Filadelfiako arte museoa ezaguna da mundu osoan Rocky Balboak hango eskailerak korrika igo zituelako, baina ez hainbeste Marcel Duchamp artistaren munduko bilduma onena bertan dagoelako. Rocky fikziozko pertsonaia bat da eta haren irudiaren aurrean ateratzen ditu jendeak argazkiak Museoko kanpoaldean. Duchampen gelak, ordea, hutsik aurkitu ditut. Susmoa daukat Estatu Batuetako (eta munduko) politikan ere gauza bera ari da gertatzen, fikzioak errealitateak baino leku handiagoa du. Usteek, sinesmenek, garrantzi handiagoa dute bozkatzerakoan datuek baino.
Chris museoko langilea da, koadroetako markoak konpontzen ditu. Sartu orduko gaztigatu dit, «[Hautagai errepublikano Donald] Trumpzalerik aurkitu nahi baduzu, ez bilatu bulegoetan, sotoetako langileen artean galdetu beharko dugu. Bulegoetan daudenak, administraziokoak edo komisarioak, horiek denak demokratak dira».
Goiko solairuetara abiatu gara lehenik. Kate kimikaria da eta margoen kontserbazioan egiten du lan. Demokrata sutsua da. «Bizian ez dut ezagutu horren egoera polarizaturik. Gizartea bitan zatitua dago. Gerra zibila ere posible ikusten dut, alde bietan dagoelako armak hartzeko prest dagoen jendea». Irtenbiderik ote den galdetu diot. «Alderdi demokrata hirietako langileekin arduratu da beti, eta errepublikanoa landa eremuetakoekin. Demokratak landatarrez arduratzen hasi arte ez dut ikusten aterabiderik». Jason aurkitu dut alboko bulegoan. Argazkilaria da, laserra erabiltzen du mihiseak barrutik ikusteko. «Eta Pennsylvaniako gizartea, hori nola ikusten duzu barrutik?», egin diot itaun. «Oso zatitua, beti bezala. Filadelfia irla demokrata bat da, baina estatua errepublikanoa da oso», argitu dit. Kamala Harris hautagai demokrataren aldeko mugimendurik dagoen galdetu diot. «Bai, badago, baina Harris ez da Obama, ez dut nabari orduko ilusiorik».
«Beldurra da sentitzen dutena Trumpzaleek, beldurra betiko bizimodua galtzeko. Bizitza bizkorregi doa beraientzat»
CHRISFiladelfiako Arte Museoko langilea
Goiko solairuetako bulegoak utzi eta sotora eraman nau Chrisek. Hantxe zeuden eraikuntzako langileak, arotzak, elektrikariak, igeltseroak. Saiatu da Trumpen alde hitz egingo lukeen bateon bat aurkitzen, baina, baziren arren, ezetz esan digute denek, nahiago izan dute isilik egon. «Tira, gauzak horrela, nahi baduzu nik neuk esango dizut nola pentsatzen duten errepublikanoek. Mendialdeko herri txiki batekoa naiz eta hainbat ezagutzen ditut. Beldurra da sentitzen dutena Trumpzaleek, beldurra betiko bizimodua galtzeko. Bizitza bizkorregi doa beraientzat».
Filadelfiako museoa hiriaren erdialdean dago. Kanonikoa eta klasikoa da. Horregatik abiatu naiz auzo batean dagoen gune alternatibo batera. Indy Hall sortzaile eta ekintzaileentzako espazio bat da. Han biltzen dira informatikariak, start-up-etako jendea, idazleak, artistak, ikus-entzunezkoetan dabilen jendea. Gazteak gehienak. Lan egiteko bai, baina batez ere ideiak partekatzeko lekua da hura, gehiegitan ibiltzen garelako sortzaileak bakoitza bere aldetik.
Kevin eta Alex, bertako arduradunak, eseri zaizkit olezko mahai luzean eta kafe baten karietara. Kevinen aburuz, estatubatuar guztiek bozkatuko balute, ez ginateke egongo egoera honetan, «sistema elektorala nahasia da, ez da erraza bozkatzea». Argitu dit arazoa datorrela «gizon zuriek ez dutelako gutxiengo izan nahi, eta laster izango dira». Teknologian adituak dira bi-biak. Elon Muski buruz duten usteaz galdetu diet, Muskek Filadelfian egin baitzituen unibertsitate-ikasketak, UPenn prestigiotsuan. «Trump baino areago deitoratzen dut», bota dit Kevinek, «munduko pertsonarik aberatsena da, eta dakien guztiarekin mundua alda lezake hobera. Baina ez du nahi».
Hauteskundeen emaitzari buruz, Alexek diost irabazlearen aldea ez dela handia izango, aurkia edo ifrentzua, lehoi edo gaztelu, bozka gutxi batzuek erabakiko dute lehia. Eta gauzak horrela, hain alde txikiarekin galduta, ez dagoela argi Trumpek emaitzak onartuko dituen. «Eta irabaziko balu, zein da jarrera?», egin diet itaun. «Hemengo gizartea erresilientzia handikoa da, aurreko Trumpen lau urtekoan ere ikusi zen», esan du Kevinek. Alexek nahiago du kreatibitateaz hitz egin erresilientziaz baino, eutsi baino eragin gurago.
«Joera dugu muturretara joateko. Utopia bazter batean eta distopia bestean. Baina erdian bide asko daude»
ALANKlima aldaketaren arloko langilea
Gerra zibilaren eta indarkeriaren mamua elkarrizketa guztietan sumatzen da. Batzuek gertu ikusten dute, besteek ezinezko. Alanek klima aldaketaren eremuan egiten du lan. Ez du uste konfrontazio zibilera iritsiko garenik. «Joera dugu muturretara joateko. Utopia bazter batean eta distopia bestean. Baina erdian bide asko daude». Eta ekologian maiz erabiltzen den ideia bat atera dit mahaira: panarkia. Zauden tokitik mundu mailan eragiteko eskubideari deitzen zaio panarkia. «Badago hazkunde garai bat eta ostean krisia eta gainbehera datoz. Bada gakoa da gainbeherari ideia berriekin buelta ematea. Estatu Batuetan behar ditugu errelato berriak, zulora garamatzaten horiek ahaztu eta beste batzuk asmatu, baikorrak, etikoak, eraginkorrak». Edozein ekintza txiki norabide onean, hori nahikoa da, denon esku dago aldaketa.
Stephekin izan dut azkenengo solasa. Steph idazlea da eta tarteka gobernu federalarentzat egiten du lan. «Gobernuko langileak kontserbadoreak dira. Ni salbuespen bat naiz, oso jende aurrerakoi gutxi dago hor barruan». Steph oso arduratuta ikusi dut, eta haserre ere bai. «Kamala Harrisekin egiten ari direna ezin dut jasan. Errepublikanoen sareetan emakume gaizto baten gisa azaltzen dute. Zer erraza den emakumea izanik gaiztotzat jartzea! Hauteskunde hauetan ikusiko da kupula hausten den ala ez. Baina ematen du boto-emaile askok nahiago dutela Trump soilik gizonezkoa delako».
New Yorkera bueltan, trenez, inkestak begiratu ditut. Erdi eta erdi daude. Baina museoko langileek ez zuten esan nahi Trumpzaleak direla. Eta horrela balitz inkestetan ere?