Legealdia, epaileen esku

Torra inhabilitatu ala ez ebatzi aurreko auzi saioa egin du atzo Espainiako Auzitegi Gorenak. Kataluniako presidenteak ez du bozetara deituko, «arduragabea» litzatekeelako pandemia betean

Pere Aragones Kataluniako presidenteordea, Quim Torra Kataluniako presidentea eta Meritxell Budo Gerenalitateko bozeramailea, Espainiako Auzitegi Gorenera iristen, atzo, Madrilen. CHEMA MOYA / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Quim Torra Kataluniako presidenteak uko egin dio bere balizko inhabilitazioari aurre hartzeari eta bozetarako data bat zehazteari. Hala, Espainiako Auzitegi Gorenaren esku geldituko da Kataluniako legealdiaren geroa. «Ez naiz ni izango herrialdearentzako horren une kritikoan Kataluniako administrazioa geldiaraziko lukeen hauteskunde lasterketa arduragabe bat behartuko duena». Auzitegi Gorenak bera inhabilitatzea erabakitzen badu, osasun krisi betean legealdiaren amaiera behartzearen «errudun bakarra» Espainiako Estatua izango da, Torraren esanetan.

Kataluniako presidenteak Madrilen egin zituen adierazpen horiek, atzo, Auzitegi Gorenean bere burua aurkeztu eta minutu gutxira. Gorenak azken auzi saioa egin zuen Torra inhabilitatu ala ez erabaki aurretik. Kataluniako Auzitegi Nagusiak urte eta erdiko inhabilitazioarekin eta 30.000 euroko isunarekin zigortu zuen iazko abenduan, desobedientzia leporatuta. Gorenak zigor hori berresten duen ebatzi behar du.

Kataluniako Auzitegi Nagusiak Espainiako Hauteskunde Batzordearen agindu bati entzungor egiteagatik zigortu zuen Torra. Batzordeak agindu zion Generalitateko eraikinetatik xingola horiak eta Preso politikoak, askatasuna zioen pankarta bat kentzeko, iazko apirilean, Espainiako bozetarako kanpainan. Torrak erretiratu egin zituen ikurrak, baina ez batzordeak ezarri zion epearen barruan.

Gorenak epaia berretsiko balu, Torrak kargua galduko luke berehala. Ondoren, Kataluniako parlamentuak 50 eguneko epea izango luke beste presidente bat izendatzeko, eta indar independentistek —iragarri duten moduan— Torra ordezkatzeari uko egingo baliote, bozetara deitu beharko luke Kataluniako Parlamentuko presidenteak. Bozak handik 54 egunera egingo lirateke.

Bere kontrako auzia «guztiz neurrigabea» dela salatu du Torrak. Ziurtatu du Espainiak «pandemiaren eta izugarrizko krisi baten erdian dagoen erkidego bateko presidentea kargugabetu nahi» duela. «Apropos ari da Herrialde Katalanak pobretzen».

Presidenteak Kataluniako indar eta eragile independentisten babesa jaso du Gorenaren atarian. Aldiz, indar independentistek ez dute adostu presidentearen balizko inhabilitazioari nola erantzun. ERCk eta CUPek erreakzio bateratu bat eta bozetarako data bat adosteko eskatu zioten Torrari, baina presidenteak uko egin dio bozetara deitzeari, eta erantzun bat adosteko borondaterik ere ez du agertu oraingoz.

Europara begira

Goreneko saioan, Gonzalo Boye Torraren defentsa abokatuak epaiari aurkeztu dioten helegitea aletu du. Argudiatu du adierazpen askatasunak babesten duela presidentea, eta haren kontrako zigorra «neurrigabea» izan zela. Horrez gain, epaimahaiari eskatu dio epaitu aurreko zenbait galdera zuzendu ditzala Europako Batasuneko Justizia Auzitegira, hark argitu dezan Torra Europako hauteskundeetarako ere inhabilitatu ote dezakeen eta zigor hori proportzionala ote den pankarta bat ez kentzeagatik. Boyeren esanetan, auzian ez dira ezarri «Europako zuzenbidearen irizpideak». Hala, ohartarazi du auzitegiak helegitea onartzen ez badu «beste gatazka juridiko baten hasiera» izango dela, Europara joko dutelako. Erantzun «arduratsua» eskatu dio epaimahaiari.

Fiskaltzak eta Voxen herri akusazioak, berriz, nabarmendu dute Gorenak ez duela inolako beharrik epaitu aurreko galderarik bidaltzeko Luxenburgoko auzitegira. Gaineratu dute horretarako ezinbesteko baldintza dela epaimahaiak arau baten inguruko «zalantza» izatea, eta Torraren auzia «argia» dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.