Erwan Lecoeur soziologoak (Lille, Frantzia, 1970) eskuin muturra izan du aztergai hamarkadotan: gehienbat Frantziako Fronte Nazionala alderdia. Hainbat liburu idatzi ditu Marine Le Pen presidente duen alderdiaz, urteotako aldaketak oinarri hartuta.
Le Penek alderdiaren irudia garbitzeko prozesua abiatu zuen 2011n. Lortu al du bere helburua?
Ez guztiz. 2011n, alderdiko presidente izendatu zutenean, FN egun baino ahulagoa zen. 2007ko presidentetzarako bozen kanpaina zailaren ondoren izan zen: Jean-Marie Le Pen haren aita izan zen hautagaia, 2002an bezala, baina ez zuen bigarren itzulira pasatzea lortu, urte hartan egin bezala; alderdiak zailtasunak zituen politikoki eta ekonomikoki. Testuinguru horretan, Le Pen alabak irudia garbitzeko apustua egingo zuela iragarri zuen. Oinarri elektorala ahalik eta gehien handitzea da prozesu horren helburua, boto-emaile berriak erakartzeko, eta Le Pen alabak hori lortu du. 2012ko presidentetzarako bozak izan ziren lehen adibidea, bere aitak baino emaitza hobeak lortu baitzituen, eta hor ikusi zen gai zela boto emaile berriak erakartzeko, batez ere emakumeak eta gazteak. Beraz, esan dezakegu FNren irudia garbitzen ari dela, eta Le Pen alabaren figurak ahalbidetu duela bide horretan sakontzea; 2017ko bozen emaitzak dira horren erakusle.
Bukatu al da prozesu hori? Ala gehiago egin behar du?
FN eta bere figura garbitzea lortu du, hein batean, eta alderdiaren ideiak gizartean errotu dira. Aliantzak adostea da hurrengo pausoa, boterera iristeko. Alderdi politikoekin edo indar sozialekin egin ditzake, denak elkartzeko, alderdiaren kongresuan proposaturiko izen aldaketak erakusten duen bezala: Batasun Nazionala. Baina oraindik gehiago egin behar du hori lortzeko.
Eskuina da aliatu posible nagusia: Errepublikanoak (LR) alderdia. Baina Laurent Wauquiezek, LR alderdiaren presidente berriak, aurreko buruak baino diskurtso eskuindarragoa du, eta horrek zalantza ugari pizten ditu FN-n, LR aliatu ala etsai ote den.
Hori arazo bilakatu da Le Penentzat. Wauquiez da arazoa, sarkozysmoa egiten ari baita: Nicolas Sarkozyk FNren alde bozkatu zuten boto emaileak berreskuratu nahi zituen 2007ko kanpainan, eta Wauquiezek estrategia bera du, eskuineko gaiak aipatuz: gai identitatiroak, islamismoaren aurkako jarrera... Eta hori arrisku bat da Le Penentzat. Gainera, Wauquiezek ez du aliantzarik nahi FNrekin; eskuin muturraren boto emaileak nahi ditu. LR alderdikobatzuek esaten dute egun posible dela FNrekin aliantzak egitea, ez delako lehengoa, eta irudi garbiketaren ondorio da hori. Oraingoz, Le Pen saiatuko da eskuineko boto emaileak FNra hurbiltzen, baita ezkerrekoak ere, Jean-Luc Melenchonenak; sistema aldatu nahi duten guztiak, alegia. Testuinguru politiko berri bat nahi du Frantzian: alde batean Emmanuel Macron Frantziako presidentea, eta bestean Le Pen bera.
Alderdiaren izena aldatzea nahikoa izango da?
Ez. Lehenik, izen aldaketa ez delako oso indartsua; Batasun Nazionala askotan erabili baitute Frantzian. Gero, izena ez delako asko aldatu; lehen pauso bat da, noski, baina gehiago egin beharko ditu, batez ere indar politiko eta sozialak aurkitu, sinetsita daudenak Le Pen aldatu egin dela urteotan, eta Macroni aurre egin diezaiokeen bakarra dela: hori izango da Le Penen bigarren fasea. Baina hori lortzeko alderdiaren programa aldatu beharko du, eta gauza berriak asmatu beharko ditu, horrek ahalbidetuko baitio FNtik kanpo dagoen jendea erakartzea.
Beste izen bat proposatu duen arren, eskuineko boto-emaile askorentzat Le Pen abizena dago lotuta alderdiarekin, eta horregatik ez dute alderdia bozkatzen.
Bai. FNk lepenismoa izena izan beharko luke, FN Le Penen alderdi bilakatu baita, familiaren alderdia baita. Dena den, iaz Le Penek lortu zuen espektro politikoa zabaltzea, aitak ez bezala, eta aliantzak lortzea; 2017ko bozetan Nicolas Dupont-Aignanek bezala, adibidez. Baina egia da datozen urteetarako haren abizena oztopo izan daitekeela. Aldi berean, puntu indartsu bat izan daiteke betiko boto emaileei dagokienez, erakusten duelako FN betiko alderdia dela, ez dela aldatu, askok Le Penen alde bozkatzen baitute, FNren alde beharrean. Le Pen abizena kristalezko sabaia da.
Datorren urteko Europako bozak dira Le Penen lehen helburua. Eutsiko dio Europako eskuin muturraren olatuari?
Le Penentzat onak dira Italiako, Austriako, Suitzako, Herbeheretako eta Europa iparraldeko emaitzak, eta badaki hori. Badaki Europan nazional-populistak gora ari direla etengabe, eta dinamika hori baliatu nahi du. Joan den urteko Frantziako bozen bigarren itzulira arte, mugimendu horren burua zen Europa osoan, indartsuen eta goren zegoelako Europan. Behera egin duen arren, mugimendu horretako aurpegirik garrantzitsuena da, eta datorren urtean Europako beste herrialdeetako emaitzak baliatu nahi ditu.
Iaz galdu al zuen Frantzian gobernatzeko aukera bakarra?
Ez. 2022an aurkezten bada, eta Emmanuel Macron Frantziako presidenteak ez badu jendea konbentzitzea lortzen, haserre horretaz balia daiteke. Zalantzarik gabe, Macronen aurkari nagusia izango da urte horretan. Aukera gehiago izan ditzake.
Florian Philippotek Patriotak alderdia sortu berri du. Arrisku bat da, etsai bat da FNrentzat?
Patriotak lehiakide gogaikarria da. Ez boto asko edo lehia handia egingo diolako FNri, boto-emaileak gogaitu egiten direlako eskuin mutur zatitu bat ikusten duten bakoitzean. Patriotak alderdiak botoen ehuneko txiki bat har diezaioke FNri, batez ere Europako bozetan, baina ez du asko iraungo, ez da mugimendu handi bat izango, FN bezala. Boto emaileentzat, Le Pen da eskuin muturraren burua. Dena den, Le Penentzat Frantziako bozak dira garrantzitsuenak.
Erwan Lecoeur. Soziologoa eta eskuin muturrean aditua
«Le Penek gauza berriak asmatu beharko ditu jendea erakartzeko»
Lecoeurrek ohartarazi du Le Pen herritarren haserreaz balia daitekeela, Macronek haiek konbentzitu ezean; ordea, uste du FNk programa aldatu beharko lukeela, boto emaile gehiago bereganatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu