Lehen balantze globala COP28 biltzarrean: anbizioa areagotzeko oinarria

Lurraren berotzea 1,5 gradura mugatzeko indarrean dauden neurrien eragina neurtu dute eztabaida teknikoetan. Herrialdeek klimaren goi bileran aztertuko dituzte emaitzak, eta konpromisoak berritu beharko dituzte 2025erako, ondorioak aintzat hartuta.

UAE WORLD FUTURE ENERGY SUMMIT 2023
COP28ren aurkezpenerako erakusmahai bat, Etorkizuneko Energiaren Munduko Goi Bileran, joan den urtarrilean, Abu Dhabin. ALI HAIDER / EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko azaroaren 29a
05:00
Entzun

Parisko Hitzarmena sinatu zenetik lehenengo aldiz, estatuek azterketa sakon bat egin beharko dute klima larrialdiari aurre egiteko orain arte hartutako neurriei buruz. Itunean balantze globala deitu diotenari helduko diote COP28 biltzarrean, NBE Nazio Batuen Erakundearen klima krisiari buruzko goi bileran —bihar hasiko da, eta abenduaren 12an amaitu—, Dubain (Arabiar Emirerri Batuak). Balantzearen helburua zera da: argitzea ezen herrialdeek, gaur arte hartu dituzten neurrien ostean, zenbateko aurrerapausoak eman dituzten Parisko Hitzarmenaren helburuak betetzeko, eta zenbateko tartea falta zaien oraindik. Argazki hori kolektiboa da, eta ez estatu bakoitzarena, eta harekin irudikatu nahi dute zertan den gizadia klima larrialdiarekin lotutako hiru helburutan: berotzea mugatzeko ekintzetan, kalteetatik babesteko eta klima aldaketara egokitzeko neurrietan, eta estatuen arteko elkarlanean.

Balantze globala bost urtean behin egiteko konpromisoa dago jasoa Parisko Hitzarmenean, eta klima krisiari aurre egiteko lanean ari diren eragileek garrantzi handikotzat jotzen dute, estatuek beren helburuen anbizioa handitzeko aukeratzat baitaukate. Klima politiken azterketa zorrotz bat egin ostean, estatuek beren konpromisoak areagotzeko eta bide orri egokiago bat zehazteko balio behar du prozesuak, sustatzaileen iritziz.

Bi urteko lana amaituko du COP28 biltzarrak. Lehenengo fasean, milaka adituk, gobernu ordezkarik eta bestelako eragilek eztabaida teknikoak egin dituzte Parisko Hitzarmena betetzeko orain arte hartu diren neurrien eraginkortasunari buruz. Azken ikerketa zientifikoetan oinarritu dira horretarako. Atera dituzten ondorioetatik, gomendio sorta bat landu dute atzemandako gabeziak nola gainditu daitezkeen azaltzeko. Eztabaida teknikoen ondorioak bildu zituen UNFCCC Klima Aldaketari Buruzko NBEren Esparru Konbentzioak laburpen txosten batean.

Dubaiko goi bileran, estatuetako ordezkariek egiteko nagusien artean izango dute adierazpen politiko bat adostea, UNFCCCren txostenean oinarrituta, zehazteko zer konpromiso hartuko dituzten balantze globalean atzemandako hutsuneei erantzuteko. Ondoren, konpromiso horiek gauzatzeko plan zehatzak aurkeztu beharko dituzte, datorren urtean eta 2025ean.

Balantzearen gakoak

Gaziak eta gozoak, bietariko elementuak jasotzen ditu UNFCCCren laburpen txostenak, eta gobernu agintariek guztiak hartu beharko dituzte aintzat hurrengo urteetarako bide orriaren oinarriak eztabaidatzerakoan: eraginkorrak direla frogatutako praktika onak eta Lurraren berotzea mende amaierarako 1,5 gradura mugatzeko falta diren sakoneko eraldaketak. Bietan oinarrituta, klima larrialdiari aurre egiteko lehentasunezko ekintzak zerrendatu ditu lanak.

Emandako aurrerapausoen erakusle, balantzean nabarmendu dute Lurraren berotzea 3,7 eta 4,8 gradu artekoa litzatekeela mende amaieran, 2010. urteko joerei eutsi izan balitzaie. Proiekzioetan, 3 eta 3,2 gradu arteko berotzea izango zela kalkulatu zuten 2015ean, Parisko Hitzarmena sinatu eta hainbat estatuk neurriak zehaztu ostean —NDC planak izenekoen bitartez—. Egun, estatuen plangintzak kontuan hartuta, eta horiek iragarri bezala beteko balituzte, 2,4 eta 2,6 gradu artekoa izango litzateke Lurraren berotzea mende amaieran, UNFCCCren esanetan.

Beraz, datuek argi erakusten dute urrats batzuk egin direla, baina oraindik badela itxi beharreko arrakala handi bat berotzea 1,5 gradura mugatzeko behar diren neurrien eta gaurkoz aurkeztu diren plangintzen artean. Horrenbestez, balantze globalean ezinbestekotzat jo dute estatuek anbizioa areagotzea.

Lurraren berotzea 2,4 eta 2,6 gradu artekoa litzateke mende amaieran, estatuek orain arte aurkeztu dituzten neurriak beteko balituzte, balantze globalaren arabera

Berotegi gasen isuriak gutxitzeari dagokionez, balantzean nabarmendu dute egiteko hauek direla beharrezkoenak: energia berriztagarriak nabarmen areagotzea eta horiek ekoiztea, eta «tratatu gabeko» erregai fosilak baztertzea; hain zuzen, «tratatu gabekoak» dira petrolio, gas edo ikatz bidezko energia plantetan berotegi gasen isuriak xurgatzeko teknologiak erabiltzen ez dituztenak, eta teknologia horiek oraindik ez daude behar bezain garatuta eskala handian eraginkorrak izateko. Bestalde, garraio eta industria ereduak eraldatzera deitu dute, deforestazioa amaitzera, eta, karbono dioxidoa alde batera utzita, gainerako berotegi gasen isuriak gutxitzeko neurriak ezartzera; esaterako, metano isuriak murrizteko neurriak.

Lurraren berotzea mugatzeko ekintzen artean, plangintza orokor bat diseinatzera deitu dute, orain arteko ahaleginak koordinaziorik gabeak eta sektore jakin batzuetara mugatuak izan direla iritzita. Ohartarazi du ahalegin horiek modu desorekatuan banatu direla eskualdeen artean, eta kasu gehienetan tokian tokiko komunitateen parte hartze eta gidaritza handiagoarekin sustatu behar direla.

Gainera, balantzeak garrantzi handia aitortu dio baliabide ekonomikoak azkar erabilgarri izateari: batetik, COP27 biltzarrean adostu bezala, estatuek funts berri bat eratuz, klima aldaketara egokitzeko eta haren kalteei aurre egiteko behar handiena duten herrialdeetara bideratutako funts bat; bestetik, nazioarteko finantza sistema eraldatuz, hark kapitala jar dezan klima krisiari aurre egiteko proiektu eraldatzaileetan.

Hamarkada honetan hartzen diren erabakiek —eta hartzen ez direnek— «milaka urtetarako ondorioak» eragingo dituztela ohartarazi du IPCCk

Oinarri horien gainean akordio politiko bat eginda, datozen urteetarako bide orri global baten zirriborroa sortzeko aukera legoke, Lurraren berotzea 1,5 gradura mugatu ahal izateko bidean sartze aldera hamarkada honen amaierarako. Horixe eskatu dute eragile ekologistek aurtengo COP biltzarrerako: norabidea zuzentzeko moduko konpromisoak hartzea, aurrekoen anbizioa behar bezainbeste areagotuta.

Balantze globalak argi dio planetaren berotzea 1,5 gradura mugatzeko aukerak azkar ari direla murrizten, eta ohartarazi du helburu hori gauzaezin bihurtuko dela baldin eta estatuek ez badituzte konpromisoak behar adina indartzen hurrengo balantzearen aurretik —2028an izango da—. Datozen urteotan eraldaketa sakonak egitea erabakigarria izango dela uste du IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak ere. Haren azken txostenak jasotzen duenez, hamarkada honetan hartuko diren neurriek —eta hartzen ez direnek— «milaka urtetarako ondorioak» izango dituzte.

«Munduak anbizio handienarekin erantzun behar dio balantze globalari COP28an, eta horrek esan nahi du energia trantsizio bidezko eta ordenatu bat azkartzea, isurien arrakala ixteko», adierazi zuen klimaren goi bilerako presidente Sultan Al Jaberrek, joan den astean. COP28ko buruaren iritziz, eginkizun premiazkoenak dira energia berriztagarriak hirukoiztea, energia eraginkortasuna bikoiztea, metano isuriak murriztea eta isuri handieneko sektoreen deskarbonizazioa. 

Orain arteko hitzartzeetan ez du aipatu erregai fosilen erabilera baztertzeko beharra, nahiz eta ikerketa zientifiko ugarik nahitaezkotzat jotzen duten klima krisiari aurre egin ahal izateko. Al Jaber, COP28ko presidente izateaz gain, Arabiar Emirerri Batuetako Industria ministro eta herrialde horretako petrolio konpainiaren agintari nagusia ere bada. Hori dela eta, errezelo ugari sortu ditu haren izendapenak. Askok uste dute erregai fosilak baztertzeko trabak jarriko dituela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.