Lehia politikoa hasi da Brasilen

Lula presidente ohia kartzelatik atera da; Auzitegi Gorenak ebatzi du helegiteen prozesu osoa bukatu arte ez direla kartzelatu behar zigortuak. Ezkerra «kriminalizatzeko» ahalegina salatu du atera orduko

Lula presidente ohiaren jarraitzaileak, atzo, Curitiban, Langileen Alderdiko burua preso duten espetxearen kanpoko aldean. HEDESON ALVES / EFE.
mikel rodriguez
2019ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Astindu handia jaso du Brasilgo egoera politikoak, Auzitegi Gorenak herenegun hartutako erabakiaren ondorioz, eta ilusioa berpiztu dio ezkerrari. Atzo arratsean, Curitibako auzitegi federaleko epaile batek agindu zuen aske uzteko Luiz Inacio da Silva Lula presidente ohia, eta handik ordu batzuetara kalean aske zen. Auzitegi Gorenak ezarritako jurisprudentzia berriak bete-betean eragin dio presidente ohiari; helegiteen prozesu guztia bukatu arte akusatuek ez dutela kartzelan egon behar ebatzi du Gorenak. Urte eta erdiz eduki dute Lula preso, 580 egunez. Espetxearen atarian jendetza elkartu zen Lularen zain. «Estatuak, Polizia Federalak eta Ministerio Publikoak» alde «ustel» bat dutela, eta horren aurka borrokan aritu dela nabarmendu zuen haien aurrean, hunkituta, eta ezkerra «kriminalizatzeko» ahaleginak salatu zituen.

Askatu baino ordu batzuk lehenago, Jair Bolsonaro presidenteak Polizia Federalaren formakuntza ikasturtearen ekitaldi batean parte hartu zuen, eta kazetariek Lula aske gelditzeko aukeraz galdetu ziotenean, atzamar lodiak altxatu zizkien eta autoan alde egin zuen. Lehia politiko gogorra hasir da Brasilen, Lula libre egotea aktibo politiko garrantzitsua izanen baita Bolsonaroren oposizioarentzat.

Auzitegi Gorenak bertan behera utzi du 2016an ezarri zen jurisprudentzia. Horren arabera, auzipetuak lehenbiziko apelazioa galdu ondoren hasi behar zuen espetxe zigorra betetzen, bigarren instantzian. Lula bigarren instantzian zigortuta espetxeratu zuten iazko apirilean, hamabi urterako. Lularen defentsak, ordea, argudiatu zuen helegite guztiak agortu arte bigarren instantzian zigortutakoak ez lituzketela espetxean eduki behar, oinarrizko eskubideak urratzen zaizkielakoan. Auzitegi Gorenak arrazoia eman dio, erabaki baitu ez dutela kartzelan sartu behar baldin eta «gizartearentzat arriskutsuak» ez badira. Erabaki horren ondorioz, Lulare ez ezik, bertze 4.800 preso inguru daude askatasuna eskatzeko moduan, bigarren instantzian zigortu zituztenak. Horietako 38 dira Lava Jato auziarengatik zigortuta daudenak, Lularen prozesu berekoak. Brasilek 800.000 preso inguru ditu guztira.

Lula 2003-2011 artean izan zen presidente, eta gertakari historiko bat izan zen hori Brasilen, lehenbiziko aldiz PT Langileen Alderdiak irabazi baitzituen hauteskundeak, eta buruzagi sindikal izandako militante ezagun bat bihurtu baitzen estatuburu. Sergio Moro epaileak Petrobras enpresa publikoari lotutako ustelkeria sarearen parte izatea leporatu zion Lulari, Lava Jatooperazioan, eta presidente ohiari horregatik jarri zioten hamabi urteko espetxe zigorra, ustelkeria eta diru garbiketa egotzita.

Konspirazio salaketa

Brasilgo ia alderdi nagusi guztietako kideak daude nahasita Lava Jato-n, bai zigortuta, bai ikerketapean. Herrialdearen historiako ustelkeria ikerketa nagusia da. Horien artean daude, errate baterako, PTren eta Lularen bi etsai, PDMB Brasilgo Mugimendu Demokratikoaren Alderdiko kideak biak: Eduardo Cunha Diputatuen Ganberako presidente ohia (2015-2016), eta Michel Temer herrialdeko presidente ohia (2016-2018). Espetxean dituzte biak; Cunhari hamabortz urteko zigorra ezarri zioten iaz, eta Temer baldintzapean aske dute, ustelkeriagatik dozena inguru auzitan prozesatuta.

PTren eta ezkerreko sektore zabal baten ustez, ordea, Lularen aurkako akusazioak konspirazio bat dira ezkerrak berriz ere boterea har ez dezan. 2013an hasi zuenMoro epaileak Lularen aurkako ikerketa, eta Brasilgo egoera politikoak aldaketa nabarmenak jasan ditu ordutik. Lularen alderdia zegoen orduan boterean, Dilma Rousseff presidente zela, Lulak gainditua baitzuen agintaldiei ezartzen zaien muga. 2016an, ordea, Senatuak kargugabetu egin zuen Rousseff, lege fiskalak urratzea eta Kongresuari erabakien berriek gordetzea leporatuta.

Kongresuak Temer izendatu zuen haren ordezko, 2018ko hauteskundeetara arte agintzeko. Hor gertatu zen PTk eta ezkerrak salatzen duten konspirazioaren bigarren zatia, PTk iragarri baitzuen Lula izanen zela hautagaia. Bozen aitzineko hilabeteetan argitaratu zituzten inkesta guztien emaitza izan zen presidente ohiak aise irabaziko zuela, baina auzitegiek debekatu egin zioten aurkeztea, espetxean zegoelako. Ezusteko bertze protagonista bat agertu zen panorama horretan: Bolsonaro ultraeskuindarra. Aise irabazi zituen bozak, eta, Brasilgo egoera politikoa ez ezik, Latinoamerika osokoa ere irauli zuen. Irabazi eta gutxira, gainera, jakinarazi zuen Moro izendatuko zuela Justizia ministro; hain zuzen, Lula kartzelara bidali zuen epailea.

Bolsonaro, Mororekin

Mororentzat kolpe pertsonala izan da Auzitegi Gorenaren erabakia. Atzo Bolsonarok eta biek Polizia Federalaren ekitaldian parte hartu zuten, eta ez zuten adierazpenik egin. Baina adierazgarriak izan ziren zeremoniako hitzaldian Bolsonarok Morori buruz erran zituenak: «Bere eginkizuna egoki bete ez balu, ni ere ez nintzatekeen hemen egonen. Brasilgo politikaren oraingo egoera Sergio Morori zor diogu hein batean. Kate batekin konparatzen badugu, agian, kate horretako katebegirik azkarrena da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.