBI kolektiboa baztertzen duen legeari buruzko erreferenduma egin zuten herenegun Hungarian, eta galdeketa baliorik gabe geratu zen, ez baitzen quorumik izan; hau da, ez zen iritsi baliozko botoen %50eko gutxienekora —balekoak %44 izan ziren—. Horrek esan nahi du biztanle gehienek bat egin zutela oposizioak kontsultari boikot egiteko zabaldutako mezuarekin. Boto baliodunez gain, igorritako botoen %20 ez ziren zenbatu; izan ere, LGTBI eskubideen aldeko erakundeek eta oposizioak eskatu zieten herritarrei marka okerrak edo protesta mezuak egiteko boto paperetan. Hori bai, galdeketa baliorik gabe geratu den arren, legeak bere horretan jarraituko du, jada indarrean baitago, eta gobernuak ez baitu asmorik atzera egiteko.

Ikusi gehiago: Orbanek gehiengoa berretsi du, Ukrainak markaturiko boz batzuetan.

Hungariako Parlamentuak iazko ekainean onartu zuen legeaz iritzia emateko erreferenduma egin zuten herenegun. LGTBI kolektiboa baztertzen duen lege horrek debekatu egiten du eskoletan homosexualitatearekin eta sexu aldaketarekin lotutako edukiak lantzea. Horrez gain, telebistan ere ezin dira gai horiek jorratzen dituzten saioak eta iragarkiak eman egunez, ezta gaueko lehen orduetan ere. Hungariako Gobernuak aurkeztutako proposamenak aldeko 157 boto lortu zituen —199tik—, eta oposizioak ez zuen parte hartu bozketa horretan.

Herritarrek lau galderari erantzun behar zieten herenegungo erreferendumean. Besteak beste, ea babesten duten adingabeen hezkuntza publikoko erakunde batean orientazio sexualen aurkezpena egitea gurasoen ekarpenik gabe, ea babesten duten adingabeentzako sexu aldaketarekin lotutako tratamenduen sustapena mugarik gabekoa izatea, edota ea sexuari buruzko edukiak sartu behar diren adin txikietan euren garapenean eragina duenean. Bozkatu zutenen artean, %90 ezezkoaren alde agertu ziren —gobernuak ezezkoaren alde egin zuen kanpainan—.

Hatter Hungariako LGTBI eskubideen defentsarako erakundeak lortutakoari balioa eman zion atzo: «Propaganda baztertzailearen erreferenduma baliogabea izan da. Bide luzea eta zaila dugu aurrean, baina elkarrekin lortuko dugu. Eskerrak eman nahi dizkiegu boto baliogabea eman duten herritar guztiei».

Europako Batzordea hasieratik agertu da kritiko lege horrekin eta galdeketarekin. Bruselaren arabera, Budapestek erreferendumerako idatzitako galderak «anbiguoak» eta «engainagarriak» izan dira. Hungariako Parlamentuak legea onartu zuenean ere, EB Europako Batasunak erantzun irmoa eman zion Hungariako Gobernuari; izan ere, EBk arau hausteen prozedura bat hasi zuen Budapesten kontra, neurriak batasunaren «oinarrizko printzipioak urratzen» zituelako, eta legea «diskriminatzailetzat eta homofobotzat» jotzen duelako.

Aurrekariak

Ez da lehen aldia Hungariako Gobernuak era horretako legeak onartzen dituela. Esaterako, 2020an, jaiotzatiko sexua aldatzeko aukera debekatzeaz gain, sexu bereko bikoteei haurrak adoptatzea eragotzi zien legez. Horren aurretik, 2011n, Viktor Orbanen agintaldia hasi eta urtebetera, parlamentuak sexu bereko bikoteen ezkontzak debekatu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.