Letoniako Gobernuak dimisioa eman du, finantza krisiaren ondorioz

Europako Batzordeak onartu du EBn azkenengo sartu diren herrialdeen ekonomia oraindik oso ahula dela

2009ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Finantza krisia dela eta, Letoniak arazo ekonomiko larriak ditu eta, ondorioz, Gobernuak dimisioa eman zuen atzo. Izan ere, krisi ekonomikoak eragin handia izan du Letonian, besteak beste, ekoizpenak %10 baino gehiago egin zuen behera iaz. Ondorioz, egoerari irtenbidea emateko, Gobernua estu hartu zuten koalizioa osatzen zuten alderdiek. Herritarren Alderdiak, eta Berde eta Nekazarien Batasunak, koalizio gobernuko kideak biak, Ivars Godmanis lehen ministroak dimisioa ematea nahi zuten: horrek kargua uzten ez bazuen, koaliziotik joatearekin mehatxu egin zuten. Bi alderdi horiez gain, Lehen Alderdia-Bide Letoiak, eta Aberria eta Askatasunak osatzen zuten Gobernua. Godmanis, berriz, 2007ko abendutik zegoen boterean.

«Letoniako Gobernuak ezin dukoalizioko alderdien babesik gabe lanean jarraitu, beraz, lehen ministroaren eta haren gobernuaren erabakia onartzen dut», adierazi zuen Valdis Zatlers-ek, Letoniako presidenteak. Datorren astelehenean alderdietako buruzagiekin elkartuko da, lehen ministro berria aukeratzeko asmoz. «Ziur nago lehen ministro egokia aukeratuko dugula», esan du.

Letoniako Gobernuak bazuen krisiari eta ezegonkortasun ekonomikoari aurre egiteko egitasmorik. Horrekin gastu publikoa %15 murriztea, soldatak bere horretan atxikitzea eta zergak igotzea espero zuen. Proiektu horrek kritika gogorrak jaso zituen oposizioaren eta sindikatuen aldetik. Gobernuak dimisioa eman aurretik, Godmanisen gobernuaren aurkako konfiantza mozioa aurkeztea aztertzen ari zen Letoniako Legebiltzarra. Izan ere, inkesten arabera, herritarren %70 Gobernuko kabinetearen kudeaketa planaren aurka zeuden.

Ezadostasun hori adierazteko, urtarrilaren 13an 20.000 pertsona inguru Rigako kaleetara atera ziren. Legebiltzarra berehala desegiteko eskatu zuten. Milaka manifestarik Parlamentuari eraso egin zioten eta 106 lagun atxilotu zituzten.

Diru laguntzak

Letonia da Europako Batasuneko herrialdeetatik atzeraldi handiena izan duena: iazko azken hiruhilekoan herrialdeko BPG Barne Produktu Gordinak %10,5eko beherakada izan zuen, 2007ko datuekin alderatuta. Herrialdeko hainbat enpresak jaitsiera horri ezin izan diote aurre egin. Kanpo zorra, defizitaren igoera, zor publikoa eta inflazio altua izan dira herrialdean ezegonkortasuna nagusitzeko eta nazioa krisi sakonean kokatzeko arrazoiak.

Egoera hori dela eta, Europako Batzordeari eta Nazioarteko Diru Funtsari laguntza eskatu die Letoniak: 2011. urtea bitarte 7.500 milioi euro emateko konpromisoa hartu dute horiek.

Bestalde, Europako Batzordearen arabera ekialdeko herrialdeek Europako Batasunean izan duten integrazio azkarrak horien hazkundea bultzatu du. Kasu batzuetan, ordea, kide berrien ekonomia ahula dela eta, egoerak okerrera egin du finantza krisiaren ondorioz.

Oro har, atzerriko enpresek Europako Batasuneko kide berrietan egindako inbertsioak biderkatu egin dira, baina horrek aldi berean kredituen eskaerak handitzea ere eragin du. Kasu askotan kredituak atzerriko diruarekin kontratatu dituzte, beraz, bertako dirua balioa galtzen hasi denean kalteak izan dituzte hasiera batean irabaziak lortu zituzten herrialde horiek.

Horiek hala, EBk %3ko defizita gainditzen duten herrialdeei espedientea ireki die, tartean Letoniari. Europako Batzordearen aurreikuspenen arabera, aurten %3,9ko defizit publikoa izango du, eta 2010. urtean ere berdintsu jarraituko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.