«Presidente gisa Guantanamo itxiko dut, batzorde militarrak errefusatuko ditut eta Genevako Itunarekin bat egingo dut». Ozen eta sarri errepikatu zuen lelo hori Barack Obama AEB Ameriketako Estatu Batuetako egungo presidenteak 2008ko presidentetzarako kanpainan. 2009ko urtarrilaren 22an, kargua hartu eta bi egunera, hain justu, urtebeteko epea jarri zion bere buruari zeregin hori betetzeko. Ia bi urte igaro dira agintza amaitu zenetik. Gaur, ordea, hamar urte bete ditu Guantanamoko presondegiak, eta ixteko aukerak geroz eta urrunago dirudi. 171 lagunek, berriz, bertan preso jarraitzen dute, «egoera ankerretan» eta auzitegi zibil batek epaitzeko eskubiderik gabe, gobernuz kanpoko hainbat erakundek salatu dutenez.
2001eko irailaren 11ko AEBen kontrako atentatuen ondotik, «terrorismoa» leporatuta atxilotu zituzten akusatuak espetxean epe mugarik gabe preso izateko eremu bilakatu zuen Guantanamoko base militarra George Bush orduko AEBetako presidenteak. 2002ko urtarrilaren 11n, janzki laranjekin, eskuak eta oinak katez lotuta eta buruak estalita iritsi ziren lehen hogei presoak espetxera, legerik gabeko lurralde hartatik igaro diren 779 presoetatik lehenak. Harrezkero, AEBek «terrorismoaren kontrako gerran» egin dituzten gehiegikerien sinbolo bilakatu da Guantanamoko presondegia.
Afganistango inbasioan atxilotu zituzten Guantanamoko espetxean sartu zituzten preso gehienak. Horientzat legez kanpoko borrokalari etsai kontzeptua asmatu zuten, Genevako Itunak gerrako presoei aitortzen dizkien eskubideak aintzat ez hartzeko. Habeas corpus-aren bermea ere ukatu zieten —epe jakin batean epaile baten aurrean agertzeko eskubidea—. Horrez gain, Guantanamoko base militarrean presoak AEBetatik at zeudela argudiatu zuten —1903tik betiereko alokairu kontratua dauka Kubarekin base militarrarentzat—, eta, beraz, AEBetan atxilo baleude izango lituzketen eskubide konstituzionalak ere ez dizkiete onartu.
Guantanamoko linbo juridikoa Bushen eskuetatik Obamaren eskuetara igaro zen bere horretan, eta azken hark ez du hitz emandakoa bete agintean daramatzan hiru urteetan. Bushek Guantanamoko espetxea irekitzea beharrezkoa zela adierazi duen arren, ixtea onena dela onartu du gerora, etsaientzat «propaganda arma» bilakatu dela argudiatuta. Gaur, hain zuzen, Etxe Zuritik Kapitolioraino giza katea egingo dute protesta gisa, AEBetako hainbat erakundek deituta. Guantanamo ixtea, legez kanpoko atxiloketa gehiago ez egitea, tortura eta torturatzaileen zigorgabetasuna amaitzea eta atxilotuek bidezko epaiketa izateko eskubidea errespetatzea exijitzen dute.
«Oroitzapen lazgarriak»
«Ahaztu orain arte ezagutu duzun mundua, ahaztu bizimodu normala, ahaztu guztia», esan zioten militarrek Saber Lahmar aljertarrari Guantanamora heldu berritan, 2002ko urtarrilean. Zortzi urteko amesgaiztoaren hasiera izan zen hura Lahmarrentzat. Janarian droga botatzen zioten lorik har ez zezan, eta maiz jan gabe ere uzten zutela gogoratu du. «Ez zituzten inoiz argiak itzaltzen, eta ziegaren atean motor bat jartzen zidaten, ikaragarrizko soinua egiten zuena. Gurutze Gorriaren bisitetan, ordea, ezkutatu egiten zuten motor hura». Guantanamon emandako urteak gizagabeak izan zirela esan du Lahmarrek. «Urte eta erdian ez nuen eguzkiaren izpirik ikusi», kontatu du. «Bakartuta eduki ninduten. Han ezin zen ibili, ezin zinen mugitu, ezin zenuen hitz egin, debekaturik zegoen eta». Hemezortzi orduko galdetegiak jasan zituela ere azaldu du, eta maiz deskarga elektrikoak ematen zizkiotela, beste hainbat tortura motaren artean.
Murat Kurnaz turkiar jatorriko alemaniarrak ere azaldu du Guantanamoko «oroitzapen lazgarriak» ahanzten saiatu arren ezinezkoa dela. «Amaierarik gabeko galdeketetan militarrek burua uretan sartzen zidaten», kontatu du, «kasik ito arte». Sabaitik zintzilik ere egunak igaro zituela azaldu du, eta «jasan ezineko mina» sentitu zuela. Ezkondu berritan, «bizimodu hobe bat izateko», Korana ikasteko asmoz Pakistanera bidaiatu zuen, 2011ko atentatuen ondotik. Alemaniara itzultzeko aireportura bidean zela atxilotu zuten, eta AEBetako soldaduen esku utzi zuten. Horiek Al-Qaedarekin lotura izatea egotzi zioten. Gerora jakin zuen AEBek bera atxilotzeagatik 3.000 dolar ordaindu zituztela. Izan ere, ustezko talibanak eta Al-Qaedako kideak entregatzeagatik ordainsariak eskaini zituzten. «Errugabe askok Guantanamon amaitu genuen, horrexegatik».
Lahmar eta Kurnat inolako kargurik gabe aske utzi zituzten gerora. Bizitzako zortzi urte lapurtu zizkioten Lahmarri, eta bost Kurnati. Hain zuzen, 779 «terrorista susmagarri» igaro dira hamar urte hauetan Guantanamoko basetik, guztiak gizonezkoak eta musulmanak, eta sei soilik jo dituzte erruduntzat hango batzorde militarrek. Horietatik bost aske daude, euren jatorrizko herrialdeetan edo horiek onartzeko prest agertu diren herrialde bakanetan, eta bakarra ari da betetzen bizi guztiko espetxe zigorra. Guantanamoko Camp 5 eraikinean daukate giltzapetuta. 600dik gora izan dira, beraz, errugabetzat jo eta aske utzi dituztenak, esperientzia lazgarriak behin betiko markatuta, dena den.
Preso dauden 89 lagun beste herrialde batera bidaltzea ere onartu dute, baina uhartean jarraitzen dute oraindik. Besteak beste, AEBak ez direlako gai horiek onartuko dituen herrialderik aurkitzeko. Inork ez ditu Guantanamoko preso ohiak etxean izan nahi, arriskutsutzat jotzen baitituzte, kasu askotan horiek inoiz inolako deliturik egin izana frogatu ahal izan ez duten arren.
Espetxea ixteko AEBetako Gobernuaren ezintasunak giza eskubideentzako «ondare toxikoa» uzten duela kritikatu du AIk Guantanamoko hamargarren urteurrenaren harira argitaratu duen txostenean. Arazoaren oinarria aspaldikoa dela uste du erakundeak, eta nabarmendu du AEBak ez direla gai gainontzeko herrialdeei exijitzen dizkien oinarrizko giza eskubideak bere lurretan errespetatzeko.
AEB. Guantanamoren 10. urteurrena
Legerik gabeko lurraldea
Guantanamoko presondegiak hamar urte bete ditu; 779 preso igaro dira bertatik, eta horietatik sei soilik jo dituzte erruduntzatEspetxea behin betiko ixteko eskatu dute gobernuz kanpoko hamaika erakundek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu