Lehen estatuburua aulkian

Laurent Gbagboren aurkako epaiketa hasi du Nazioarteko Zigor Auzitegiak Hagan, Boli Kostako presidente zela gizateriaren aurkako krimenak agindu izana leporatuta, 2010eko bozen ondoren

Laurent Gbagbo Boli Kostako presidente ohia, atzo, Nazioarteko Zigor Auzitegian. PETER DEJONG / POOL / EFE.
mikel rodriguez
2016ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Hamalau urtean lehenbiziko aldiz, Nazioarteko Zigor Auzitegiak epaiketa bat hasi du estatuburu zela gizateriaren aurkako krimenak agintzea leporatutako norbaiten aurka. Fiskaltzak Laurent Gbagbo Boli Kostako presidente ohiari leporatu dio 2010eko hauteskundeen ondoren zibilen aurkako errepresioa agintzea boterean indarrez mantentzeko, eta ekintzen artean aipatu ditu hilketak eta desagerrarazteak. «Deusek ez zuen utziko Gbagbok galtzea: politikak huts egiten bazuen, indarkeria bertze bitarteko politiko bat zen», adierazi zuen atzo Fatou Bensouda fiskalak Hagako auzitegian. Gbagbok epaimahaiari erran dio ez dela errudun, eta, haren abokatuaren arabera, epaiketa Boli Kostako aldeak «adiskidetzeko aukera gisa» ikusten du.

Gbagboren aitzinetik, jardunean zegoen estatuburu bat jarri zen Nazioarteko Zigor Auzitegiko akusatuen aulkian: Uhuru Kenyatta Kenyako presidentea (2014). Baina epaiketa ez zen hasi, fiskaltzak karguak erretiratu zituelako. Kenyako agintariei leporatu zien trabak paratu eta lekukoak mehatxatzea testigantzarik eman ez zezaten. Kenyattak akusazio guztiak ukatu zituen, eta gaur egun presidente karguan dago oraindik. Gbagboren antzeko akusazioei aurre egin behar izan zien Kenyattak: hauteskunde lehia baten ondoren arerioen aurkako indarkeria agintzea. Baina Kenyako presidentea Gbagboren hagitz bertzelako egoera batean joan zen Hagara. Izan ere, Kenyatta bere kabuz aurkeztu zen auzitegian, oraindik presidente zela, eta Afrikako bertze estatuetako buruzagien babes zabalarekin. Afrikako Batasunak Nazioarteko Zigor Auzitegiari leporatua zion Afrikako agintarien aurka bereizkeriaz aritzea.

Gbagbo, ordea, boteretik kenduta, atxilotuta eta behin-behinean preso eraman dute Hagara. Alassane Ouattara Boli Kostako oraingo presidentearen aldeko indarrek 2011ko apirilean atxilotu zuten, presidentearen egoitzan, Abidjanen. Gatazka 2010eko azaroan sortu zen, hauteskundeen ondoren. Hauteskunde Batzordeak jakinarazi zuen Ouattarak irabazi zuela botoen %54 lortuta, baina Gbagbok helegitea paratu zuen, Ouattararen aldekoek iruzurra egin zutelakoan. Auzitegi Konstituzionalak arrazoia eman zion Gbagbori. Nazioartean, ordea, Ouattarak jaso zuen onarpen zabalena, eta haren aldeko miliziek iparraldetik erasoaldi bat hasi zuten. Gbagbo Abidjanen gotortu zen. Hurrengo hilabeteetan egindako negoziazio saialdiek huts egin zuten, eta Ouattararen tropak Abidjaneraino ailegatu ziren. Frantziak eta NBE Nazio Batuen Erakundearen kasko urdinek Gbagboren aurka esku hartu zuten, Ouattara agintari legitimotzat zutelako, eta Gbagboren aldeko indarrei gerra krimenak egitea leporatu zietelako. Erabat zokoratuta, 2011ko apirilean atxilotu zuten, eta, urte bereko azaroan, Hagara eraman zuten, Nazioarteko Zigor Auzitegiaren esku uzteko.

Gbagborekin batera epaitzen ari dira Charles Ble Goude Gazteria ministro ohia ere, ustez gizateriaren aurkako krimenak egin zituzten gazte miliziak antolatzea leporatuta. Hark ere ez dela errudun erran dio epaimahaiari. Gbagboren emazte Simone Gbagbo ere estraditatzeko eskatua du Hagako auzitegiak, baina Boli Kostan dute preso, hogei urteko espetxe zigor bat betetzen.

«Bi aldeak ikertzen»

2010eko hauteskundeen ondorengo gatazkan hildakoen inguruan zifra zehatzik ez dago—3.000 da hedatuena—. Gbagbok ez ezik, baina, Ouattarak ere salaketa ugari jaso zituen, haren agintepeko tropek ustez egindako hilketa masiboengatik eta bertzelako krimenengatik. Herenegun, Bensouda fiskalari jasotako kritiken inguruan galdetu zioten, Gbagboren aurka bereizkeriaz ari delakoan. «Gatazkaren bi aldeak ari gara ikertzen. Denbora behar dugu, eta Boli Kostako herriari eskatzen diogu pazientzia izateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.