Erresuma Batuko hauteskundeak (II). Ipar Irlandako Parlamentua

Lerroak estutzera deitu dute

Sinn Fein bere hautesleria mugitu beharrean da bihar, boto galera gelditu eta ezkerretik datorkion mehatxu berriari, PBPri, aurre egiteko. DUPek dei egin die unionistei «estrategiaz» bozkatzera

Lerroak estutzera deitu dute.
2016ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Ipar Irlandako sei konderrietako herritarrek joko dute hautetsontzietara bihar egingo diren bozetan. Bosgarren aldia izango dute, 1998ko Ostiral Santuko akordioen ondotik parlamentua osatu zutenetik. Hauteskunde kanpaina unionisten eta nazionalisten arteko ohiko norgehiagokan zentratu da. Ziurtzat jotzen da, gainera, beste behin ere DUP Alderdi Demokratiko Unionista eta Sinn Fein izango direla alde bakoitzeko hautesleen erreferentzia nagusiak, eta haiek zuzenduko dutela boterez banatutako gobernua. Horregatik, agian, ez da harritzekoa hautesleriaren artean gogaitasun sentsazioa zabaldu izana. Datu bat: parte hartzea inoiz baino txikiagoa izatea espero da, %53koa. Halere, badira dinamika aski interesgarriak, eta, horri esker, biharko hauteskundeak ohikoak izatetik urrun daude.

Sinn Feinek parlamenturako bozetan lortutako botoak ugarituz joan dira, 2003ko hauteskundeetan aurrerapauso arrakastatsua eman zutenetik, SDLP Alderdi Sozialdemokrata Laborista gainditu eta alderdi nazionalista nagusi bihurtu zenean. Ostegunerako hauteskundeetara begira, alderdiak ez du ezkutatu bere helburua: iparraldean boz gehien bilduriko alderdia izan nahi du. Hala, Sinn Feinek —kasu honetan, Martin McGuinnessek— hartuko luke lehen ministroaren kargua, eta egungo lehen ministro Arlene Foster (DUP) ordezko izango litzateke.

Arrakalak unionismoan

Nahiz eta erakundeen azpiegituretako botere banaketan estatus bera izan bi karguek, gisa horretako jokalekuek sinbologia semantiko ezberdina izango luke: errepublikanoentzat bedeinkapena litzateke; unionistentzat, guztiz kontrakoa. Aukera horri garrantzia kendu nahi izan dio Sinn Feinek azken astean, unionistak ez haserretzeko.

Mehatxuari aurre egin nahian, DUP alderdiko buru Fosterrek dei egin die alderdi unionista guztieiberen diferentziak baztertu eta era estrategikoan bozkatzeko, lehen ministro kargua laranjen esku gera dadin. Mike Nesbitt UUP Uslterko Alderdi Unionistaren buruak Fosterren jarrera salatu du: «Guri bozkatu edo zerbait txarra gertatuko da. Hori da bere estrategia», esan du bigarren alderdi unionista nagusiko liderrak. Halere, Fosterrek unionisten batasunerako egindako deiak zaila du argia ikustea. Kontutan hartu behar da Erresuma Batuan egingo den brexit-aren erreferendum kanpainan alde banatan arituko direla DUP eta UUP.

Sinn Fein alderdirik bozkatuena baldin bada bihar, ez da ziurrenik erakutsitako indarragatik izango; litekeena da emaitza hori unionismoaren barruko hausturen ondorio izatea. Gainera, aurreikuspenak ez dira baikorrak; alderdikideak arduratuta daude, bai bozen eta bai parlamentuko eserlekuen kopuruak jaitsi daitezkeelako. Aurrekariak ere ez dira baikorrak: Sinn Feinek eserlekuak galdu ditu Westminsterko bozetan (2015) zein udal bozetan (2014). Beherakada hori bi eragile nagusiren konbinazioa da: nazionalisten artean ilusioa galduz eta apatia hedatuz joan den bitartean, hautesleria unionistaren parte hartzea sendotu egin da, batik bat Belfast hiriko udaletxeko banderaren auziak eragindako protestek harrotutako hautsengatik —2013an onartutako legearen ondotik Erresuma Batuko bandera kendu zuten udaletxetik—.

Bestelako arrazoirik ere egon daiteke. Adibidez, Sinn Feinen eta, oro har, nazionalisten hautesleriak goia jo izana. Hipotesi horiek zuzenak izan edo ez, Sinn Feinek kanpoko beste mehatxu bati egin beharko dio aurre: PBP Pertsonak Irabazien Gainetik ezkerreko aliantzari.

Sinn Feinen beherakada?

Uharte osoan jarri zituen oinarriak 2005ean PBP alderdiak eta hiru eserleku eskuratu zituen Irlanda hegoaldean egindako azken bozetan. Badirudi bihar eserlekuen zerrenda hori hazi egingo dela. Inkesten arabera, Gerry Carroll PBPko zinegotzi gaztea hautagai guztien gainetik legoke Mendebaldeko Belfast konderrian. Iparraldean PBP alderdiak ez du nazionalisten eta unionisten arteko zatiketan bere burua inon lerrotu. Ipar Irlandako parlamentariek bere burua «unionistatzat» edo «nazionalistatzat» aurkeztu behar dute eserlekua hartzerako garaian. Osterantzean, «gainontzekotzat» jotzen dira. Carrollen esanetan, PBPk «inork hartu ez duen» bidetik jo du: «Irlanda sozialista bat, katolikoentzat, protestanteentzat, migratzaileentzat eta gainerakoentzat». Izen handiko beste kide bat ere badu alderdiak: Eamonn McCann. Derryko kazetaria, urte luzez izan da ekintzaile politikoa, eta orain, PBPko alderdikide gisa, Sinn Fein garaitzea izango du helburu bere sorterrian. «Sinn Feinek ezkerreko leloen aldeko aldarria egiten du hegoaldean; iparraldean, aldiz, tory-en politikak ditu».

Sinn Feinek, aldiz, salatu du PBPk agenda «zatitzailea» duela.Halere,bi alderdien arteko lehia onuragarria izan daiteke bientzat. Sinn Feinek bere jarraitzaileak mobilizatzeko aukera izango du—hamarkada bat baino gehiagoz, SDLP alderdiari egin behar izan dio aurre komunitate nazionalistetan—. Bestalde, lehia horri esker, PBPk langile klase loialisten eremuetan bere presentzia indartzeko aukera dauka.

Bi alderdien sorrera ehun urteko historiak banantzen du, eta zaila dirudi PBPk bereganatzea Sinn Feinek komunitate nazionalistetan duen hegemonia epe luzean zein motzean. Sinn Feinek beti zuzendu du estrategia epe luzera begira; biharko hauteskundeak beste pauso bat dira, Sinn Feinek aldarrikatzen duen Irlanda bateratuaren bidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.