Lau urte deseginda

Nazioartean zilegitasuna duen Libiako gobernuak ez du onartu NBEren batasunerako plana.Lau urte bete dira matxinoek Gaddafi hil zutenetik

Tobrukeko gobernuaren aldeko indarrak, iragan martxoan, Sirte hiriaren inguruan. STR / EFE.
mikel rodriguez
2015eko urriaren 21a
00:00
Entzun
Lau urte bete ziren atzo Muammar Gaddafi Libiako buruzagia hil zutenetik. Sirte hirian matxino talde batek harrapatu, jipoitu eta hil zuen, NATOren hegazkinek haren konboiari eraso ondoren, ihesean zihoala. Gaddafiren erregimenak bi hilabete lehenago galdu zuen Tripoli hiriburuaren kontrola, eta ordutik Libiako Estatua desegiteko bidean paratu zuten gero eta indar handiagoa zuten miliziek. Lau urte geroago, zatiketa gero eta errotuago dago. Bi gobernuk aldarrikatzen dute herrialdearen ordezkaritza, eta NBE Nazio Batuen Erakundeak batasunerako aurkeztutako proposamenak huts egin du. Tobruk hirian ezarritako parlamentuak baztertu egin du Bernardino Leon bitartekariaren plana. Tripoliko gobernuak ez dio erantzun ofizialik eman, baina herenegun adierazi zuen plana sinatzeak «zailtasunak areagotuko» dituela.

2014ko abuztuan milizia islamisten aliantza batek kontrolpean hartu zuen Tripoli, eta gobernuak ekialdeko Tobruk hirira egin zuen ihesi. Tripolin gobernu alternatibo bat eta parlamentu bat eratu zuten milizia horien babesarekin, baina nazioartean Tobrukeko gobernuak eta parlamentuak mantendu dute zilegitasuna. Leonek atzo arteko epea eman zien bi gobernuei proposamenaren inguruan erabaki bat hartzeko. Tobrukeko parlamentuak ez du onartu, bertzeak bertze, Leonek proposamenean mantendu egin dituelako Tripolik aurkeztutako emendakinak, Farraj Abu Haxem diputatuak AP agentziari erran dionez. Bi gobernuek Leoni leporatu diote haren kontutik prestatzea proposamenak, bi aldeen ikuspuntuak kontuan hartu gabe.

Nazioartearen presioa

Bereziki nabarmena da nazioarteko presioak ez duela eraginik izan Tobrukengan, hura bada ere atzerrian onartutako gobernua. Mendebaldeko sei herrialdek, bortz herrialde arabiarrek, Turkiak eta EB Europako Batasunak adierazpen bat sinatu dute Libiako bi gobernuei eskatzeko «berehala» onar dezatela NBEren plana. Gainera, EBk mehatxua egin du «batasun nazionaleko gobernuari trabak» paratzen dizkion edonor zigortzeko. Tobrukeko parlamentuak adierazi du negoziatzen segitzeko prest dagoela, baina Leonek adierazia du atzo arteko epea irmoa zela.

Bi gobernuen desadostasunen artean, adibidez, Tripolikoa kexu da Leonek diseinatutako gobernuan botere gutxiago edukiko lukeela Tobrukek baino. Abdulrahman Sewehli akademikoak argudiatu zuen hori estatu kontseiluko buruzagi izateko eskaintza baztertzeko. Tobrukek, berriz, mesfidantza agertu zuen batasuneko gobernuak eskumena izanen lukeelako kontsentsuz hautatu ez diren karguak ezeztatzeko. Izan ere, modu horretara ken lezakete kargutik Libian erabakigarri bilakatu den pertsona bat, Tripoliren etsai amorratua: Khalifa Hafter jenerala.

Hafterrek Gaddafi babestu zuen 1969ko kolpean, baina 1980ko hamarkadan AEBetan erbesteratu zen. 2011n itzuli zenLibiara, eta ordutik milizia boteretsu bat eratu du, Tobrukeko gobernuaren adar militarra bilakatzeraino. Igandean bertan, Hafterrek ohartarazi zuen Tobrukek «terroristekin» batasuneko gobernua osatuz gero ez zuela akordioa errespetatuko.

Lau urteren ondotik, Libiaren banaketa erabatekoa da: bi gobernu, gerraren jauntxo boteretsu bat, eta dozenaka milizia armatu. Gainera, azken urtean osagairik arriskutsuenetakoa gehitu zaio: EI Estatu Islamikoa. Reuters agentziaren arabera, atzo hegazkinekin EIren posizioak bonbardatu zituzten Sirten, Gaddafi hil zuten urteurrenean, Gaddafi hil zuten hirian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.