Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Negoziazioak

Laura Borras: «Arazoa Sanchezek du presidente izan nahi badu»

Junts Per Catalunyak hauteskundeak berriz egiteko beldurrik ez duela berretsi, eta benetako negoziazio bat eskatu dio alderdiaren buruak PSOEri, «gatazka politikoa desblokeatzeko»

Laura Borras, Kataluniako Parlamentuan, artxiboko argazkian. QUIQUE GARCIA / EFE.
Odei A. Etxearte - Mikel P. Ansa
Vilaweb
2023ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Pedro Sanchezek Espainiako Gobernuko presidente inbestitua izan nahi badu berriro, JxC Junts Per Catalunyako zazpi diputatuen laguntza beharko du, eta Laura Borras alderdiko presidenteak, Vilaweb atari digitalari emandako elkarrizketa batean —atzerriko botoen zenbaketaren berri eman aurretik dago egina—, ziurtatu du haien botoak ez direla doakoak izango. «Espainiako Gobernuko presidente izan nahi duenak egon beharko luke urduri; bera lasai baldin badago, gu are gehiago», adierazi du. Ez du urduritasunik adierazi, ezta atzera hauteskundeak egitea suertatuko ote den galdetuta ere: «Pedro Sanchezek mugituko du fitxa, mugitu nahi duenean. Arazoa, inork izatekotan, Pedro Sanchezek dauka estatuko presidente izan nahi badu. Guk ez daukagu inolako arazorik. Lehen geunden tokian gaude».

Sanchez duela hiru urte presidente hautatu zutenean, «inbestidura onartu zen inolako onura kolektiborik lortu gabe Kataluniarentzat», Borrasen hitzetan. Horregatik, orain Sanchezen asmoak neurri handi batean JxCren esku dauden honetan, berretsi du ez dutela hura presidente egingo trukean ezer lortu gabe.

Amnistiaz eta autodeterminazioaz aritu nahi du JxCk PSOErekin. «Ikusi beharko da ba ote dagoen borondaterik Espainiaren eta Kataluniaren arteko gatazka politikoa konpontzeko. Orain gutxi arte, gatazka bazenik ere ukatzen aritu dira. Meritxell Batetek [Espainiako Kongresuko jarduneko presidenteak] kanpainan esan zuen: 'Katalunia ja ez da arazo bat'. Orain, estatua gobernatu nahi dutenek independentismo katalanarekin elkar aditu beharko dute, eta, batez ere, JxCrekin».

Baina amnistiaz eta autodeterminazioaz soilik aritu nahi dute? «Ez dugu mugatuko negoziazioen esparrua», erantzun du Borrasek. Argi zehaztu du, halere, ez dutela negoziazioa eskumen batzuetara murriztuko. PSOEk eskainiko balie Kataluniaren finantzaketa hobetzeaz edota aldirietako trenen eskumenaz aritzea, «iraintzat» hartuko lukete, Borrasen arabera: «Jadanik gurea den zerbait eman diezaguten negoziatzera eseri behar dugu? Horrek esan nahi du ez dutela ulertzen zer den negoziazioa. Kartzelara joan da jendea, erbestera joan da jendea, errepresioa erabatekoa da. Benetan? Independentziari buruz hizketan ari gara eta Rodalies [aldirietako trenak] jartzen digute aurrean? Iraina da».

Borrasek ez du argitu PSOErekin kontakturik izan ote duten, baina argi utzi du ez dutela jaso «negoziatzeko» proposamenik oraingoz. «Guztiak ari dira kontaktu horiei buruz hizketan, negoziazioak baleude bezala. Pedro Sanchezek erantzukizun bat du, eta oso ongi jakingo du nola bideratu, ez uso mezulariekin edo modu informalean. Negoziazioaren kontzeptua oso serio hartzen dugu guk. Esan dugu negoziazio mahai bat behar dela, ez elkarrizketa mahai bat; balio handia ematen diogu negoziazio hitzari».

Ukatu egin du Espainiako Kongresuan bere alderdiak talde propio bat eratzeko aukerari buruz hizketan ari direnik. «Ez dago horren negoziaziorik. Ez dugu maila horretan lan egingo oraintxe. Negoziatu nahi duenak badaki nola negoziatu behar duen, zer baldintzatan, zer kanaletatik, eta zer mailatan». Eta ez du argitu, era berean, Carles Puigdemontek negoziazio horietan zuzenean esku hartu beharko lukeen.

Hauteskundeen izurik ez

Espainian gobernurik eratuko ez balitz, hauteskundeak aurreratzea gerta liteke, eta horrek ez diela izurik sortzen adierazi du JxCko buruak. «Guri ez digu ezerk beldurrik ematen. Gerta liteke? Bai. Eta zerbait jokoan duenaren esku egongo da hori. Eta zerbait jokoan duena, Espainiako Estatuko presidente izan nahi badu, hori Pedro Sanchez da». Borrasek negoziatzeko jarrera markatu du, eta nabarmendu du «gatazka politikoa desblokeatzea» dela helburua, hauteskundeak berriz egingo diren edo ez begiratu gabe. «Ez duzu nahi hauteskundeak berriz egitea? Badakizu, oso argi, nola negoziatu behar den. Ez dugu aldatuko gure jarrera».

Ukatu egin du JxCko zuzendaritzaren zatiketa. «Erabakiak hartu behar dituen nukleoa osatzen duten pertsonak lerrokatuta gaudelako». Eta ukatu egin du, era berean, aukera hau baliatuko dutela irtenbide pertsonalak aurkitzeko —Borras bera epaitua eta zigortua dago prebarikazioagatik eta dokumentu publikoak faltsutzeagatik; Espainiako Auzitegi Gorenean jarria dauka helegitea—: «Konponbide pertsonal bat nahi izan banu, fiskaltzarekin akordioa egingo nukeen. Iruditzen zait izugarri argiak izan garela, ni neroni, eta baita Puigdemont presidentea ere: konponbide politiko orokorren alde ari gara lanean, konponbide kolektiboen alde. Beldurtzekoa da zenbat pertsona dauden prozesu judizialetan: 4.000 baino gehiago dira. Estatuak errepresaliatutako guztientzat behar da amnistia».

Independentismoak bozetan izandako galerak ere aztertu ditu Borrasek: «Udal bozetan boto galera handi bat gertatu zen, eta U-23ko bozetan handitu egin da. Guri beste alderdi politiko independentista batzuei baino gutxiago eragiteak ez du esan nahi ez garenik kezkatzen. Mezu horiei kasu egin behar diegu, okerrak zuzentzeko. Jendearen ahalik eta indar gehiena behar dugu, hori baita demokraziaren indarra, eta independentismo katalanak hortik atera baitu bere zilegitasuna».

Onartu du boto emaile independentista batzuek abstentziora jo dutela, «mugimendu independentista ez delako gai izan agindutakoak gauzatzeko. «Eta, bestalde, ez gara gai batzen gaituena onesteko, eta zatitzen gaituen horretan indarra egiten dugu». Independentismo katalanak «zuzendaritza estrategiko bat» beharko lukeela ere berretsi du. «Beti esan dugunari eusten diogu: independentisten batasuna behar dugu, gertakizunek erakusten baitigute batera joan garenean egin dugula gehien aurrera independentziarantz».

Kongresuan ere txikitu egin da independentisten ordezkaritza. «2019an independentismo katalanak Madrilen 23 diputatu izatea eta orain 14 izatea, bistan da, ez da albiste ona. Aldi berean, egia da kopuruak ez duela inporta horrek eragiteko duen gaitasunak baino gehiago. Orain, zazpi diputatu erabakigarriak izan litezke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.