Lehortean daude Mexikoren ipar-mendebaldeko estatuetan. Azken urteetan prezipitazio maila jaitsi egin da, eta tenperaturak gora egin du. Hori dela eta, Mexikoko ibai, akuifero eta urtegiak larri daude; bereziki iparraldekoak. Besteak beste Chihuahua, Kalifornia Beherea, Sonora, Zacatecas eta Sinaloa dira egoera txarrenean dauden eremuak. Egoera «larria» dela azaldu du Miguel Angel Gonzalez Nuñez Chihuahuako Unibertsitateko Hidrologiaren Ingeniaritzako irakasleak: «Mexikon betidanik izan ditugu lehorteak, iparraldean bereziki, eremu oso idorra da eta. Baina oraingoa ez da normala; herrialdearen bi heren lehortean daude». Litekeena da herrialdeko gizartean eta ekonomian ondorio «latzak» izatea lehorteak, eta horri aurre egiteko hainbat neurri hartzeko prestasuna erakutsi du Mexikoko Gobernuak.
Mexikoko Gobernuko ur departamentuak, martxoaren 31n kaleratutako txosten batean, zehaztu zuen herrialdearen %7,2 lehorte maila oso altuan zegoela, eta %20, bigarren mailan. Iazko datuek adierazi zuten ekainean herrialdearen %25 egoera altuenean egon zela.
Azaroan hasi eta maiatzean bukatzen da lehorte denboraldia Mexikon. Normalki, herrialdearen %50 gutxieneko lehorte mailan izaten da hilabete horietan, baina egun, portzentajea altuagoa da, %66 ingurukoa. Alfredo Granados Olivas Ciudad Juarezko Unibertsitateko Ur Azpiko Hidrologiaren irakasleak adierazi du ipar-mendebaldeko eskualdeak «bereziki bestelakoak» direla, eskualde horietan lehorteak gehiago luzatzen baitira.
«Klima larrialdia dela eta, klima fenomeno guztiak iragarrezinak bilakatu dira»
MIGUEL ANGEL GONZALEZ NUÑEZChihuahuako Unibertsitateko Hidrologiaren Ingeniaritzaren irakaslea
Hainbat faktorek eragiten dute lehortea Mexikon. El Niño klima fenomenoak Ozeano Bareko tenperaturak igotzen ditu, eta, beraz, prezipitazioak urritzen. Horrek ondorioak izaten ditu Mexikoko kostaldean —Ozeano Bareak bustitzen baitu—, hala nola Kalifornia Beherean, Sinaloan eta Durangon. Klima larrialdia dela eta, El Niño-ren eraginpeko hilabeteak aldatu egiten dira, eta, egun, zaila da aurreikustea zer garaitan kolpatuko duen. «Hurrengo hilabeteetan, El Niño eta La Niña fenomenoak ez dira eratuko, fase neutroa izango da nagusi», adierazi du Granadosek posta elektronikoz.
Gonzalezek beste faktore bat aipatu du: «Lehortearen arrazoiez hitz egitean, uraren erabilera ere aipatu behar dugu. Gure herrialdean ura kantitate handietan erabiltzen dugu, eta, askotan, kontrolik gabe. Nekazaritzan, abeltzaintzan edota industrian ur asko erabiltzen da, eta horrek ez du laguntzen».
Uraren erabilera optimizatzeko bidean
Gonzalezen ustez, klima larrialdia da lehortearen gakoetako bat. «Azken urteetan lehorte garaiak luzeagoak dira, eta bero boladek indar handiagoz kolpatzen dute. Horren guztiaren eraginez, tenperaturak igotzen dira, eta ura lurruntzen lagundu». Mexikoko ibai eta urtegiak maila oso baxuan daude. Sinaloan, adibidez, Luis Donaldo urtegia da handiena, eta martxoaren 22an soilik %3,2 zegoen beteta. Hegoaldean, berriz, urtegi asko %80tik gora daude, eta hango ura iparraldean baliatzeko neurriak hartzen hasi da gobernua. Urtegiak ez ezik, herrialdeko akuiferoak ere oso garrantzitsuak dira, ur horniduraren ia %60 horietatik bideratzen baitute. Granados: «Klima larrialdiak ur gutxiago ematen dio gure lurraldeei, eta horregatik galera handiak ditugu, biodibertsitatean adibidez».
«Hurrengo hilabeteetan, El Niño eta La Niña fenomenoak ez dira eratuko, fase neutroa izango da nagusi»
ALFREDO GRANADOS OLIVASCiudad Juarezko Unibertsitateko Lur Azpiko Hidrologiaren irakaslea
El Niño-k tenperaturak igoarazten ditu; La Niña-k, aldiz, jaitsarazi. «Fase neutroan egongo garenez, prezipitazio aukerak %70 igoko dira», azaldu du Granadosek. Aurten, urtarrilean hasi zen La Niña, eta apirilaren hasieran amaitu. «Klima larrialdia dela eta, klima fenomeno guztiak iragarrezinak bilakatu dira. Ez dakigu noiz hasiko diren, eta noiz bukatuko», esan du Gonzalezek.
Gonzalezen iritziz, uraren erabilera optimizatzea erabakigarria da lehortearen aurka egiteko. «Lehorte garaietan ura kudeatzeko konponbide teknologiko asko ditugu gaur egun. Adibidez, Sateliteen bidezko monitorizazioak baliatzen ditugu, gure ur erreserben mailak une oro kontrolatuak edukitzeko. Bestalde, nekazaritzan aurrerapenak egiten ari dira, ureztatze sistema eraginkorragoak aplikatzen; esaterako, tanta bidezko ureztatzea». Horrez gain, Gonzalezek uste du uraren aurrezte kultura oso garrantzitsua dela, eta gazteei txikitatik erakutsi behar zaiela.
Lehen sektorea, kaltetuta
Chihuahua, Sonora eta Sinaloa dira Mexikoko estatu garrantzitsuenetarikoak nekazaritzan eta abeltzaintzan, eta bertako enpresetan uraren optimizazioa bermatzea oso garrantzitsua dela esan izan du Mexikoko Gobernuak. Claudia Sheinbaum Mexikoko presidentearen gobernuak iragarri du hurrengo bost urteetan 123.000 milioi pesoko —5.600 milioi euro inguru— inbertsioak egingo dituztela sistema hidrologikoa hobetzeko; herrialdearen historian egin den inbertsiorik handiena izango da.
Sonoran, herrialdearen ipar-mendebaldean, 234.000 lur hektareatan ez dute ezer landatu azken hilabeteetan, haiek ureztatzeko urik ez dagoelako. Gainera, 500.000 abere inguru sakrifikatu edo saldu dituzte, haiek mantentzeko urik ez dagoelako. 1,2 milioi abere zeuden Sonoran, eta orain 750.000 inguru gelditzen dira.
Animalientzako ez ezik, pertsonentzako ere ura falta da. Lehorteak larri jotzen duen eremuetan, mozketak egiten dira etxeko iturrietan, ura banatzeko helburuz. «Iparraldeko eremuak ez ezik, Mexiko Hiria ere oso larri dago. Hiriburura ura bidaltzen duten urtegien edukiera datuak baxuak dira». Hiriko hodietatik ura banatzea ezinezkoa den momentuari zero eguna deitzen zaio, eta izena Lurmutur Hirian (Hegoafrika) erabili zen lehen aldiz, 2018an. Granadosek uste du Mexiko Hirian zero eguna gertatzea oso zaila dela, gobernuak inbertsio handiak egin baititu azken urteetan hiriburuko sistema hidrologikoetan.