HASTAPEN AGENDA
Herritar askok ez dakiten arren, Washingtongo eta Habanako gobernuek sei hilero egiten dituzte koordinazio bilkurak 1994az geroztik, migrazioa arautzeko eta kontrolatzeko. Bilgune hori, baina, nazioarteko droga trafikoaren kontrako borrokarako eta segurtasun nazionalerako informazio trukaketarako bilgune ere bihurtu izan da urteotan, koiunturalki.Hauexek lirateke, beraz, agenda komun baterako lehendabiziko gaiak: alde batetik, legezko eta kontrolatutako emigrazioa bultzatzea AEB Ameriketako Estatu Batuetara; eta bestetik, narkotrafikoaren aurkako borrokan kolaborazio aktiboa bultzatzea. Alde biek landuak dituzte gaiok lehendik elkarrekin; jarrera eta «ekintza komunak» dituzte muinean.
Bakoitzaren inteligentzia eta segurtasun aparatuen arteko lankidetza, aldiz, «terrorismo» kontzeptuaren inguruan dauzkaten ikuspegi eta ñabardura ezberdinei lotuta badago ere, desberdintasun horiek ez lukete urrats nabarmenak egiteko aparteko oztopo izan behar, betiere AEBetako Estatu Departamenduak urtero-urtero publiko egiten duen «terrorismoa» ustez sustatzen edo laguntzen duten herrialdeen zerrendatik Kuba kenduko balu.
Zerrenda hori martxoa eta apirila bitartean egin ohi du publiko Washingtonek, eta Kuba zerrenda horretatik kenduko balu balizko koordinazio egonkorra egingarria izan daiteke; baldin eta keinu nabarmena egin, eta uharteari oinarririk gabeko akusazio hori eta ondorioz dakartzan zigorrak gainetik kentzen baldin badizkio. Koordinazio hori, betiere, Kubaren arabera bere subiranotasunari dagozkion «auzi puntual» eta zehatzetara mugatuta dago.
DEBATERAKO BESTE GAIAK
Alde biko elkarrizketa agendarako hastapen gaietatik abiaturik, AEBetako Gobernuak iragan astean ezagutarazi zituen erabakietatik eratorritako zenbait kontu gehitu behar lirateke. Hau da erabakion laburpena: AEBetako herritarrei Kubara bidaiatu ahal izateko lizentziak zabaltzea —betiere uhartean familia loturak ez dituztenean—; eta Kubak AEBetan botikak eta elikagaiak eskuratzeko aukerak pixka bat handitzea.Halaber, Kubatik AEBetara joandako lagunek 400 dolar arteko produktuak inportatzeko parada izan beharko lukete; eta komunikazio etxe estatubatuarrek Kubarekin zerbitzu kontratuak lotuta.
«Harremanen normalizazioa» ez da aldebakarreko prozesu gisa sortu, ordea, eta Kubako Gobernuak ere iritzia emango du, ziurrenik, «borondate oneko» keinu horien eta keinuok herrialde barruan arautzeko moduen inguruan. Kubako presidenteak behin baino gehiagotan errepikatu izan du elkarrizketak edozein gairi buruzkoak izan daitezkeela, baina berdintasunean oinarrituta, hau da, «bi herrialde independente eta burujaberen artekoak».
Bilkuran ziurrenik aipatuko diren beste gai batzuk: arrazoi akademikoak, kulturalak, eta, erakunde zibilen arteko trukea medio, estatubatuarren turismoa handitzea; finantza fluxuen eta inportazioen hazkundea; eta komunikazio zerbitzuak adosteko aukera. Alde biko agenda osatzen joango dira apurka-apurka. Ildo horretan, kubatarren negoziazio aldeak, argi eta garbi, pixkanakako ezarpen «selektiboa eta ordenatua» nahi du, «ezegonkortasunak» eta gero eta agerikoagoak diren ezberdintasun sozialen areagotzea gerta ez dadin.
EKONOMIA ERRONKA NAGUSI
Proiektu nazional moduan berritzeko eta modernizatzeko bidean, berebiziko erronkak ditu Kubako Iraultzak, eta AEBekiko harremanak berreskuratzea albiste garrantzitsua bada ere, barne ekonomiari ere mesede egingo dio. Ekonomia bizkortzea da erdietsi beharreko helburu nagusia. Halere, hazkunde ekonomiko orok justizia soziala eta aberastasunaren banaketa justua ekarri behar du eskutik, ezinbestean; bereziki, AEBetako «itotze» politikak lortu ez duena «besarkada aro berriak» ahalbidetu ez dezan.Erronka horren parean, barne erreforma zenbait ekartzen hasia den ondorioei erreparatu behar zaie. Aipatzekoak dira, besteak beste, azkeneko urteotako finantza austeritatea —horri esker, Kubak erreserba funtsa dauka gaur egun, dibisetan—, eta txanpon bakarrerako urratsak zein proiektu ekonomiko estrategikoetan egindako inbertsioak. Beste muturrean daude, ostera, igo diren arren nahikoa ez diren soldatak, hedatzen ari den zeharkako ustelkeria eta «pobrezia babesteko», berriki plazaratu dituzten datuak; gero eta ezberdintasun gehiago dituen gizarte bat azaleratu dute datuok.
Bestetik, Obamaren administrazioak joan den astean iragarri zuen neurriek barne ekonomian izan dezaketen garrantziari buruz, datu argigarri bat: AEBetatik Kubara 3.000 milioitik gora dolar gehiago sartuko dira senideek bidalitakoari, aduanari, turisten esportazio txikiei eta inportazioetan aurreztutakoari esker.
LEHEN BALANTZE BATERAKO
Harremanak ofizialki berrezarri ondoren, Kuba eta AEBen arteko gaurko lehen bilerak alde biek hitzartutako agenda zehazten hastea ekarri beharko luke; gai jakin eta zehatz batzuei helduko diete bi herrialdeek. Bestelako kontuen gainean eztabaidatzeko, politikoagoak eta sakonekoagoak izanik, denbora gehiago beharko dute.Kubako Gobernuarentzako eta gizartearentzako, ekonomiak segituko du izaten gai nagusi eta estrategikoa. Hori du Kubak «barneko» aurkari. AEBetako Gobernuak ere badauka berea, ordea: «blokeoa desegiteko» eskumena daukaten erabakigune legegileetan eragin «nabarmena» daukan lobby politiko kubatar-amerikarra; lobby hori alde biko harreman ororen kontra dago. Jarrera horrek ere badu isla Kuban, atzerritik finantzatutako «barne oposizio» bat ere badago-eta. Oposizio hori, nolanahi ere, jokotik at geratu da azkenaldiko erabakiekin, eta, oraingoz, «probokazio neurtuaren politikaren» alde egiten ari da apustu nagusia. Izan ere, oraindik ere, Kubaren eta AEBen arteko harremanen garai berria trabatzeko ahaleginean jarraitzeko xedea du.
Funtsean, Kuba bera eta AEBekin dauzkan harremanak albiste iturri bilakatuko dira aurten; baita goiburu nagusien protagonista ere. Normalizaziorako bidea hasi besterik ez da egin, eta, oraintxe bertan, galderak erantzunak baino gehiago dira. Hartara, unean uneko gertakariak urratsez urrats jarraitzea eta baloratzea da iparrorratz posible bakarra.