Lau migratzaile ito egin dira gaur goizaldean, Frantziatik abiatuta Mantxako kanala zeharkatu nahian. Hirurogei pertsona inguru erreskatatu dituzte erreskate taldeek, iturri ofizialak aipatuta hainbat egunkarik kaleratu dutenez. Frantzia iparraldeko Bolougne-sur-Mer herrian egin dituzte erreskate lanak. Erresuma Batura heldu nahi zuten migratzaileen abisua jaso ondoren bertaratu dira patruilak ontzia hondoratu den tokira, AFP albiste agentziak jaso duenez.
«Itsas eremu honetan baldintza meteorologikoak zailak izan ohi dira, eta itsasoa arriskutsua da lasai dagoenean ere», azaldu du Frantziako itsas prefekturak, ohar baten bidez. Besteak beste, herenegun 126 migratzaile erreskatatu zituzten Calais hiriaren inguruan. Ingalaterrako kostaldetik 34 kilometrora dago.
Iaz 30.000 immigrante inguru heldu ziren Erresuma Batura Mantxako kanala gurutzatu ondoren, hango gobernuaren datuen arabera. 2022an, ordea, marka guztiak hautsi ziren, 45.000 baino gehiago izan baitziren, eta aurten jada 14.000 inguru dira ibilbidea egin dutenak. Yvette Cooper Erresuma Batuko Barne ministroak adierazi du gertatutakoa «benetan beldurgarria» dela, eta hitzeman du «talde kontrabandista eta kriminalen» aurkako neurriak azkartzen ari direla.
Uztailaren 5ean Keir Starmer laborista lehen ministro izendatu zutenetik izan den halako lehen gertakaria da. Kargua hartu bezain laster, Starmerrek bertan behera utzi zuen Ruandarako deportazio plana, 2022an Boris Johnson orduko lehen ministroak proposatu eta Rishi Sunakek aurrera eramandakoa. Sunaken gobernuak ere Bibby Stocholm ontzia erabili zuen asilo eskatzaileak hartzeko. Halere, gobernu berriak adierazi du mugako kontrola «zorroztuko» duela, polizia eta zerbitzu sekretuetako ofizial ugariz osaturiko Segurtasun Komandoaren bidez.