Suteak

Lehorte arriskuan dago Europako Batasunaren ia erdia

Frantziak 11.500 pertsona ebakuatzeko agindu du suteengatik. «Talde lanerako ordua» dela esan du NBEko idazkari nagusiak, eta ohartarazi gizadiaren erdia «arrisku eremuetan» bizi dela.

arantxa elizegi egilegor
2022ko uztailaren 18a
13:26
Entzun

Azken egunetako bero boladak suteak zabaldu ditu Mediterraneo inguruan, Marokotik hasi eta Greziaraino. Milaka suhiltzaile ari dira lanean sua kontrolpean hartzeko, eta lortu ere egin dute zenbait eremutan, besteak beste Portugalen. Frantzian, 16.000 lagun ebakuatu behar izan dituzte, eta beste 11.500 pertsona ateratzeko agindua eman dute gaur. Italian, berriz, 42 gradutik gorako tenperaturak espero dituzte datozen egunetarako ere. Horrek areagotu egingo du sute arriskua; izan ere, azken 70 urteetako lehorterik gogorrena jasaten ari dira herrialdean. Padana, Toscana, Umbria eta Lazio eskualdeetan espero dute berorik handiena.

Egoera ez da askoz hobea Espainian. Beste hildako baten berri eman dute Zamora probintzian –egunotan izandako bigarrena da–. Artzain bat da hildakoa. Suhiltzaileek topatu dute haren gorpua. Aurrez suhiltzaileei laguntzen ari zen brigadista bat hil zen inguru berean. Muturreko tenperaturek, lehorteak eta ekaitzek erraztu egin dute sua Culebra mendilerroan zabaltzea. Espainian 20.000 hektarea inguru erre dira.

Marokok 1.300 lagun atera ditu etxetik, eta suhiltzaile gehiago bidali ditu iparraldera. 4.600 hektarea baino gehiago erre dira, eta iparraldeko Laratxe eskualdea da suak gogorren jo duena. Han ere, 45 gradutik gorako tenperaturak izan dituzte azken egunetan, eta asteazkenetik aurrera 48 gradu ingurukoak espero dituzte, basamortuko haizearekin eta hautsarekin batera.

Frantziako Gobernuak suhiltzaile eta ur hegazkin gehiago bidali ditu Bordele hegoaldeko suteei aurre egiteko. Gironda eskualdeko suhiltzaileen buru Marc Vermeulenen esanetan, «inoiz ikusi gabeko neurria» dute suteek. Bi sute handi daude piztuta oraintxe. Landiras herrian piztu zen handiena, eta 9.800 hektarea erre ditu. 1.700 suhiltzaile ari dira horiek kontrolpean hartzeko lanetan.

Europako Batasunean bertan, lurraldearen %42 lehorte arriskuan dago, Europako Batzordeak kaleratu duen txosten baten arabera. Eremuaren %46 abisu egoeran dago, eta %11 alerta egoeran. Dokumentuan, bereziki nabarmendu dute Portugal eta Espainiako egoera. Espainian, azken hamar urteetan baino %31 ur gutxiago dago urtegietan, eta Portugalen, berriz, azken zazpi urteetako batez besteko kopuruaren erdia daukate gordeta. Italian ere ur eskasia handia da bost eskualdetan: «Larrialdi egoera ezarri behar izan dute, eta herrietan mugatu egin dute uraren erabilera. Frantzian ere antzeko neurriak hartu dituzte», azaldu du Europako Berrikuntza, Ikerketa eta Kultura komisario Mariya Gabrielek.

Horiek hala, talde lanerako deia egin du NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterresek, eta ohartarazi du gizadiaren erdia bizi dela «arrisku eremuan». Nazioarteko hainbat ordezkarirekin bildu da Guterres, klima larrialdiaren aurkako neurriez eztabaidatzeko, eta gogorarazi du herrialde bakar bat ere ez dagoela babestuta «erregai fosilen adikzioaren» ondorioetatik: «Aukeratu egin behar dugu: lan kolektiboa edo suizidio kolektiboa. Gure esku dago».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.