Kataluniarrek bi arazo nagusi dituzte herrialdean: klima aldaketa eta, ezinbestean, horrek eragindako lehortea. Hori jaso du Generalitatearen CEO Iritzia Ikertzeko Zentroaren urteko lehen barometroak. Martxoan kaleratu zuen, eta, ordurako, datuak erregistratuta daudenetik Katalunian izandako lehorterik handiena nozitzen ari ziren, hain zuzen, barne arroko —Ter-Llobregat sistemako— bederatzi urtegietako ura erabiltzen duten sei milioi lagun inguru, Bartzelona (163), Girona (63), Lleida (11) eta Tarragona (2) probintzietako 239 udalerritan. Generalitateak idorteagatik ezarritako larrialdi egoeraren lehen fasean sartu ziren otsailaren 1ean, eta ur kontsumoa murriztera bultzatu zituzten zenbait neurriren bidez. Generalitateak atzo indargabetu zuen larrialdi egoera, argudiatuta urtegiak orain dela aste batzuk baino beteago daudela, eta atzera salbuespen egoera ezarri du, neurriak apur bat arinduz. Turismoaren eta kirol instalazioen sektoreei, esaterako, zuzenean eragiten diete neurriek. Indarrean sartu zirenean harrabotsa eragin zuten, baina agintariek atzo plazaratutako erabakia baino lehen berripaper honek elkarrizketatutako sektore horietako agenteek lasaitasun mezu bat plazaratu dute, jakin arren arazoa luzarorako izango dela.
Urtarril amaieran, urtegi horiek, batez beste, beren edukieraren %16tik behera zeuden beteta. Martxo amaieran %14n zeuden —Sau urtegia, Bartzelonako probintzian, bere edukieraren %1en zegoen martxoaren 1ean— , eta orain, aldiz, %24ren bueltan, azken asteetan euri dezente egin baitu Katalunian, eta Pirinioetako elurra urtzen hasi baita. Horiek horrela, Kataluniako Gobernuak bertan behera utzi du larrialdi egoera. Patricia Plaja bozeramaileak eta David Mascort Ekintza Klimatikoko kontseilariak agerraldi baten bidez eman zuten erabakiaren berri. Lehenaren esanetan, datuek «ahalbidetu» dute irizpide aldaketa, eta aurreikusten dute egoera horretan eutsi ahal izango diotela irail bukaerara edo urrira arte.
«Erabaki teknikoa» izan da, bozeramailearen hitzetan. Kontseilariari galdetu zioten ea erabakian ez ote duen zerikusirik eduki datorren igandean egitekoak diren Kataluniako Parlamenturako hauteskundeek —Generalitatea ERC Esquerra Republicanaren esku dago, eta alderdi hori PSCren eta JxC Junts Per Catalunyaren atzetik dago inkestetan—. «Galderak mindu egiten nau. Hori pentsatzen duenak ez nau ezagutzen. Lehorterako plan bat dugu, eta horrek esaten digu, une oro, zer egin behar dugun», erantzun zuen Mascortek. Apirilaren 3an Catalunya Radiori emandako elkarrizketa batean iradoki zuenez, urtegien edukiera %30 beteta egondakoan indargabetuko zuten larrialdi egoera. Aigua es Vida elkartearentzat, «oker» dabil Generalitatea, eta, ohar batean, «epe motzera begiratzea» egotzi dio.
Salbuespenen kasuistika zabala gorabehera, indarrean dauden neurrietako batzuk dira hauek: pertsona bakoitzak, eguneko, 230 litro erabil ditzake gehienez —200 ziren larrialdi egoeran—; ezin da ez kotxerik garbitu, ez lorategirik ureztatu; industria sektorean kontsumoa %15 murriztu behar da —%25 zen—, abeltzaintzan %30 —%50 zen—, eta nekazaritzan %40, larrialdiko lehen fasean %80 eskatzen zenean. Generalitateak udalen esku utzi du neurri gehigarriak ezartzea, baita betetzen ari ote diren ikuskatzea ere.
Bartzelonako Udalak, kasurako, kirol instalazio publikoei eskatu die, lehen fasean, dutxen %25 ixteko, eta talde federatuetako kideek, adibidez, debekatuta daukate aste barruan instalazio horietan dutxatzea. Gainera, Dutxa bat, hiru minutu kanpaina sustatu du. Neurriak erabakitzerakoan esku hartzeko gaitasun handiagoa izatea eskertuko luke Josep Viladotek, Kirol Instalazio Publikoak Kudeatzeko Entitateen Kataluniako Elkarteko, Gestionako, presidenteak. «Hasieran sumindu egin ginen, iruditzen zitzaigulako neurriak ez zirela eraginkorrak izango», esan du, telefonoz. «Jendea ez bazen klubean dutxatzen, etxean dutxatuko zen. Eta oso argi dugu ur kontsumoa askoz ere handiagoa dela etxean dutxatzen zarenean». Datu ofizialen arabera, Bartzelonako metropolialdean pertsona bakoitzak, eguneko, 100 litro ur kontsumitzen ditu, batez beste.
%24Batez beste zenbateraino beteta dauden orain Kataluniako barne arroko urtegiak. Ter eta Llobregat ibaien bueltako bederatzi urtegiak beren edukieraren %16tik behera zeuden beteta, batez beste, urtarril amaieran; eta %14, bi hilabete geroago.
Gestionak bere kabuz hartu ditu neurri batzuk. Esate baterako, dutxetan dosifikagailuak jarri dituzte. Osteguna da, bazkalostea, eta Bartzelonako Espanya Industrial kiroldegitik atera da Maria Jose De Miguel, 52 urtekoa. «Dosifikagailuak daudela? Bizkarra horien kontra jartzen baduzu, emaria ez da gelditzen», erantzun du, umorez. Aitortu du hiru minutuz baino gehiagoz egoten dela txorrotaren azpian.
Dutxen auzia
Viladotek kontatu du dutxetako uraren presioa jaitsi dutela, Bartzelona hirian kudeatzen dituzten 44 instalazioetako iturriak itxi dituztela, eta beste neurriren bat ere aplikatu dutela, «inbertsio handi bat egiteko beharrik gabe». Eta haren esanetan, iaz data hauetan kontsumitzen zuten ur kopuruarekin alderatuta, aurten %30ko aurrezte batean daude.
Larrialdi egoera bigarren fasean sartuz gero, horrek gehiago eragingo liekeelakoan dago. Generalitateak otsailean kaleratutako dekretuak dio horretarako urtegietako ur erreserbek %11tik behera egon behar dutela —hirugarren fasean, aurreikusitako larrienean, %5,5etik behera— ; kasu horretan, kirol instalazioetako igerilekuetako dutxak itxi beharko lituzkete. «Hori diskriminatzailea da. Eta, hartu ditugun neurriekin, ez litzateke horren beharrik egongo», Viladoten ustez. Zeren iruditzen zaio kalte egin diezaiekeela igerilekuak dituzten instalazioei. Horren harira, Gestionak kalkulu bat egin du. «Ez dute bazkide askok eman baja, baina, aldiz, klub bat bilatzen ari den hori hasi da apuntatzen igerilekurik ez duten klubetan, horietan dutxak ixteko arriskua dagoelako. Bazkideen %10 inguru galdu ditugu, izen emate berriak galgatu direlako».
«Lan mahai bat jarri dugu martxan, ikusteko ea zer diru laguntza jaso ditzakegun, zer inbertsio egin behar ditugun galtzen den ura berrerabili ahal izateko».
JOSEP VILADOTGestionako presidentea
Nabarmendu du beren bazkideak ez direla kexatu murrizketengatik. Vilma Concha Carrasco (49 urte) Espanya Industrialeko igerilekura joaten da astean bizpahirutan, eta azaldu du noiz edo noiz ilara txikiren batekin topo egin izan duela dutxara zihoanean, baina hori «arazo bat» ez dela. «Igerilekuko dutxak itxita ere hona etorriko nintzateke, eta etxean dutxatu». Horrekin lotuta, beste kalkulu bat egina dute Gestionakoek. Dosifikagailuekin, uraren emaria murriztu dute: lehen, minutuero 13-14 minutukoa bazen, orain 9koa da. «Orduan, dutxa hiru minutukoa baldin bada, kontsumoa, pertsonako, 27 litrokoa izango da. Etxeetan 14-15 litrokoa da emaria minutuero, eta dutxa hiru minutukoa baino luzeagoa bada, lasai zaudelako da, ilararik ez dagoelako. Horrek kontsumoa handitzen du».
Mehdi Mohammad (47) pisuak altxatzetik dator. Espanya Industrialeko igerilekuko erabiltzailea ere bada, eta argitu du hara joaten denean ere aldageletako dutxetan dutxatzen dela, ez igerilekuak dituenetan. Eta Generalitateak larrialdi egoerako bigarren faseko neurriak ezarriko balitu, gauza bera egiten segitu ahal izango luke, dekretuak baitio igerilekuetako dutxak itxi beharko liratekeela; ez dio ezer aldageletakoez. Beraz, «interpretazioaz» mintzo da Gestionako presidentea.
Igerilekuak
Lehorteari aurre egiteko, Generalitateak mahai gainean eduki duen aukeretako bat izan da Valentziatik ontzietan ura eramatea. Oraingoz, baztertu egin du, ordea, eta apiril erdialdean iragarri zuen ura gatzgabetzeko hamabi instalazio jarriko dituztela Costa Bravan —zortzi ekainean dira martxan jartzekoak, eta beste laurak urrian—, eta beste bat, ur gainekoa, Bartzelonako portuan; hura ere, urrian. 110 milioi euro inguruko inbertsioa egin dute horretarako. «Modu horretan ziurtatzen dugu mundu guztiak ura edukitzea», azpimarratu zuen Mascortek.
Larrialdi egoeran zeuden udalei, gainera, turismoari eragin diezaioketen beste neurri batzuk hartzeko eskatu zien Kataluniako Gobernuak —salbuespen egoeran egonda bere horretan mantentzen dira—. Apirilaren 17ko dekretuaren arabera, larrialdian dauden udalerriek hiru hilabetez jarraian ezarritako mugak gainditzen badituzte —200 litro gehienez, eguneko, pertsona bakoitzak—, udalerri horietan dauden ostatu turistikoetan behartuta egongo dira kataluniarrek batez beste eguneko kontsumitzen dutena kontsumitzera, gehienez: 100 litro.
«Marokon, Kanarietan bezala, ohituago daude, eta baliabide gehiago dituzte lehorte kronikoei aurre egiteko».
ROBERTO TORREGROSATurismoaren Profesionalen Elkarte Kataluniarreko presidentea
Dena dela, Roberto Torregrosa ez dago kezkatuta. «Gure beldurra da gure lehiakideek aukera izatea albiste negatiboak modu txarrean erabiltzeko. Hau da, Alemaniako bidaia antolatzaile bati interesatzea turista alemaniarren fluxua Maroko iparraldera, Turkiara, Greziara edo Ziprera bideratzea», esplikatu du, telefonoz, ACTP Turismoaren Profesionalen Elkarte Kataluniarreko presidenteak. Zehaztu du, hori bai, Mediterraneoko kostaldeko gune turistikoetan denek dutela arazo bera. «Halere, Marokon, Kanarietan bezala, ohituago daude, eta baliabide gehiago dituzte lehorte kronikoei aurre egiteko».
Igerilekuei ere zuzenean eragiten die azken neurri sortak. Apirilaren 17ko dekretuak esaten zuenez, udalek aterpe klimatiko kontsideratutako igerilekuak soilik bete ahal izango ziren sareko urarekin —aterpe klimatikoak dira, hain zuzen, herritarrak muturreko tenperaturetatik babesteko eremu termikoak—. Baina, irizpide aldaketarekin, igerileku publikoak bete ahal izango dira sareko urarekin, baita «partzialki» beteta dauden pribatuak ere.
Horren guztiaren harira, Torregrosak datu bat eman du, eta azaldu, bide batez, lehortearen kontrako neurriek ez dizkietela turistak uxatu: «Guk [Guitarte] lan egiten dugu Erresuma Batuko bidaia antolatzaile batzuekin, eta haiekin iaz data hauetan baino %30 erreserba gehiago ditugu aurten». Beraz, ondorio batera heldu da: «Epe motzera, oraingoz, ez dago motiborik pentsatzeko denboraldia ez dela bikaina izango».
Baina epe ertain eta luzera ere begira daude kirol instalazioen sektorean eta turismoaren esparruan ere. Badakite egokitzapen gehiago egin beharko dituztela lehortea dela eta. «Lan mahai bat jarri dugu martxan, ikusteko ea zer diru laguntza jaso ditzakegun, zer inbertsio egin behar ditugun galtzen den ura berrerabili ahal izateko», esan du Viladotek. Generalitateak Turismorako Zuzendaritza Nagusiaren bidez laguntza bat eman dio sektore turistikoari inbertsioen bidez laguntzeko, «26 milioi euro», eta hori eskertu du Torregrosak. «Auzi hau ez da berria, eta, denon hobe beharrez, arazo honi konponbidea jartzeko ahaleginean ari gara».
Jordi Benitez Castelldefelseko (Bartzelona) udal kiroldegiaren erabiltzailea da. Larunbat eguerdia da, eta «igeri pixka bat» egitera doa instalaziora. Batzuetan, «gehienetan», ez da konturatzen ur asko kontsumitzen ari den ala ez dutxatzen ari denean; beste batzuetan, bai. «Konponbide erraza du, ez? Izan gaitezen kontziente».