Hilabete pasa behar izan dute Israelgo Gobernuak eta Hamasek, Qatarren bitartekaritzarekin, menia bat adosteko. Goizaldean heldu da erabakia, eta harekin batera akordioari buruzko xehetasunak. Lau egun iraungo du meniak, eta tarte horretan Tel Avivek eten egingo ditu operazio militar guztiak, baita ibilgailu militarren mugimenduak ere; Gaza hegoaldeko aire eremua etengabe zeharkatzen duten droneak ere geldituko dituzte bitarte horretan —iparraldean, egunean sei orduz etengo dituzte hegaldiak—. Aldi berean, Israelgo Gobernuak aske utziko ditu preso dauden 150 emakume eta adingabe palestinar, eta, trukean, milizia palestinarrek joan den urriaren 7an bahitutako 50 israeldar askatuko dituzte. Horrez gain, meniak irauten duen artean, giza laguntzarako hainbat ibilgailu sartu ahal izango dira zerrendara. Hamasek jakinarazi duenez, su etena bihar 10:00etan hasiko da.
Israelgo Justizia Ministerioak espetxeratuta dauzkan 300 laguneko zerrenda bat argitaratu du bere webgunean. Lista horretan dauden 287 palestinarrek 18 urte edo gutxiago dituzte, eta gehienei egozten zaien delitua da harriak edota molotov koktelak jaurtitzea Zisjordanian eta Jerusalem ekialdean. 13 emakume ere badaude. Azaldu dutenez, zerrenda hori plazaratu dute Israelgo herritarrek preso jakinen gaineko apelazioak jartzeko aukera izan dezaten. Israelgo Auzitegi Gorenak, baina, atzera bota du presoen askapena blokeatzea eskatzen zuen helegite bat.
Israelgo espetxeetan 10.000 palestinar inguru daude preso gaur egun, eta horietatik 5.200 inguru zeuden atxilo urriaren 7a baino lehen; ordutik, beste 3.000 pertsona atxilotu dituzte, Zisjordanian eta Jerusalem ekialdean egindako sarekadetan. Horietatik 145 inguru adingabeak dira, eta 37 kazetariak. Tartean badira atxilotze administratibopean daudenak ere —2.200 inguru—, hau da, euren aurkako karguen berri izan gabe preso daudenak; horien atxiloaldia nahi beste luza dezake Israelgo armadak, haien aurkako salaketak zeintzuk diren zehaztu gabe.
akordioaren gakoak
Urriaren 7an bahitu eta geroztik Gazako zerrendan atxikita dauzkaten 50 emakume eta adingabe israeldar askatuko ditu Hamasek.
Israelgo espetxeetan dauden 150 emakume eta adingabe utziko ditu aske Tel Avivek.
Erasoak eten egingo ditu Israelek, eta ibilgailu militarrak ere geldirik egongo dira su etenak irauten duen artean. Tarte horretan, gainera, Salah al-Din errepidea zabalduko du, Gaza iparraldea eta hegoaldea lotzen dituena.
Erregaia eta bestelako giza laguntza daramaten kamioiak sartu ahal izango dira zerrendan.
Israel prest agertu da menia beste egun batez luzatzeko, Hamasek hamar bahitu aske uzten dituen bakoitzean. Baina, aldi berean, zehaztu du «behin-behineko menia bat» dela, eta gerra ez dela amaitu.
Bestalde, 237 lagun ditu bahituak Hamasek, Israelgo iturrien arabera; tartean, 33 adingabe. Hainbat nazionalitatetakoak dira bahituak, eta horien artean daude Thailandiako hogei nekazari. Orain arte, lau pertsona utzi dituzte aske milizia palestinarrek, bi israeldar eta bi estatubatuar. Hamasen arabera, beste 50 bahitu hil dira Israelen bonbardaketetan. AEBetako Gobernuko iturriek zabaldu dutenez, 3 urteko haur bat dago datozen orduetan aske utziko dituzten bahituen artean. Hain zuzen ere, AEBetako presidente Joe Bidenek txalotu egin du menia, eta Israelen jarrera goraipatu, erabakia soilik harena balitz bezala: «Benetan eskertzen dut [Benjamin] Netanyahu lehen ministroak eta haren gobernuak egindako ahalegina menia bat lortzeko eta hala Gazara giza laguntza sartu eta familia palestinarren sufrimendua arintzeko». Bahituen senideek «ongi etorria» eman diote akordioari, baina denak «berehala» askatzeko eskatu dute, aldi berean, ohar baten bidez. Plazaratu dute, gainera, behin su eten bat indarrean sartuta, «are gehiago» handitzen dela Israelgo Gobernuaren «erantzukizuna».
Gogorrak izan dira negoziazioak Netanyahuren gobernuan. Horren froga da ez dutela aho batez hartu meniaren aldeko erabakia: gobernua osatzen duten 38 ministroetatik hiruk bozkatu dute aurka; hirurak dira eskuin muturreko Alderdi Juduko kideak, tartean Itamar Ben-Gvir Segurtasun Nazionalerako ministroa. Netanyahuk berak babestu egin du etenaldia, baina argi utzita horixe besterik ez dela, behin-behineko menia bat, eta horren ostean gerrak jarraitu egingo duela, «Hamas erabat suntsitu arte». Zehaztu du, ordea, prest leudekeela etenaldia beste 24 orduz luzatzeko, miliziek hamar bahitu aske uzten dituzten bakoitzean. Qatar ari da bitartekari bi aldeen artean, eta hango iturriek adierazi dute ez dagoela baztertuta, hain justu, menia luzatzea.
Israelgo armadak, baina, gaur eguerdian nabarmendu du su etena «beharbada» ez dela goizean sartuko indarrean, ordu batzuk geroago baizik. «Oraindik egun bat baino gehiago behar da hau dena ondu arte», adierazi du Richard Hecht teniente koronelak, agerraldi batean. «Oraindik ez dauzkagu markoaren xehetasunak». Zehaztu nahi izan du, gainera, berak ez diola «menia» deitzen adostutakoari, «eten operatiboa» baizik, iradokiz ez dutela baztertzen atzera erasoaldia hastea, behin bahituak eta presoak trukatuta.
Milaka hildako
Urriaren 7an miliziek Israeli eraso eta Tel Avivek orain arte ez bezalako erasoaldi bati ekin zionetik, 14.000 lagun hil dituzte Gazan, eta beste 2.700 desagertutzat jo dituzte —uste dute hondakin artean harrapaturik daudela gehienak—. Netanyahuri berari kritika ugari egin dizkiote, milizien erasoa ez aurreikusteagatik, eta zenbaitek zalantzak ere agertu dituzte lehen ministroak ez ote zuen nahita ahalbidetu hura, Hamasen aurka jo ahal izateko.
Baina horrek guztiak ez du eten erasoaldia. Lehen ministroak alde ditu Mendebaldeko gobernuak, nahiz eta azken asteetan horietako zenbait hasiak izan «etenaldi humanitarioak» eskatzen. Aldiz, entzungor egin die NBE Nazio Batuen Erakundearen eta beste giza eskubideen aldeko mugimenduen salaketei. Netanyahuk argi utzi du ez dela geldituko «Gazak Israelentzako mehatxu izateari uzten dion arte».
Hala, Israelgo Gobernuko kideak meniaz eztabaidatzen aritu diren artean, armadak ez du denborarik galdu, eta jarraitu egin du bonbardaketekin. WAFA berri agentziaren arabera, zerrendan gutxienez 81 lagun hil dituzte gaur gauean, tartean bi kazetari. Gaza iparraldean, Al-Awda erietxea bonbardatu dute, eta gutxienez lau mediku hil. Horrez gain, OME Osasunaren Mundu Erakundeko kide bat, haren sei hilabeteko haurra, senarra eta bi anaia ere hil dituzte, haien etxea bonbardatuta. Zisjordanian ere zazpi lagun hil dituzte gaur, haietatik sei drone batekin egindako eraso batean.
Akordio txalotua
Azken asteetan, ugari izan dira su eten bat eskatu duten nazioarteko agintariak, eta horiek erabakia txalotu dute. Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak, adibidez, «bihotzez» ospatu du berria; egindako lana eskertu die bitartekari lanak egin dituzten herrialdeei, eta «Hamaseko terroristei» eskatu die bahituta dauzkan lagun guztiak askatzeko: «Ama eta seme-alaba horiek atxikita jarraitzen duten egun bakoitza gehiegi da». Gehitu du Europako Batzordeak ahalik eta laguntza humanitario gehien bidaliko duela Gazara menia indarrean izango den egunetan.
Josep Borrell EBko diplomazialariak, berriz, adierazi du «Israelen eta Palestinaren arteko bakea lortzeko une egokia» dela. Haren iritziz, krisiak ez du konponbide militarrik, eta EBk lan garrantzitsua egin dezake «Hamasek eragindako min erraldoia gainditzeko ahaleginean». Azkenik, bi estaturen konponbidea defendatu du, eta EBri egotzi dio haren alde ezer gutxi egin izana.
53Urriaren 7tik gatazkan hildako kazetariak. CPJ Kazetariak Babesteko Batzordeak gaur jakinarazi duenez, joan den urriaren 7an «Israel-Hamas gerra» hasi zenetik 53 kazetari hil dira horren ondorioz. Elkarte horrek zehaztu du 46 kazetari palestinarrak direla, lau Israelgoak, eta hiru Libanokoak.
Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak ere begi onez ikusi du akordioa, baina «konponbide zabalagoak» eskatu ditu Palestinako gatazkarentzat. Hark ere eskerrak eman dizkie Qatar eta Egipto bitartekariei, eta «nazioartearen zilegitasuna» duen irtenbide baten aldeko aldarria egin du. Antonio Guterres NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak ere adierazi du «askoz ere gehiago» egin daitekeela, akordioa «urrats garrantzitsu bat» dela iruditzen zaion arren.
Kairok eta Dohak azpimarratu dute behin betiko konponbide iraunkorrak lortzeko lanean jarraitzen dutela. Abdel Fata al-Sisi Egiptoko presidenteak esan du «justizia, bakea eta Palestinako herriari bere eskubide legitimoak» bermatuko dizkion akordio baten alde ari direla. Qatarrek ere gerra amaitzeko balioko duen itun bat aldarrikatu du: «Odol jarioa eten eta elkarrizketa serio eta luzeak ekarriko dituen akordio bat lortzeko lanean gabiltza, nazioarteko legediarekin bat datorren bake prozesu bat bultzatzeko».
Jordaniako Gobernuak, berriz, espero du gaur iragarritako menia behin betiko su etenaren oinarria izango dela. Gaza osora behar adina laguntza humanitario bidaltzeko eskatu du, eremuak «egonkortasuna» irabaz dezan eta biztanleek euren etxean bizitzen jarrai dezaten. Zerrendan, 1,7 milioi lagunek utzi behar izan dute euren bizilekua urriaren 7tik.