Lehia politikoan sartu da Valls

Frantziako Alderdi Sozialistaren primarioetan parte hartuko duela iragarri du. Lehen ministro karguan dimisioa emango du gaur. Ezkerraren batasuna du helburu: «Frantziak ezkerra behar du»

Manuel Valls, atzo, hautagaitza aurkezten, Evryn. YOAN VALAT / EFE.
ander perez zala
2016ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Joan den astean Frantziako presidente François Hollandek bigarren agintaldi batera ez dela aurkeztuko iragarri izanak presidentetzarako lehen pausoak emateko ateak ireki zizkion Manuel Vallsi. Eta aukera hori baliatu du. PS Alderdi Sozialistaren primarioetan parte hartzeko erabakia hartu, eta, horrekin batera, lehen ministro karguan dimisioa emango du gaur Vallsek.

Evry hirian egin zuen iragarpena, atzo. Sinbolikoa da tokia harentzat: herri hartako alkate izan zen 2001etik 2012ra, eta haren feudoa da. Azken urteotan baloratu duen erabakia azaltzeko toki «egokia», alegia. Vallsek Hollanderekin batera egindako neurriak defendatu ditu, eta ziurtatu haren esperientzia politikoa «denen onerako» erabiliko duela. Txinaren, Errusiaren, AEBen, Turkiaren aurrean, Frantzia «indartsu bat» nahi duela azaldu du; Frantzia «independente» bat, beren balioak defendatzeko gai dena. Lehen ministro gisa egun arte erabilitako diskurtsoa aldatu du, eta nazionalismo frantziarrean indarra ezarri. Faire gagner tout ce qui nous rassemble (Batzen gaituena irabazarazi) lelopean lehiatuko da sozialisten primarioetan. Ezkerraren batasunaren aldeko aldarria egin du, baita Alderdi Sozialistaren batasunaren alde ere, barne gatazkaz jakitun: «Ezkerra eztabaida da. Desberdinak gara, baina elkarrekin egon behar dugu. Frantziak ezkerra behar du». François Fillon LR Errepublikanoak alderdiaren presidentegaiaren programa kritikatu du: «Atzerakoia da».

Astelehenero bezala, Hollandek eta Vallsek bilera izan zuten goizean, baina atzokoa bien arteko azkena izan zen, gobernuko kide gisa; bertan jakinarazi zion erabakia Frantziako presidenteari. Legez, Valls ez dago behartuta kargua uztera alderdiaren primarioetan lehiatzeko, baina sozialisten barne hauteskundeetan guztiz murgilduta egon nahi duela azaldu du. Gobernuaren buruaren dimisioak Hollande behartu du haren gobernu osoa berregituratzera, Vallsen dimisioak gobernu osoaren dimisioa eragin dezakeelako. Jada entzun dira lehen izenak lehen ministro kargurako: Barne ministro Bernard Cazeneuve, Osasun ministro Marisol Touraine eta Hezkuntza ministro Najat Vallaud-Belkacem, esaterako.

Alderdi barruan, Valls hautagairik «eskuindarrentzat» dute. Ezkerra zatituta aurkeztuko da 2017ko apirilaren 23 eta maiatzaren 7 bitartean egingo diren presidentetzarako hauteskundeetara, eta horri gehitu behar zaio sozialisten barnean ere gatazkak daudela. Presidentetzarako bozen bigarren itzulira sailkatzeko hautagai faboritoak dira Fillon eta FN Fronte Nazionalaren presidentegai Marine Le Pen; alegia, eskuina eta eskuin muturra, 2002an gertatu bezala. Egoera hori saihesteko aukera bakarretako bat dazentro-ezkerraren batasuna lortzea, Vallsek nahi bezala, baina egun ezinezkoa dirudi.

PSren porrota saihesteko hautagai egokiena da Valls, alderdiaren zuzendaritzaren iritziz. Alderdikide askorentzat, ordea, hautagai okerrena da sozialistentzat. Marie-Noelle Lenemann senatari eta primarioetako hautagaiak proposatu du hautagaitza bateratu bat osatu dadila, Ekonomia ministro izandako Arnaud Montebourgek eta garai berean Ordezko Ekonomia ministro eta Hezkuntza Nazionaleko ministro izandako Benoit Hamonek osatutakoa. Beste aukera bat ere proposatu dute; Gerard Filoche primarioetako hautagaiaren arabera, «lau sozialista ezkertiarrek» ados jarri behar dute Vallsen aurka: «Irabaz diezaiokegu, baina errazagoa izango da elkarrekin bada». 2011ko primarioetan ere parte hartu zuen Vallsek, botoen %5,63 soilik eskuratuta. Kasu horretan, ordea, bigarren bozketan Hollande babesteko aurkeztu zuen bere burua.

Alderdi Sozialista azkena izango da presidentegaia hautatzen: primarioen lehen itzulia 2017ko urtarrilaren 22an egingo dute, eta bigarrena, halakorik bada, urtarrilaren 29an. Egun, zazpi hautagai daude primarioetan. Inkesten arabera, Vallsen eta Montebourgen artean izango litzateke lehia nagusia; presidentetzarako bozei begira, inork ez du bigarren itzulira sailkatzeko aukerarik.

Montebourg eta Hamon Hollanderen gobernutik kanporatu zituzten 2014ko abuztuan, presidentearen erreformen aurka egoteagatik. Vallsek joan den astean iragarri zuen Hollandek egindako politikak defendatuko dituela, orain arte egin duen bezala. Montebourgek PSren sektore ezkertiarrena ordezkatzen du. Abenduaren 15ean amaituko da epea sozialisten barne hauteskundeetarako hautagaitzak aurkezteko.

Ezkerreko hautagaiak

Ezkerreko boto emaileek aukera askoren artean hautatu beharko dute. Besteak beste, Hollanderen Ekonomia ministro izandako Emmanuel Macron; Valls baino liberalagoa da, eta «ezkerrekoa eta eskuinekoa ez den hautagaitza» da harena, Macronek berak azaldu duenez.

Ezkerrerago begira, 2008an eratutako Front de Gauche koalizioa joan den uztailean desegin zen, PG Ezkerreko Alderdiaren eta PCF Alderdi Komunistaren arteko liskarren ondorioz. Hortaz, koalizioaren presidentegai izandako eta PGko kide Jean Luc Melenchon La France Insoumise markapean aurkeztuko da; komunistek ez dute hautagairik aurkeztuko, eta Melenchon babestea erabaki du militantziak, bozketa baten ostean. Etxebizitza ministro izandako Sylvia Pinel ere lehiatuko da datorren urtean, PRG Ezkerreko Alderdi Erradikalaren presidentegai gisa.

Horiez gain, hautagai gehiago daude ezkerrean 2017ko bozetarako: EELV Europa Ekologikoa Berdeak alderdiko Yannick Jadot, NPA Alderdi Antikapitalista Berria indar politikoko Philippe Poutou, eta LO Langile Borrokako Nathalie Arthaud.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.