Lehiakortasunaren mantra aitzakia gisa

Bruselan diote enpresen lehiakortasunari kalterik ez eragiteko egin dela atzera politika berdeetan, baina ekologistek uste dute argudio horrek beste arazo batzuk ezkutatzen dituela. Besteak beste, energia menpekotasuna.

Langile bat Gestampen Orkoiengo lantegian. JESUS DIGES / EFE
Langile bat Gestampen Orkoiengo lantegian. JESUS DIGES / EFE
inaut matauko rada
2025eko urtarrilaren 4a
05:00
Entzun

Zenbait sektorek ingurumen politiken aurka egiteko erabili dituzten argudio nagusietako bat da politika berdeek enpresen lehiakortasuna apaltzen dutela. Baina kritika hori ez zaio EB Europako Batasunaren Itun Berdeari egiten soilik, baizik eta Bruselari orokorrean, iritzita burokrazia handitzen duela eta enpresei kostuak eta buruhausteak ere gehitzen dizkiela. Eta, hein handi batean, egia da EBren lehiakortasunaren eta produktibitatearen hazkundea moteltzen ari dela, batez ere Txinarekin eta Amerikako Estatu Batuekin alderatuta.

Baina horren atzean arrazoi asko daude, ez soilik ingurumen politikak. Energiaren garestitzea da nabarmenena. 2021ean, argindarra eta gasa asko garestitzen hasi ziren, baina 2022ko otsailetik aurrera, Ukrainako inbasioaren ostean, are gehiago garestitu zen energia, EBk Errusiako gas merkea inportatzeari utzi ziolako, eta Errusiak gasbideak itxi zituelako. Horren eragina ez zen horrenbeste nabaritu Euskal Herrian. Iparraldean, elektrizitatearen prezioak nahiko egonkorrak direlako, zentral nuklearrek mix energetikoan duten pisua dela medio, eta Hegoaldean, berriz, inbasioaren aurretik ere ez zelako Errusiako gasik inportatzen ia.

Hain zuzen, Alemania jo du gogorren energiaren garestitzeak, eta Europako Batasuneko industriaren motorra izanda, herrialde guztiei eragin die Alemaniako egoerak. Nord Stream 1 eta Nord Stream 2 gasbideen bitartez bereziki, Alemaniako industriak energia merke eta etengabe jasotzen zuen Errusiatik, eta hori gabe, eta 2023an zentral nuklear guztiak itxi eta gero, gas natural likidotua —gasbideetatik datorrena baino garestiagoa da— eta ikatza behar izan dituzte Alemaniako fabrikek, eta, beraz, enpresen faktura izugarri handitu da, baita produktuen prezioa ere. Hori dela eta, inflazioak gora egin du eta, hari aurre egiteko interes tasak igo ondoren, Alemaniako ekonomia atzeraldian sartu da.

Ukrainako inbasioa hasi eta segituan jarri zizkioten zigorrak Errusiari AEBek eta Bruselak, eta, hein handi batean, AEBak izan dira horren onuradunak, EBk orain AEBei erosten baitie Errusiatik inportatzen ez duen gasaren parterik handiena. Kalte ekologikoa ere badakar horrek: gas natural likidotua itsasontziz ekartzen dute, eta hura lortzeko prozesua konplexuagoa eta kutsagarriagoa da. Ikatz gehiago erretzen ere ari da Alemania orain, eta horrek eragin zuzena du berotegi gasen emisioan. Gasarekin alderatuta, ikatzak CO2 gehiago isurtzen du argindarra ekoiztean. Bada, Andres Illana Ekologistak Martxan-eko kideak azaltzen duen moduan, politika berdeei eta 2030erako Agendari egozten zaie lehiakortasuna apaldu izanaren arrazoia izatea, eta hori arazoa ezkutatzea da.

Eskuin muturra bakarrik ez

Politika berdeak Europako Batasuneko enpresen lehiakortasunaren arazo nagusitzat hartzea ez da, ordea, soilik alderdi ultraeskuindarren kontua. Gero eta gehiago dira argudio horiek barneratzen ari diren alderdi eta sektore politiko moderatuagoak. Esaterako, Illanak uste du ultraeskuinak ingurumen politiken eta 2030erako Agendaren kontra haizatu duen diskurtsoa sektore askotan errotu dela. Nekazarien sektore batzuetan, adibidez. «Eskuin muturraren diskurtso populistak lehen sektorearen zati erradikalizatu batean sartzen ari dira, horixe da joera; gauza asko nahasten dira. Ez diete kontra egiten benetan kontra egin behar zaien horiei; banaketa enpresa handiei, esaterako. Horiek dira nekazaritzaren eta abeltzaintzaren benetako arazoa».

Sektore moderatuagoek gero eta zuhurtzia handiagoa eskatzen dute ingurumen politikak ezartzeko orduan, eta horren adibide garbia dira Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, joan den abenduan, deskarbonizazioaren erritmoari buruz egindako adierazpenak: «Europa hausnartzen ari da ibilgailu elektrikoak hedatzeko abiadurari buruz. Aitzindariak izan gara klima aldaketaren aurkako borrokan, baina deskarbonizazio inteligente batekin uztartu behar dugu, lehiakortasuna eta ehun produktiboa ez galtzeko».

Beste sektore batzuk —ekologistak, adibidez— kezkatuta daude ingurumen politiken atzerapen horiengatik. Ez soilik klima larrialdiaren aurkako borrokan dakarren atzerakadagatik, baita, Illanak azaldu duenez, balitekeelako horren ostean atzerapausoak izatea beste alor batzuetan ere: «Orain agenda berdeaz hitz egiten ari gara, baina gero beste gauza batzuk etorriko dira, eta kontuz ibili beharko dugu Europan ziurtzat jotzen ditugun oinarrizko eskubide batzuekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.