Lesbosera iristen diren migratzaileen egoera «etengabe okertzen» ari da

Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak Greziari eta Europako Batzordeari exijitu die iker ditzatela errefuxiatuen eskubideen urraketak

Mikel O. Iribar.
2023ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Indarkeria, atxiloketa arbitrarioak, elikagaien eta aterpeen pribatizazioa eta beste eskubide urraketa gehiago jasaten ari dira Greziako Lesbos uhartera iritsitako migratzaileak. Hala salatu zuen atzo MSF Mugarik Gabeko Medikuak GKE gobernuz kanpoko erakundeak. MSFren esanetan, iheslarien egoera «okertzen ari da etengabe», eta, bide horretan, Greziako agintariei eta Europako Batzordeari exijitu die iker ditzatela uhartean jazotako giza eskubideen urraketak.

MSF da gaur egun Lesbosera iritsitako migratzaileei laguntza ematen dieten GKE bakarrenetako bat. Erakunde horren esanetan, larriki murriztu da heldu berri direnei ematen zaien giza laguntza, indarkeria areagotzearen ondorioz. GKEko langileak duela ia urtebete larrialdiko arta ematen hasi zirenetik, 940 pertsona inguru ez dituzte aurkitu ustez aurretik zeuden lekuetan.

Migratzaileak Lesbosera iristen direnean eta premiazko mediku arta jaso behar dutenean jotzen dute UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak eta beste erakunde batzuek MSFrengana. «Orduak ematen ditugu haien bila, batzuetan egunak, sarritan basoan ezkutatzen baitira», azaldu zuen Nihar Osman koordinatzaileak.

MSFk berak eta The New York Times egunkariak kaleratutako informazioaren arabera, mediku plantak egiten dituztenekin egiten dute topo migratzaile askok. «Hori baieztatzen bada, giza laguntzaren manipulazio onartezina eta larria da», salatu zuen Osmanek. Horrez gain, hainbat iheslarik MSFri azaldu diotenez, Greziara heltzeko ahaleginean dabiltzan migratzaileak modu «oldarkorrean» atzematen dituzte, eta itsasora «indarrez» itzuli.

Hiru migratzaile hilik

Hainbat migratzaile zeramatzan ontzi bat hondoratu zen atzo goizean Greziako Mikonos uhartetik gertu. Kostazainen arabera, gutxienez hiru errefuxiatu hil ziren. Bi pertsona erreskatatu zituzten, eta, haien esanetan, hamazazpi lagun zeuden hondoratutako txalupa horretan, Ta Nea egunkariak jasotakoaren arabera; Greziako Kostazainen bozeramaile Nikos Kokkalasen hitzetan, berriz, zortzi errefuxiatu zeramatzan. Erreskate taldea desagertutakoen bila ari da.

Eta Alarm Phone eta Emergency GKEek atzo jakinarazi zutenez, bostehun bat asilo eskatzaile zeramatzan itsasontzi bat desagertu zen Mediterraneo erdialdean. Alarm Phonek zehaztu zuen atzo goizean galdu zuela ontziaren seinalea. Azken informazioaren arabera, ontziak matxura bat zuen motorrean, eta noraezean zebilen itsas zabalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.