Leonard Peltier preso indigena askatzeko eskatu diote Bideni

AEBetako mugimendu indigenaren buruzagiak 47 urte daramatza espetxean. FBIko bi agente hiltzeagatik zigortu zuten

INTERNATIONAL LEONARD PELTIER DEFENSE COMMITTEE / BERRIA.
urtzirrutikoetxea
Washington
2022ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Leonard Peltier AEB Amerikako Estatu Batuetako preso indigenaren kasua Washingtonera itzuli da egunotan, haren aldeko 1.700 kilometroko martxa egin duten ekintzaileei esker. Peltierrek ia 47 urte daramatza espetxean, FBIko bi agente hiltzeagatik zigortuta, hutsegite ugari izan zituen epaiketa batean. Behin eta berriz errugabea dela esan du berak, eta nazioarteko eta AEBetako hainbat ahots garrantzitsuk eskatu dute egun 78 urte dituen militantea askatzeko. Orain, Joe Bidenen esku dago erabakia.

Minneapolis hirian irailean gazte indigenek abiatutako martxa Washingtonera iritsi zen joan den astean, bi hilabete eta erdian 1.700 kilometro baino gehiago eginda. AEBetako hiriburuan protesta ekitaldiak izan dira Kongresuaren, Lincolnen Oroimenezkoaren eta Etxe Zuriaren aurrean, eta Peltierren aldeko elkarteko kideak ordezkari politikoekin batzartu dira asteon. Emozioz gainezka iritsi zen Washingtonera Rachel Thunder AIM AEBetako mugimendu indigenaren buruzagi gazte eta martxaren arduraduna: «Bi hil eta erdi hauetan momentu zirraragarriak bizi izan ditugu; oso berezia izan da. Jende asko ezagutu dugu, tribu askotako jendeek egin digute aterpe, eta hona iristean denak elkartzea oso ederra izan da. Gogorra izan da, baina gure herrian sufritzera ohituta gaude, eta konpromiso handia daukagu. Jendearen beroa, babesa, hainbeste jende elkartzea eta hona etortzea izan da garrantzitsuena».

1976tik dago preso Peltier, irregulartasunez beteriko epaiketa baten ostean bizi osorako bi espetxe zigor dituela. Kevin Sharp abokatuak argi dauka gaur egun gertatu balitz ez litzatekeela kasurik egongo. «Sinestezina da kasu hori oraindik existitzea; lekukoei mehatxu egin zieten, behartu egin zituzten, frogak ezkutatu. Baina mundua aldatu da, eta iruditzen zait entzuteko prest daudela orain. Hori bultzatu behar dugu».

AEBetako epaile ohia da Kevin Sharp, sekula aurretik gai indigenetan ibili gabea; duela urte gutxi heldu zion kasuari, distantzia pixka batetik helduko zion norbait izatea onerako izango zelakoan. Besteak beste, ordura artekoari eutsi baina begirada aldatzea komeni zela ikusi zuten. «Jendea entzuteko prest dago orain, urteetan indigenekin egindako eta hautsitako agiriez hausnartzeko, barnetegi-eskoletan gertatutakoaz, eta abar. Mezua ez da aldatu, baina testuingurua eta audientzia bai. Aldaketa ez da 1975eko tiroketaren 10 minutu horietan zer gertatu zen jakiteko, aurreko ehunka urteetan zer gertatu zen ulertzeko baizik; hori guztia aipatu behar da».

Joe Bidenek urrats esanguratsuak egin ditu iraganeko urraketa larri horiei aurrez aurre heltzeko eta AEBetako indigenekin harremanak konpontzeko. Besteak beste, urteetan Peltierren askatasuna eskatu izan duten kongresuko ordezkarietako bat bere gobernuan sartu du: Deb Haaland Barne idazkaria. Kargu hori daukan lehen indigena da.

Militante gazteak

Martxaren amaieran, Washingtongo monumentuaren aurrean elkartu ziren ehunka lagun, martxaren azken milia elkarrekin egiteko. Minnesotatik, eta Ipar eta Hego Dakotatik joandako militante indigenak ziren haietako batzuk, Washington inguruan bizi direnak beste batzuk —AEBetakoak ez ezik, Mexikoko, Ekuadorko eta Peruko jatorria duten indigenak—, baita ezkerreko eta erakunde zibiletako kideak ere. Urteak dira Amnesty Internationalek preso politikotzat jo zuela Peltier, AEBetan luzaroen espetxean dagoen preso politiko indigena, hain zuzen ere. Rachel Two Bulls unibertsitateko ikasle lakotak, esaterako,uste du zenbait neurri positibo hartu direla du azken urteotan —hizkuntzaren irakaskuntzan, kasurako—, baina salatu du indigenen erreserbetan oraindik pobrezia handia dagoela, eta aukera falta larria. Antzeratsu deritzo Sophie Watso Mdewákha?thu?wa? oyate edo tribuko dakota gazteak. «Egoera aldatu arren, arrazismo eta ezjakintasun handia dago oraindik». Arbasoei ahantzarazitako hizkuntza berreskuratzen ari da egun Watso, eta Minnesotatik Washingonerainoko bidea egin du Peltierren aldeko martxan parte hartzeko.

Anishinaabe hizkuntzako otoitz eta lakotazko kantuekin batera, hainbat hitzaldi izan ziren, besteak beste ekintzaile gazteekin eta dantzari eta musikariekin. Jimbo Simmons eta Jean Roach militante indigena historikoak mintzatu ziren, baita Kathy Peltier ere, Leonard Peltier presoaren alaba. Nick Estes idazle eta unibertsitate irakasle lakotak, berriz, Washingtongo topalekuaren garrantzia nabarmendu zuen: «Sarraskigile baten aurrean elkartu gara», salatu zuen —dakota etniako 38 gatibu urkatzea agindu zuen Lincolnek 1862an: AEBetan inoiz gertatu den exekuzio masibo handiena—, «eta, mende eta erdi geroago, berdin jarraitzen dugu, gure agureak espetxetik ateratzeko borrokan, Obama koldar hutsa izan zelako».

AEBetako presidente ohiak barka eskea mahai gainean izan zuen agintaldiaren amaieran, 2016an, baina ez zuen sinatu nahi izan. Barkamen eskaera horren sinatzaileen artean dago 70eko hamarkadan Peltier espetxeratzen lagundu zuen James Reynolds fiskala. Gaur egunetik begiratuta, Reynoldsek dio du sekula ez zuela espero izan oraindik giltzapean egongo zenik. Aitortzen du hutsune larriak izan zirela kasuan eta ez dagoela esaterik Peltierrek egozten zaizkion hilketak egin zituenik. Egunotan, Justizia Saileko eta Kongresuko korridoreetan ibili da Peltierren arteko gainerako ekintzaileekin batera, behingoan espetxetik irteteko balioko dutela espero duten bilerak egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.