Lehen aldikoz, osoki gaelikoz egin dute udal batzar bat Dublinen

1841etik, udala sortu zenetik, ingelesez egin izan dituzte beti batzarrak. Gaelikoaren erabilera bultzatu asmo du Dublinek.

IPAR IRLANDA - GAELIKOA
Sinn Fein alderdiaren afixa bat gaelikoaren alde, Belfasten (Ipar Irlanda), 2018an. ANDER PEREZ ZALA.
Iñaki Etxeleku.
2024ko martxoaren 5a
10:20
Entzun

Irlandako hiriburuko udal batzarra lehen aldiz osoki Irlandako gaelikoz egin zuten astelehen gauean. 1841etik, udala sortu zenetik, ez zen gertatua halakorik, beti ingelesez eraman baitira horra arte batzarrak.

Hego Irlandaren «independentziak 100 urte pasa dituelarik eta 354 lord mayor edo alkate iragan ondoren, hiriko irlandar komunitatearentzat urrats garrantzitsua» izan da, The Irish Times egunkariak azpimarratu duenez.

Fianna Fail alderdi errepublikanoko Daithi de Roiste alkateak hiriko jende kontaketa aipatu zuen, gaelikoz ari ziren 162.400 hiztun bazirela zehazteko —Dublin hiriak 593.000 biztanle dauzka, eta 1,2 milioi biztanle hirigune osoak—, eta zerbitzuak Irlandako gaelikoz eskaintzeko eskaera gero eta handiagoa dela. «Irlanderaz ari den hiztun belaunaldi berri zaletua agertu denetik Dublingo udaletxeak zerbitzu hori eskaintzeko eginbehar garrantzitsua» duela gehitu du, Irlandako kazetaren arabera.

Sailez sail, 22 aipagai izan zituen bardako herriko batzarrak. Horien artean, gaelikoaren erabilpena sutatzeko egitasmo batzuk, hala nola Gaeilge 365, gaelikoz egin sorkuntza sustatzeko programa, edo «hemendik eta 2027ra irlanderaz hitz egiteko aukerak ugaritzeko» hiri egitasmoa.

Conradh na Gaeilge Irlandako gaelikoaren aldeko kultura elkarteko buru Julian de Spainnek goraipatu du Dublingo udalbatzaren eginahala, The Irish Times-ek dakarrenez, eta beste udaletxe guztiei mezua bidali diela erran du: «Espero dugu beste udaletxe batzuek kontuan hartu dutela Dublingoak egin duena, eta beharbada datorren urtean gauza bera egingo dute beste herriko aginte askoz gehiagok».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.