Lasterketa nagusirako beroketa

Udal hauteskundeak egin dituzte Eskozian, Galesen eta Ingalaterrako barruti batzuetan. Hauteskunde orokorretarako test gisa hartu dute alderdiek, arreta berezia Eskozian paratuta

mikel rodriguez
2017ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Erresuma Batuko hauteskunde orokorretarako hilabete baten faltan egin dituzte udal hauteskundeak Eskozian, Galesen eta Ingalaterrako barruti batzuetan. Programa sozialak eta ekonomikoak eztabaidatu dituzte udalerriz udalerri, baina kanpainak ezin izan dio ihes egin testuinguru orokorrari: hauteskunde nagusien itzala, brexit-a, eta, Eskoziaren kasuan, independentziarako erreferenduma. Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroa saiatu da mezu soziala nabarmentzen; atzo bertan, botoa ematerakoan, herritarrei eskatu zien SNP Eskoziako Alderdi Nazionalaren alde bozkatzeko, «kontserbadoreen murrizketak gelditzeko». Bezperan, tory-ei leporatu zien «itsukeria konstituzional bat» edukitzea, kanpainan independentziaren auziari bakarrik erreparatu diotelakoan. Brexit-aren erreferendumaz geroztik egin dituzten lehen hauteskundeak dira, eta, hortaz, Theresa May Erresuma Batuko lehen ministro karguan dagoenetik egindako lehenak. Horregatik, alderdiek ekainaren 8ko lasterketa nagusirako beroketatzat hartuko dute, aldaketa politiko erabakigarriak ekarri dituzten azken 11 hilabete hauen ondoren indarrak nola dauden neurtzeko.

22:00etan itxi zituzten bozkalekuak —23:00 Euskal Herrian—, eta toki gehienetan gaur goizean hasiko dira botoak zenbatzen. 7,2 milioi herritarrek izan dute boto eskubidea, eta alderdiek test gisa hartuko dituzte emaitzak —45 milioi inguru izanen dira ekainean—. Emaitzen estrapolazio zuzenak egitea ezinezkoa da, ordea, hainbat arrazoigatik. Errate baterako, Eskozian eta Galesen hautagai independenteek eragin handia izan ohi dute udal hauteskundeetan —Eskozian botoen %12 lortu zituzten 2012an, eta ipar-ekialde osoan haiek lortu zuten boto gehien—. Horrez gain, Ingalaterran, udal erakunde guztiak kontuan hartuz gero, 326 barruti daude, baina horietako 34tan egin dituzte bozak, eta ez dira biztanle gehien duten eremuak.

Eta, hirugarrenik, Eskozian botoa emateko sistema berezia dute, hautagai gogokoen artean bigarrena hauta baitezakete; horrek, hauteskundeen ondorengo akordioekin batera, aldaketak eragin ohi ditu udal mapan. 2012an, SNPk lortu zuen boto gehien, %32, laboristek baino puntu bat gehiago, baina 32 udaletatik hemeretzitan agindu du Alderdi Laboristak, eta SNPk, hamarretan.

Glasgow da laboristek 2012an irabazi zituzten udaletako bat, biztanle gehien duen hiria. 2014ko erreferendumean independentziaren aldeko botoak irabazi zuen Glasgown, eta SNPk helburuen artean izan du udalik handiena eskuratzea. Ikuskizun dago kontserbadoreek lortu ote duten SNPren eta laboristen arteko lehia baldintzatzea, YouGovek apiril bukaeran egindako inkesta baten arabera ekainaren 8an kontserbadoreek laboristen boto kopurua bikoiztuko baitute —%28, %14ren aldean—, eta SNPk, berriz, bederatzi puntu galdu —%50etik %41era—. Mayk joan den astean Eskoziara bidaiatu zuen hauteskunde orokorretarako kanpaina egiteko. «Batasuna» indartzeko eskatu zien eskoziarrei, eta bere jarduna babesteko brexit-aren negoziazioetan.

Laboristak, plaza zailean

Laboristek, berriz, itxuraz haizea aurka zuten atzo, tory-ekin konparatuz gero. Eskozia eta Gales gotorleku tradizionalak izan ditu kontserbadoreen aldean, baina azken hamarkadan botoak galdu ditu ia etengabe. Ingalaterran, berriz, laboristek hiri nagusietan atera ohi dituzte emaitza onenak, eta, atzo, horiek ez zeuden jokoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.