'Brexit'-aren ondorioak. Irlanda. Matt Carthy. Sinn Feineko Irlanda Batuko koordinatzailea

«Lehentasuna ez da erreferenduma egitea, hura irabaztea baizik»

EB uzteko erabakia mehatxutzat du Carthyk, baina ez Ostiral Santuko Akordioa arriskuan jartzeraino. «Hainbati entzun diet ez genukeela galdeketa egin behar. Inork ez du arrazoirik indarkeria erabiltzeko».

BERRIA.
2016ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Erresuma Batuak EB Europako Batasuna uzteko erabakiaren ondorioak indar handiz nabaritzen ari dira kontinente osoan. Irlandan kezka berezia sortu du erabakiak, ez baitago argi nola eragingo dion uhartearen banaketari. Ipar Irlandan EBn gelditzearen aldeko botoak irabazi zuen, baina Erresuma Batu osoan uztearen aldeko botoa izan zen nagusi. Matt Carthy (Birmingham, Ingalaterra, 1977) Sinn Feinen Irlanda Baturako Koordinatzaile eta europarlamentariarekin hitz egin du BERRIAk.

Nola ikusten du Sinn Feinek brexit-aren ondorengo egoera?

Irlandako iparraldean, gelditzearen aldeko kanpaina egin genuen, nahiz eta jakitun garen zenbat arazo dauden EBrekin, gehienbat azken hamar-hamabost urteotan hartu duen norabidearekin. Asko urrundu da Europa sozialaren eredutik, eta EBren sorreraren arrazoia hori dela uste dugu guk. Hala ere, uste dugu gelditzearen aldeko botoa litzatekeela onena [Irlanda] Iparraldearentzat, uste dugulako jasangaitza dela Irlandaren zati bat EBn egotea eta beste bat kanpoan. Horregatik, badirudi iparraldeko jende gehienak bat egin duela horrekin eta EBn gelditzearen aldeko botoa eman duela. Guretzat, badirudi nahi demokratiko hori betetzeko modu bakarra dela Irlanda batzeko prozesua. Hori dela eta, galdegin dugu eztabaida bat sortzea Irlandaren batasunaren inguruan eta zer-nolako Irlanda nahi dugun ikusteko. Eta horregatik eskatu dugu galdeketa bat egitea iparraldean eta hegoaldean Irlandako batasunari buruz.

Erresuma Batuko Gobernuak, Irlandako Errepublikakoak eta Fianna Failek ere baztertu dute galdeketa egiteko aukera. Uste duzu posible izango dela epe motzean edo ertainean egitea?

Britainiako gobernuak eta unionistek baztertu dute, eta hori ez da harritzekoa. Harrigarriagoa da, eta zinez etsigarria, Irlandaren batasunaren alde daudela dioten alderdien jarrera, «hau ez da garai egokia» erretorika dutenena. Hori aitzakia bat da eztabaida saihesteko, guretzat argi baitago jendea hasi dela gai horri begira. Eta ez bakarrik mugan bizi den jendea, ondorioak hurbiletik argi ikus ditzakeen hori, baita nekazaritzan edo Irlanda osoan jarduten duten sektoreetan dabilen jendea ere. Lan handia dago egiteko, baina ez dugu eduki nahi Irlandaren batasunaren inguruko galdeketaren edo Irlandaren batasunaren aldarrikapenen eskubide esklusiboa. Egoera bat sortu nahi dugu jendeak ahotsa altxa dezan eta eroso senti dadin eztabaidarekin. Guk ez genuen brexit-a behar esateko Irlandaren batasuna ona izango dela, baina, orain, kontua da eztabaida politikoa begien aurrean ikusi duen jende askok bustitzeko beharra daukala, luxua desagertuko delako. Eta Irlandaren batasuna helburutzat duten beste alderdiek ere gurekin hasi behar dute lanean, Sinn Feinen esparrua gaindituko duen elkarrizketa nazional bat sortzeko.

Beraz, brexit-a mugarritzat ikusten duzu?

Erabat. Ez da guk nahi genuen zerbait, zailtasunak sortzen baitizkie iparraldeko eta hegoaldeko herritarrei, baina erabateko aldaketa bat izan da gizartearen sektore erabakigarri batentzat, Ostiral Santuko Akordioaz geroztik arazo nazional handiaz ez kezkatzeko adina eroso sentitu den jendearentzat. Erosotasun hori desagertu da orain, iparraldea haren nahi demokratikoaren aurka EBtik ateraraziko dutelako boto-emaile ingelesek. Demokraziaren erabateko trabestismoa da hori.

Sinn Feinek batasunaren inguruko erreferenduma bai ala ez aukera soilekin irudikatzen du?

32 konderrien errepublika bat ikusi nahiko nuke, 1916ko aldarrikapenean oinarritutakoa. Baina errepublikanook onartu dugu guk bakarrik ez dugula hitza izango. Erreferendum bat eskatzen dugunean, ez gara eskatzen ari datorren asterako. Akordio bat eskatzen ari gara erreferendum bat egin ahal izateko. Ondoren, trantsiziorako formaren bat asmatu liteke; guk iradoki dugu iparraldeko parlamentuak jarrai lezakeela existitzen, baina ez iparraldeari, ez hegoaldeari kasurik egiten ez dion Westminsterko parlamentuaren aginduetara; haren mende egon beharrean, Irlanda batukoarekin arituko litzateke elkarlanean. Azken urteotan oso eskuzabalak izan gara adiskidetzeko eta bakea eraikitzeko ekinbideekin sei konderrietan [Ipar Irlandan], uharte osoan, baita Britainian ere. Baina brexit-aren ondoren, hurrengo fasera egin behar dugu jauzi, gutako askok espero baino azkarrago, gainera.

Erresuma Batuko Gobernuak ukatu egin du batasun erreferendum bat egitea. Ba al dago legezko aukerarik Sinn Feinek Londres estutzeko galdeketa berma dezan?

Zailtasuna da Ostiral Santuko Akordioak ezartzen duela, argi eta garbi, Erresuma Batuko Estatu idazkariak duela Irlanda batzeko erreferendum batera deitzeko ahala. Noski, Estatu idazkari oro, batez ere tory-a bada, nekez barneratuko du gertatzen ari dena prozesu demokratiko bat dela. Horrenbestez, nire ustez, bide bakarra da eskaera indartsua egitea erreferendum batera deitu beste erremediorik izango ez duen testuingurua sortzeko. Sinn Feinen onartzen dugu ez dela nahikoa gurekin, gizarte zibileko beste eragileak ere behar ditugu: sindikatuak, enpresaburuak, komunitateetako elkarteak eta beste alderdi politikoak. Hori dela eta, nire lehentasuna ez da erreferenduma egitea, baizik eta erreferenduma irabaztea egiten denean. Hori ez da gertatuko hurrengo egunetan, baina espero dugu Irlandako gizartea ahotsa altxatzen hastea lehenago egin ez duen moduan.

Nahiz eta Irlandako Gobernuak batasun erreferendum baten aukera aipatu, Enda Kenny lehen ministroak Eskoziako kasua nabarmendu du Europan. Zer deritzozu horri?

Enda Kennyk Irlanda iparraldea guztiz baztertu du, nahiz eta haren kasua nabarmentzekoa izan. Iparraldeko herritarrek, eskoziarrek bezala, EBn geratzearen alde bozkatu zuten, eta sei konderrietan bizi direnen zati handi bat EBko herritarrak dira dagoeneko, Irlandako herritarrak direlako. Eskoziak dituen argudio guztiak eta gehiago ditu iparraldeak, eta irmo defendatzen dut Eskoziari EBn geratzeko erraztasunak eman behar zaizkiola.

Bake prozesuarentzat arriskurik ikusten al duzu brexit-aren ondoren?

Ez dut uste. Hainbati entzun diet ez genukeela galdeketa bat egin behar. Inork ez du arrazoirik indarkeria erabiltzeko prozesuaren aurka; gogoratu beharra dago Ostiral Santuko Akordioak hori guztia babesten duela. Ez gara ari eskatzen lehendik erreferendum bidez onartu ez den ezer. Irlandarren gehiengo argi batek Ostiral Santuko Akordioa babestu zuen; itunak argi zehazten du Irlanda batzeko bidea: hegoaldean eta iparraldean galdeketak egitea,eta gehiengoz horiek onartzean, Erresuma Batuko Gobernuak prozesua erraztu behar du. Prozesu demokratiko bati buruzkoa da auzia. Brexit-aren ondotik hori indartu behar da, mehatxu errealak sortu direlako garapen ekonomiko, sozial eta politikorako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.