Leonard Peltier ekintzaile indigenari zigorra arindu dio Bidenek

Peltier bizi guztiko espetxe zigorra betetzen ari zen; geratzen zaion denbora etxean igarotzeko baimena eman dio AEBetako presidente ohiak, kargua utzi aurretik. Ekintzaile indigenak 50 urte daramatza preso.

Leonard Peltier, artxiboko irudi batean. LEONARD PELTIERREN DEFENTSARAKO NAZIOARTEKO KOMITEA
Leonard Peltier, artxiboko irudi batean. LEONARD PELTIERREN DEFENTSARAKO NAZIOARTEKO KOMITEA
Mikel Garcia Martikorena.
2025eko urtarrilaren 21a
16:11
Entzun

Donald Trumpek atzo hartu zuen AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente kargua. Hori baino ordu batzuk lehenago, ordea, Joe Biden herrialdeko jarduneko presidenteak azken neurri batzuk hartzea erabaki zuen. Etxe Zuria utzi aurretik, Leonard Peltier ekintzaile indigenari zigorra arintzea erabaki zuen: Peltier bizi guztiko kartzela zigorra betetzen ari zen, baina, aurrerantzean, etxean bete ahalko du zigorra. Ekintzaile indigenak 80 urte ditu, eta 1975etik dago kartzelan, FBI Ikerketa Bulego Federaleko bi agente hiltzea leporatuta.

1970eko hamarkadan areagotu egin ziren AEBetako Gobernuaren eta Amerikako Indiarren Mugimenduaren arteko liskarrak, indigenek exijitzen baitzuten beren lurrak gobernatzeko eskubidea izatea. 1975eko ekainaren 26an, gatazka areagotu egin zen, eta FBIko bi agente hil zituzten. Lau gizoni egotzi zieten hilketa; Peltier zen horietako bat. Azken bost hamarkadetan, errugabea dela esan du Peltierrek; are, orduko AEBetako fiskal nagusi James H.Reinoldsek publikoki barkamena eskatu izan dio behin baino gehiagotan, esanez haren aurkako epaiketa ez zela «justua» izan.

Bidenek ohar baten bidez argudiatu duenez, Peltierri zigorra arintzea erabaki du ekintzaile indigena gaixorik dagoelako: «Nazio Indigenak, Bakearen Nobel saridunak, hainbat abokatu eta giza eskubideen aldeko erakundeak ados daude Peltierri zigorra arintzearekin. Argudiatzen dutenez, kontuan hartu behar da haren gaixotasuna, adina eta jada espetxean igaro duen denbora». Behin etxera iritsita, Peltierrek ohar bat kaleratu du: «Amaitu da azkenean. Munduari erakutsi nahi diot pertsona ona naizela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.