«Espetxean sartu ninduten, baina ez dute sekula lortu nire bizitzeko grina apaltzea». Horiek izan dira Leonard Peltier ekintzaile indigenak kartzelatik atera ondoren egin dituen aurreneko adierazpenak, sareetan zabaldutako komunikatu baten bidez. Peltierrek 80 urte ditu, eta 1975etik egon da espetxean; hau da, 50 urte pasatu ditu preso. AEBetako presidente ohi Joe Bidenek agintaldiko (2021-2025) azken egunean erabaki zuen ekintzaile indigenari zigorra arintzea; bizi guztiko kartzela zigorra betetzen ari zen, baina, gaurtik aurrera, etxean bete ahalko du. «Azkenean banoa etxera. Gogo handia daukat nire lagunak, senideak eta komunitateko kideak berriro ere ikusteko. Gaur egun handia da», gaineratu du oharrean.
FBI Ikerketa Bulego Federaleko bi agente hiltzea leporatuta sartu zuten kartzelan Peltier. 1970eko hamarkadan areagotu egin ziren AEBetako Gobernuaren eta Amerikako Indiarren Mugimenduaren arteko liskarrak, indigenek exijitzen baitzuten beren lurrak gobernatzeko eskubidea izatea. Tentsioz betetako egoera horretan piztutako liskar batean, 1975eko ekainaren 26an, FBIko bi agente hil zituzten tiroka; eta Peltierri egotzi zioten hilketa horietan parte hartzea.
Halere, bost hamarkada hauetan ekintzaile indigenak errepikatu du errugabea dela; are, orduko AEBetako fiskal nagusi James H. Reinoldsek barkamena eskatu izan dio, aitortuz haren aurkako epaiketa ez zela «justua» izan. Bestalde, ekintzaile indigena bat ere hil zen 1975eko tiroketa hartan.
Bidenen erabakia
Dena den, Bidenek ez zuen horregatik erabaki hari zigorra arintzea. Presidente ohiak horren berri eman zuen egunean kaleratutako ohar batean argudiatu zuenez, ekintzaile indigena gaixorik dagoelako hartu zuen erabakia. AEBetako hedabideen arabera, Peltierrek diabetesa eta hipertentsioa dauzka, eta COVID-19aren gaitzak are gehiago ahuldu du haren osasuna. Eta jakinarazi zuen erabakia hartu baino lehen elkarrizketak izan zituela Nazio Indigenetako zenbait ordezkariekin, Bakearen Nobel saridun batzuekin eta hainbat abokaturekin eta giza eskubideen aldeko erakunderekin.
Hori bai, AEBetako presidente ohiak hau gaineratu zuen oharrean: «Neurri honi esker, Peltierrek etxean igaro ahalko ditu geratzen zaizkion egunak, baina horrek ez du esan nahi hark egindako krimenak barkatuta daudenik». Horrekin lotuta, FBIko Agenteen Batzordeko buru Natalie Barak kargu hartu zion Bideni, egun horretan argitaratutako komunikatu baten bidez: «[Peltierrek] ez du inoiz egindako ekintzen inguruko damurik erakutsi; Bidenen erabakia koldarra da, eta traizio egiten die 1975ean hildako bi agenteen senideei».
Kontrara, Amerikako Indiarren Kongresu Nazionalak «historikotzat» jo zuen egun hura, iritzita Peltierren kasua ekintzaile indigenek AEBetan pairatzen dituzten «bidegabekeria sistematikoen» erakusgarri zela. Bide beretik, Peltier espetxetik atera izana txalotu du AI Amnesty Internationalen AEBetako zuzendari Paul O'Brienek: «Leonard Peltier aske uztea egin beharreko zerbait zen, aintzat hartuta haren aurkako epaiketaren fidagarritasunari buruzko zalantzak, kartzelan pasa dituen 50 urteak, eta haren osasun egoera eta adina».