Lemazain aldaketa, AEE biziberritzeko

Luis Almagrok Amerikako Estatuen Erakundeko gidaritza hartu du, eta azken urteetan ireki diren arrakalak ixtea izango du erronka.Kuba erakundera itzularazteko prozesua kudeatu beharko du

Adrian Garcia.
2015eko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Hamar urteren buruan utzi du Jose Miguel Insulza txiletarrak AEE Amerikako Estatuen Erakundeko idazkaritza nagusia, eta atzo lekukoa hartu zion Luis Almagro Uruguaiko Atzerri ministro ohiak. Hurrengo bost urteetan, zatitutako elkarte hori kudeatu eta biziberritu beharko du Almagrok. Izan ere, azken boladan Amerika astindu duten krisiek kontinenteko estatuen antolakundea zatitu eta ahuldu dute, kideek beraiek ezbaian jartzeraino. Horretaz gain, Kuba sartzeko prozesua gidatu beharko du, Insulzak ateak zabaldu ondoren.

Washingtongo AEEren egoitzan hartu du kargua Almagrok,protokolo ekitaldi batean. 34 kideak egon dira han; Amerika kontinenteko herrialde independente guztiak, Kuba salbu. Martxoan hautatu zuten Almagro idazkari nagusi, aldeko 33 boto eta abstentzio bat jasota. Beste hautagairik ez zen aurkeztu.

AEEk jokatu behar duen rolari buruzko zatiketa gainditu beharko du Almagrok. Izan ere, inguruko beste erakundeen sorrerak itzala egin dio AEEri; Unasur Hego Amerikako Nazioen Batasuna eta CELAC Latinoamerikako eta Karibeko Estatuen Erakundea aliantzen artean tokia egin beharko du Almagrok. «AEEk talde horiekin guztiekin lan egin beharko du. Ez dago lehiakortasunik horien artean; tresnak dira, ez dira helburuak. Gu gara kontinente osoa hartzen dugun bakarrak; hori da gure balio erantsia», azaldu du idazkari nagusiak. Elkartea modernizatzeko erronka hartu du Almagrok, eta hitzeman du «Gerra Hotzaren garaia»atzean utziko duela, eta XXI. mendekoa bihurtu. 1948an sortu zuten AEE.

Zatiketa gainditzeko, Venezuela eta Ekuador hurbilarazi beharko ditu, horiek Washingtonen tresnatzat hartzen baitute elkartea. CELAC onesten dute Latinoamerikako hainbat agintarik, AEBek eta Kanadak ez dutelako parte hartzen. «Herrialde hegemonikoen eraginpean dago AEE», adierazi zuen Rafael Correa Ekuadorko presidenteak orain dela gutxi. Venezuela Giza Eskubideen Amerikarteko Auzitegitik atera zen 2012an, eta Ekuadorrek askotan huts egiten du auzitegiko batzordearen saioetara.

Arrakala ugari ireki dira azkenaldian AEEn, hainbat krisik eraginda. 2009ko Hondurasko estatu kolpearena nabarmena izan zen. Manuel Zelaya Hondurasko presidentea atxilotu eta erbesterarazi zuten, eta, ondorioz, Honduras AEEtik kanporatu zuten. Baina Insulzak bitartekari lanak egin zituen krisian, eta 2011n berriro onartu zuten. Venezuelako krisi politikoan eta drogen aurkako politiketan ere eztabaida ugari izan dituzte.

Horrez gain, finantzaketa arazo kronikoa konpondu beharko du AEEko lemazainak. Kide batzuen kuotak ordaintzeko atzerapenen ondorioz, maileguak eskatu behar izan dituzte. «Soberakin bat sortu behar genuke funtsa berriro osatzeko, likidezia arazoei aurre egiteko», azaldu du Almagrok.

Kubaren itzulera

Kuba erakundera itzularaztea izango du beste helburua. Uruguaiko diplomazia buru gisa lortutako eskarmentua lagungarri izan dakioke horretan, Jose Mujica presidentearen gobernupean harreman ona izan baitzuen Raul Castroren gobernuarekin.

Insulza AEEko idazkari nagusi ohiak irekitako bideari jarraitu beharko dio Almagrok. Izan ere, Insulzaren legealdia mugarria izan da AEEren eta Kubaren arteko harremanetan. 2009an, Kuba kanporatzeko ebazpena bertan behera utzi zuen erakundeak—1962ko iraultzaren ondotik kanporatu zuten—. Insulza bera izan zen 50 urtean uhartea ofizialki bisitatu zuen erakundeko lehen idazkari nagusia, iaz. Aurten, Kubako Gobernuak lehen aldiz parte hartu du AEEko bilkura batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.