Ekuador

Lassoren aurkako epaiketa politikoa hasi du gaur Ekuadorko Asanbleak

Oposizioak ustelkeria egozten dio, estatu enpresa baten kontratu irregularrak ez eragozteagatik. Litekeena da eztabaida zenbait egunez luzatzea.

Guillermo Lasso Ekuadorko presidentea, artxiboko irudi batean. JOSE JACOME, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko maiatzaren 16a
11:38
Entzun

Ekuadorrek Guillermo Lasso presidentearen aurkako epaiketa politikoa hasiko du gaur Asanblea Nazionalean. Euskal Herrian 17:00ak zirenean hasi da saioa —10:00ak ziren Ekuadorren—. Oposizioak ustelkeria egozten dio, ustez, jakitun zelako Flopec petrolioa ustiatzeko estatu enpresak eta Amazonas Tanker konpainia pribatuak kontratu irregularrak egin zituztela. Akusazioak salatu du Lassok ez zuela ezer ere egin kontratu horiek estatuari eragin dizkioten kalteak eragozteko.

Correistek eta sozialdemokratek gidatzen duten oposizioak Lasso presidentearen kontrako salaketa aurkeztuko du gaurko saioan, eta presidenteak hiru ordu izango ditu segidan akusazioei erantzuteko. Bi aldeek beste txanda bat izango dute elkarri erantzuteko, eta Lassok parlamentua utzi beharko du ondoren, ganberako ordezkarien arteko eztabaida has dadin. Litekeena da epaiketa egin ahal izateko asanbleak saio bat baino gehiago egin behar izatea. Behin eztabaida amaituta, parlamentuko presidenteak beste osoko bilkura batera deitu beharko du, bost eguneko epean, epaiketa politikoa ebazteko. Azken saio horretan ez da eztabaidarik izango, bozketa soilik.

Oposizioak gehiengo kualifikatua beharko du presidente kontserbadorea kargugabetzeko. Hau da, 92 boto 137 ordezkaritatik. Lassoren etorkizuna kolokan dagoela erakutsi zuen joan igandeko bozketak. Asanblearen agintaritza hautatzeko bozketa egin zuen ganberak —hala egin behar du legegintzaldiaren erdia betetzen denean—, eta oposizioak 96 boto batu zituen, Itxaropenaren Aldeko Batasuna alderdi correistaren, Alderdi Kristau Sozialaren, Ezker Demokratikoaren eta Pachakutik alderdi indigenistaren arteko akordioari esker. Oposizioak parlamentuko presidentetza eta bi presidenteordetzak eskuratu zituen, eta ganberako mahaiaren kontrola hartu zuen.

Hori ikusita, Ekuadorko zenbait hedabidek aurreratu dute litekeena dela Lassok asanblea desegitea. Hala eginez gero, aukera izango luke dekretu bidez gobernatzeko zenbait hilabetez, hauteskundeetara deitu eta bozak egin arte. Ganbera desegiteko, presidenteak argudiatu ahalko luke «krisi politiko larri bat» bizi duela herrialdeak edo gobernuaren jarduna «modu jarraituan eta justifikatu gabean» oztopatzen ari dela oposizioa.

Lassok parlamentua desegitearen alde egingo balu, Ekuadorko Hauteskunde Batzordeak bozetara deitu beharko luke zazpi eguneko epean, eta hauteskundeak 90 egun igaro baino lehen egin beharko lirateke. Asanblea berria aukeratu artean, presidenteak ekonomia arloko neurriak hartzen jarraitu ahal izango luke, dekretu bidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.