Laurent Gbagbo Boli Kostako presidente ohia aske utzi du Hagak

Gizateriaren aurkako krimenak agintzea leporatuta epaitu du Nazioarteko Zigor Auzitegiak

Igor Susaeta.
2019ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Nazioarteko Zigor Auzitegiak epaitutako lehendabiziko estatuburua izan da Laurent Gbagbo 2000 eta 2011 artean Boli Kostakopresidentea izan zena. 2010eko presidentetzarako hauteskundeen testuinguruan gizateriaren kontrako krimenak agindu izana egotzita eseri da akusatuen aulkian, baina Hagak kasua artxibatzea erabaki zuen, atzo. «Fiskaltzak huts egin du zibilen kontrako krimenak egiteko plan bateratu bat zegoela erakusteko orduan», ebatzi du Cuno Tarfusser epaimahaiko presidenteak. Ia zortzi urte atxilotuta pasatu ondoren, aske geratu dira, beraz, bai Gbagbo, bai Charles Ble Gazteria ministro zena. Epaiketa 2016an hasi zen.

Zortzi urte egin behar dira atzera epaitutako gertakariak kokatzeko. Presidentetzarako hauteskundeak egin zituzten Boli Kostan 2010eko urrian eta azaroan. Alassane Ouattara oposizioko burua zenak —presidentea da egun— irabazi zituela esan zuen Hauteskunde Batzordeak hasieran. Baina Batzorde Konstituzionalak zenbait probintziatako emaitzak baliogabetu zituen —oposizioko burua gailendu zen leku horietan—, eta Gbagbo izendatu zuen garaile. Ouattarak iruzur egitea leporatu zion Gbagbori, eta gerra hasi zen bataren zein bestearen jarraitzaileen artean. Hurrengo bost hilabeteetan 3.000 bat pertsona hil ziren, eta gatazkak 500.000 desplazatu inguru eragin zituen. NBE Nazio Batuen Erakundeko kasko urdinen eta Frantziako armadaren babesa eduki zuten Ouattararen aldekoek, eta haiek atxilotu zuten Gbagbo, 2011ko apirilean.

Fiskaltzaren arabera, Gbagbok aipatutako bost hilabeteetan egin zituen agerraldi publikoetan krimenak egitera deitu zituen bere aldekoak. Epaimahaiko presidenteak ebatzi du, ordea, diskurtso haiek ez zirela krimenak egiteko «aginduak». Hiru epailek parte hartu dute epaiketan, eta gehiengoz hartu dute Gbagbo aske uzteko erabakia.

FIDHen kritika erabakiari

FIDH Giza Eskubideen Nazioarteko Federazioa Hagako Auzitegiak hartutako erabakia kritikatu du. Komunikatu bat kaleratu zuen atzo gobernuz kanpoko erakunde horrek, eta salatu «inpunitaterantz» beste pauso bat eman duela. «Albiste ezin txarragoa da biktimentzat; balizko erremediorik gabe abandonatu dituzte». Erabakiari helegitea jartzeko eskatu dio fiskaltzari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.