ESPAINIA

Legegintzaldirako gehiengo bat osatzen ahaleginduko da Sanchez

Felipe VI.ak gobernua osatzeko enkargua egin ondoren, Espainiako jarduneko presidenteak nabarmendu du «eskuzabaltasunaren eta politikaren ordua» dela. Ez dute egunik jarri inbestidura prozedurarako.

Felipe VI.a eta Sanchez, gaur, Zarzuela jauregian. EFE
Igor Susaeta.
2023ko urriaren 3a
10:12
Entzun

Espainiako errege Felipe VI.ak Pedro Sanchez PSOEren presidentegaiari eskatu dio gobernua osatzen ahalegintzeko. Alberto Nuñez Feijoo PPkoaren inbestidura ahaleginak porrot egin zuen lehengo astean, eta estatuburuak, hortaz, elkarrizketa saila hasi zuen atzo: Espainiako Gorteetarako azken hauteskundeetan ordezkaritza parlamentarioa lortu zuten alderdiekin biltzen hasi da, beste hautagai bat proposatu eta hura gobernuko presidente izaten ahalegindu dadin. UPNko, CC Koalizio Kanariarreko, EAJko, Sumarreko eta Voxeko ordezkariekin batzartu zen atzo —ERC Esquerra Republicanak, JxC Junts Per Catalunyak, EH Bilduk eta BNGk uko egin diote harekin biltzeari—, eta gaur gauza bera egin du Sanchezekin eta Feijoorekin. Eta, bileren ondoren, Sanchez proposatu duela jakinarazi dio Felipe VI.ak Francina Armengol Kongresuko presidenteari. Hark eman du erabakiaren berri, agerraldi batean. Galdetu diote ea noiz izango den inbestidura prozedura, baina ez du zehaztu, eta gogoratu du epemuga azaroaren 27a dela.

Eta Espainiako jarduneko presidenteak ondoren Espainiako Kongresuan egindako agerraldian adierazi du bihar beste alderdiekin hasiko dituen negoziazioen helburua ez dela izango «soilik» inbestidurarako behar dituen botoak erakartzea, baizik eta legegintzaldirako gehiengo bat osatzen ahalegintzea, Espainiari «egonkortasuna» emateko. Sanchezek «koalizio gobernu aurrerakoi bat» du asmo. Esan duenez, Sumarrekin ahaleginduko da koalizio hori osatzen, eta, orduan, lehen bilera ezkerreko koalizio horretako lider Yolanda Diazekin egitekoa da.

Sanchezen esanetan, koalizio gobernu bat osatzea lortzen badute, saiatuko dira jarraipena ematen «azken lau urteotan egindakoari», baina «eraginkortasuna hobetuta». PSOEren proiektuaren zutarrietako bi izango dira «aurrerabide soziala» eta «espainiarren eta Espainiako herritarren arteko elkarbizitza». Eta erabakiak «Espainiako Konstituzioaren esparruaren barruan» hartuko dituztela ohartarazi duen arren, erantsi du «eskuzabaltasunaren eta politikaren ordua» dela.

Gaur-gaurkoz, Kongresuan ez du behar besteko babesik berriro presidente izendatua izateko. Argi dago zeintzuk dituen kontra: PP, Vox, eta UPN; hau da, 171 boto. Sanchezek PSOEren 121 botoak ditu ziurtatuak, baina iruditzen zaio gai izango dela Sumarren (31), ERCren (7), JxCren (7), EH Bilduren (6), EAJren (5) eta BNG Bloke Nazionalista Galiziarraren (1) babesa ere lortzeko: 178. Ez dago baztertuta, gainera, CCk ere alde bozkatzea, nahiz eta Feijoo babestu zuen lehengo asteko inbestidura prozeduran.

Legegintzaldi honetan, hiru aldiz gertatu da jada 178 botoren batura hori Kongresuan. Batetik, Kataluniako alderdi subiranistekin egoera desblokeatzeko akordioak egin ondoren Armengol ganberako presidente aukeratu zutenean, abuztuan. Bestetik, Feijooren inbestidura prozedurako lehen bozketan; eta bigarrenean ere halaxe izan behar zuen, botoa ematean JxCko diputatu batek huts egin izan ez balu. Inbestidura prozedura batean, lehen bozketan gehiengo osoa behar izaten du hautagaiak; alegia, 176 boto. Bigarren bozketan, ordea, nahikoa izaten da gehiengo soila lortzea.

Ikusi gehiago: Bere printzipioei uko egin izana leporatu dio Feijook Sanchezi

Felipe Borboikoarekin batzartu ondoren, Sumarreko lider Yolanda Diazek adierazi zuen PSOErekin akordio bat lortzetik «urrun» daudela oraindik. Inbestidura baten aurreko asteetan ohikoak izaten dira gisa horretako adierazpenak, baina ia egintzat jo daiteke ezkerreko koalizioak Sanchez babestuko duela, eta, gobernua osatzea lortzen badu, horretako kide izango dela. Ez dago argi Diazek atzo esan zuenagatik izan ote den, baina Feijook adierazi du, gaur, duela hilabete bat baino babes gutxiago duela Sanchezek. «Gezur askokoak izango dira hurrengo asteak», iragarri du erregearekin batzartu ondoren Kongresuan egin duen agerraldian. Nabarmendu du, bide batez, Sanchez kritikatuz, berak «uko» egin diola «edozein preziotan» inbestitua izateari.

Bakoitzaren baldintzak

Gainontzean, babesaren truke, EAJk nahi du Sanchezek lurralde auziaren eztabaida abiatzea. Hori bai, Aitor Esteban jeltzaleek Kongresuan duten diputatuak gogorarazi zion atzo Sanchezi ez direla ari betetzen Gernikako Estatutuaren eskumen aldaketarako ezarritako egutegia. EH Bilduk ez dio marra gorririk jarriko PSOEri, eta, era berean, lurralde auzia jarri du erdigunean.

Kataluniako alderdi independentistek, bestetik, bi baldintza jarri dizkiote Sanchezi babesaren truke: prozesu subiranistak eragindako errepresaliatuei amnistia ematea eta Katalunian erreferendum bat egitearen alde lan egitea hurrengo legegintzaldian. Azken asteetan egin dituzten adierazpenak aintzat hartuta, PSOEk iradokitzen du lehen baldintza behintzat onartuko duela; bigarrena, aldiz, ez, alderdi horretako presidentegaiak gaur ere atea itxi baitio autodeterminazio galdeketa bat onartzeari. Nolanahi ere, bakoitzak profil propioa markatu nahi duenez, badira aldeak ERCren eta JxCren diskurtsoen artean; esaterako, Carles Puigdemont JxCren buruak ez zuen erreferenduma aipatu ere egin aurreko igandean, U-1eko galdeketaren seigarren urteurrenaren harira egindako agerraldi batean.

Ikusi gehiago: Erreferenduma, negoziaziora

Azaroaren 27rako ez bada presidenterik izendatu, erregeak gorteak desegin beharko ditu, eta hauteskundeetara deitu. Gabonak pasatuta egingo lirateke, urtarrilaren 14an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.