UNRWAren Espainiako adarreko zuzendari exekutiboa

Raquel Marti: «Lekuko deseroso bat delako akabatu nahi du Israelek UNRWA»

UNRWAren Espainiako adarreko zuzendari exekutiboak arbuiatu egin du Israel Rafahn egiten ari den operazioa. Haren ustez, «orain arteko sarraskirik handiena» gertatuko da lurreko inbasioa eten ezean.

Raquel Marti UNRWAren Espainiako adarreko zuzendari exekutiboa, asteazkenean, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Raquel Marti UNRWAren Espainiako adarreko zuzendari exekutiboa, asteazkenean, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Mikel Garcia Martikorena.
Bilbo
2024ko maiatzaren 12a
05:10
Entzun

«UNRWA ez da Rafahtik joango, argi izan dezatela». Raquel Marti UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoko Espainiako adarreko zuzendari exekutiboa (Madril, 1966) gogor mintzo da Gazako egungo errealitatearen inguruan. Rafah —zerrendaren hegoaldean— hartzeko Israelgo armadaren ahaleginak arbuiatu ditu, eta «sarraskia egin nahi izatea» leporatu die. Gainera, adierazi duenez, «lekuko deseroso bat» delako eta hura «desagerrarazi nahi» duelako egin ditu Tel Avivek NBE Nazio Batuen Erakundearen lan bulegoaren aurkako salaketak. Marti Bilbon izan da aste honetan, Sabino Arana fundazioak gonbidatuta. UNRWAk Jerusalem ekialdean duen egoitza behin-behinean ixtea erabaki aurretik egina da elkarrizketa.

Iragan otsail bukaeran, Israelek salatu zuen UNRWAko zenbait langile Hamaseko kide zirela edo haiekin elkarlanean arituak zirela. Nola erantzun zenioten horri UNRWA barruan?

Azpimarratzekoa da Nazioarteko Justizia Auzitegiak Hegoafrikaren salaketa [Israeli genozidioa leporatzen zion] onartuko zuen edo ez adierazi behar zuen astean, hain justu, Israelgo Gobernuak gure ordezkari nagusiari deitu eta esan ziola gure langileetako hamabik urriaren 7ko erasoan parte hartu zutela. Horrek, jakina, ikara piztu zuen UNRWAn. Salatutako horiek gure langileak ote ziren egiaztatu genuen lehenengo, eta, behin egiaztatuta, kontratua eten genien. Izen-abizen horiek dira Israelek gaur-gaurkoz salaketaren inguruan eman duen informazio bakarra. Gainera, bi ikerketa independente eskatu genituen.

Oraindik ez da jakinarazi froga nahikorik ote dagoen langile horien aurkako prozesu judizialari ekiteko, baina aurreratu dezaket jada adierazi digutela horietako lauri kontratua berriz ezartzeko. Beste zortzien egoera ikertzen ari dira oraindik ere. Bestalde, Catherine Colonnaren ikerketa dago, UNRWA neutrala den edo ez jakiteko. Barregarria da Nazio Batuen erakunde baten neutraltasuna zalantzan jartzea, horixe baita gure oinarrietako bat. Are gehiago, beste edozein agentzia baino protokolo gehiago ditugu hori ziurtatzeko.

Zer nahi zuen Israelek?

Arreta desbideratzea. Eta lortu zuen. Nazioarteko Justizia Auzitegiaren erabakiaren berri zabaldu eta bi ordura, UNRWAko langileak ziren hizpide. Harrigarriena da emaileek, inolako ebidentziarik edo dokumenturik gabe, finantzaketa etetea erabaki zutela; hitzezko salaketa batean oinarrituta, gainera.

Baina zergatik egin du Israelek UNRWAren aurka?

Lekuko deseroso bat delako akabatu nahi du Israelek UNRWA. Hori ez da nik esana: [Israelgo lehen ministro Benjamin] Netanyahuk berak adierazi du Gazako gerra irabazteko UNRWA amaitu behar dutela. Han bertan gaude, eta Gazan gertatzen ari den horren inguruko informazio asko ematen ari gara. Are gehiago, Nazioarteko Justizia Auzitegiak UNRWAren txostenetan oinarrituta onetsi zuen Hegoafrikaren salaketa.

Bestalde, palestinar errefuxiatuen eskubideak ordezkatzen dituelako ere amaiarazi nahi du UNRWA Israelek. Eskubide horien artean dago itzultzeko eskubidea, Nazio Batuen ebazpenetan jasotzen dena. Israelek ez du onartzen palestinarrek itzultzeko eskubidea izatea. Israelen ustez, UNRWA txikituta palestinarren eskubide hori ere txikituko du. Horri esker, Israelek haren helburua lor dezake: juduen estatu nazionala sortzea.

Finantzaketa eten izanak eragiten dizue oraindik?

Oraindik eragiten digu: izan ere, nahiz eta finantzaketa eten zuten hamasei herrialdeetatik hamahiruk berrezarri egin duten, oraindik etenda daukaten hiru horietako bat [Ameriketako] Estatu Batuak dira. Haiek egiten zuten dohaintzarik handiena: gure aurrekontuaren herena, hain zuzen. Heren hori gabe oso zaila zaigu lan egitea.

«[UNRWA txikituta] Israelek bere helburua lor dezake: juduen estatu nazionala sortzea»

Arazoa, baina, zabalagoa da, [Ameriketako] Estatu Batuek lege bat onartu berri baitute 2025 martxora arte UNRWA finantzatzea galarazten duena. Hortaz, 400.000 milioi dolar horiek gabe aritu beharko dugu urtebetez. Behar-beharrezkoak ditugu, ez baikaude Gazan bakarrik . Sirian, Libanon, Jordanian eta Zisjordanian —Jerusalem ekialdea barne— ere bagaude. Herrialde gehiagok parte hartu beharko dute aurrekontuetan, eta jada horretan ari direnek, berriz, dohaintza handitu. Bestela, ezingo dugu jarraitu.

Rafah zen Israelek palestinarrei bizirik irauteko uzten zien azken lekua —hainbat erakundek bonbardaketak salatu zituzten arren—; baina, aste honetan, ekialdeko eremutik joateko agindu, eta pasabidea hartu dute militarrek. Zer aukera geratzen zaie gazatarrei?

Bat ere ez. Gazatarrei ez zaie aukerarik geratzen. Israelek Rafahtik alde egitera behartzen ditu, aurretik bertara lekualdatzera behartu zituen arren. Rafahn dauden palestinar gehienak hainbatetan lekualdatu dituzte. Izan ere, urriaren 7a baino lehen 300.000 biztanle inguru zituen Rafahk, eta orain —lekualdatzeko agindua heldu baino lehen, gutxienez—, milioi eta erdi dira. Gaza iparraldetik ihesi joandako jendea bildu da han, Israelek esaten baitzien Rafah segurua izango zela.

Azken zazpi hilabeteetan, halako tokitara joateko esan dieten bakoitzean, gune hori bera bonbardatu egin dute gero. Are gehiago, joan-etorrian zeudela ere eraso egin diete. Israelek ez du toki bakar bat ere errespetatzen Gazako zerrendaren barruan, eta, beraz, ez dago leku segururik.

(ID_13861620) MIDEAST ISRAEL PALESTINIANS GAZA CONFLICT
Rafah ekialdean zeuden palestinar batzuk handik ihesean, ostegunean. MOHAMMED SABER / EPA / EFE
Hainbatetan esan duzue orain arte ez zela ikusia Gazako gatazkaren parekorik. Zergatik? Zerk ezberdintzen du gatazka hori munduko beste batzuetatik?

Lehen-lehenik, argi utzi behar da hau ofentsiba militar bat dela, ez gerra bat. Gazan hil dituzten haurrak 2018tik munduan dauden 22 gatazketan hil dituztenak baino gehiago dira: 14.500 ume hil dituzte. Datu hori, halere, gutxi gorabeherakoa da, 10.000 lagun desagertuta baitaude. 2018. urtetik ez ziren gertatuak Gazan azken zazpi hilabeteetan bezainbat eraso osasun azpiegituren aurka. Beste ezein gatazkatan ez dira hainbeste eraikin eta azpiegitura txikitu. Datu horiek guztiak leku bakoitzaren tamainaren araberakoak dira, noski; Gaza oso txikia baita. Gainera, Nazio Batuen Erakundearen historian ez dituzte inoiz hainbeste langile humanitario hil. Berrehundik gora dira; horietatik 188 UNRWAkoak, hau da, Nazio Batuen Erakundeko funtzionarioak.

Vietnamgo gerran ere ez zituzten hainbeste kazetari erail, eta hogei urte iraun zuen. Eta, horrela, beste hamaika gauza aipatu ditzaket. Hortaz, gatazka inoiz ez bezalakoa da hainbat alderdiri erreparatuta; batez ere kontuan hartuta dena oso denbora gutxian gertatzen ari dela. Piztuta urteak daramatzaten gerretan, adibidez Siriakoan, askoz jende gehiago hil da. Baina duela hamabi urte hasi zen, eta Gazakoa, berriz, duela zazpi hilabete.

«Pertsonak fisikoki salbatzea besterik ez zaigu geratzen. Mentalki, denak suntsituta daude»

Horiek hala, badago aukerarik Gaza osorik txikitu gabe edota exodo masiborik gabe gatazka amaitzeko?

Gaza txikituta dago jada. Iparraldean, azpiegituren %80 suntsituta daude, etxeak barne. Munduko Bankuaren neurketen arabera, hamalau urte beharko dira hondakinak kentzeko, eta, Gaza berreraikitzeko beharrezkoak diren materialak zerrendan sartzerako, 2040a izango da; eta gero, eraikitzen hasi behar. Beraz, 2050 edo 2060 inguruan egongo litzateke iparraldea berreraikita. Emaileek dirua emanez gero, betiere.

Soilik zerbitzuen azpiegiturak berreraikitzeko  —eskolak eta ospitaleak, esaterako— 40.000 eta 50.000 milioi dolar artean behar dira. Gazan ezin da bizi. [19]48ko irudietara itzuliko gara, non palestinarrak kanpadendetan bizi ziren. UNRWAn uste dugu gatazka amaitu eta biharamunean eskolak dendetan eman beharko ditugula.

Orduan, zer aukera geratzen da?

Gazan geratzen diren pertsonak fisikoki salbatzea besterik ez. Mentalki, denak suntsituta daude. Gazan jada ez da trauma osteko estresaz hitz egiten, baizik eta estres traumatiko kronifikatuaz. Izan ere, zazpi hilabete daramatzate inpaktu bera jasotzen egunero. Fisikoki salba ditzakegu soilik; hau da, gehiago hiltzea galarazi. Hori nola lortzen da? Su eten baten bidez. Eta su etena nola lortzen da? Ekinez.

Herrialdeak mintzatu baino ez dira egin orain arte. Baina ez dago ekintzarik. Eta ekintzarik ez badago, hitzek ez dute ezertarako balio. Gazan gertatzen ari dena benetan eten nahi badute, herrialdeek badituzte horretarako tresnak.

Zer egin beharko luke Mendebaldeak?

Hasteko, Israeli armak bidaltzeari utzi.

Palestina estatu moduan aitortzeak lagundu dezake?

Errekonozimendu hutsak ez du ezertarako balio, sinbolikoa da. Okupazioa ez bada amaitzen, ez du inporta herrialde moduan aitortzeak.

Etorkizun hurbilari erreparatuta, zer hipotesik du, zure ustez, gauzatzeko aukera gehien?

Rafahko lurreko inbasioa oraintxe bertan gelditzen ez bada, orain arte egon den sarraskirik handiena ikusiko dugu, 1,5 milioi lagun inguru baitaude han. Izan ere, [Tel Avivek] ez dizkie 24 ordu ere eman alde egiteko. Lekualdatzeko agindua goizean eman zuen, eta, arratsaldean, Rafah ekialdea bonbardatzen ari zen.

Zerrenda iparraldean gertatu zen hori bera gertatuko da. Ura moztu, laguntza humanitarioa sartzea galarazi, masiboki bonbardatu eta lekualdatzeko aginduak eman zituen Israelek. Are gehiago, Nazio Batuen UNRWAren bulegoari eraso zion, eta, biharamunean, hara deitu eta esan zuten ezin zutela bermatu gure segurtasuna.

«Izan zitezkeen agertokietatik txarrenetako batean gaude gaur egun»

Palestinarrak berriz lekualdatuko dira, baina, oraingo honetan, ezer ez dagoen leku batera mugiaraziko dituzte. Arazoa, gainera, ez da soilik Rafah bonbardatzen ari direla: Gaza osoa bonbardatzen jarraitzen dute. Hildako eta zauritu gehiago izango dira. Izan zitezkeen agertokietatik txarrenetako batean gaude gaur egun.

Palestinarrak Gazatik kanpo egongo balira exodo masibo baten ondorioz, zein izango litzateke zuen erantzuna?

Galdera horri Nazio Batuen Batzar Nagusiak erantzun beharko lioke. Guk ez dugu eskumenik Egipton lan egiteko. Hori gertatuko balitz, teorian, UNHCR-k [Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak] arduratu beharko luke iheslariez, betiere batzarrak,  egoera kontuan izanda, Egipto ere gure eskumenen artean sartuko ez balu.

Hala ere, aukera hori baztertzen dut, Egiptok marra gorritzat jo baitu iheslariak bere herrialdean izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.