Laschet, CDUko buru berria

Kristau-demokraten presidentea «zentrista» gisa aurkeztu dute, eta Merkelen ildoari segida emango diola espero da. Alderdiko sektore eskuindarrenari gailendu zaio kongresuan, %52ko babesarekin

Armin Laschet CDUko presidente berria, atzo, Berlinen, alderdi kristau-demokrataren kongresuan. CHRISTIAN MARQUARDT / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Lemazain berria du Angela Merkel Alemaniako kantzilerraren CDU Batasun Kristau-Demokrata alderdiak. Armin Laschet hautatu zuten atzo alderdiko presidente: Alemaniako lander populatueneko gobernuburua, Ipar Renania-Westfaliakoa, 2017. urteaz geroztik. 60 urte ditu. Merkelen gertukoa da, eta haren ildoari jarraipena emateko hautagai gisa aurkeztu dute. CDUk kokapen politiko «zentrista» izatearen alde agertu da.

Laschet Friederich Merzi gailendu zaio. 521 boto jaso ditu, alderdiak dituen 1001 ordezkariengandik; 466 jaso ditu Merzek, alderdiaren sektorerik eskuindarrena ordezkatu duenak. Bigarren itzulian erabaki da irabazlea. Lehenengoan, Merzek jaso ditu boto gehien, eta lehiatik kanpo gelditu da Robert Rottgen, moderatutzat daukatena. Laschetek Rottgenen aldekoen botoak jaso ditu bigarren itzulian, eta babes hori gakoa izan da Merzi irabazteko. Merzek eta Rottgenek, CDUko buru hautatu berria zoriondu eta batasunerako deia egin dute.

Merkelek aurtengoa azken aginte urtea duenez —kantzilerra da 2005 urtetik—, etorkizunera begirakoa izan da kristau-demokraten kongresua. Gobernuburuaren ondorengoa hautatzeko prestatzen ari da alderdia. Alemanian, parlamenturako bozak egingo dituzte irailaren 26an, eta ordurako hautagaia behar du.

Merkelek 2018an utzi zuen CDUko gidaritza, eta bazirudien Annegret Kramp-Karrenbauer izango zela haren lanari segida emateko hautatua. Kramp-Karrenbauer CDUko presidente izendatu zuten urte hartako abenduan, Merzi gailendu ostean. Iazko otsailean, ordea, alderdiko buru izateari utziko ziola iragarri zuen, eta ez zela hauteskundeetara aurkeztuko. Turingiako gobernu krisiak bultzatu zuen erabaki hori hartzera. Izan ere, egun batzuk lehenago, CDUk alderdi liberalaren hautagaia babestu zuen landerrean, lehen ministro kargurako, AfD eskuin muturreko alderdiarekin batera, bozak Die Linke ezkerreko indarrak irabazi zituen arren. Krisi politikoa lehertu zen CDUren barruan.

Laschetek esana du «muturretatik urrun» mantendu nahi duela CDU, «muga argi batekin eskuinean». Gizarte kohesioa eta merkatu ekonomia uztartu asmo ditu, arlo ekonomikoan. Europako Batasunean Frantziaren eta Alemaniaren arteko elkarlana areagotzearen alde agertu da, baita AEBekin harremanak hobetzearen alde ere. Joe Biden Etxe Zurira iristea «demokraziaren garaipena» izan da, haren iritziz. Etxe barruko kontuetan, segurtasuna da Lascheten lehentasunetako bat. Migrazioaren aferan, Merkelen ondoan izan zen CDUko hainbat ordezkarik kantzilerrari bigunegi jokatzea leporatu ziotenean.

Hautagaitzarako lehia

Alderdiko buru izateak ez du Laschet kantzilertzarako hautagai bihurtuko automatikoki, CDUk haren koalizio kidea den Bavierako CSU Batasun Sozial Kristauarekin adostu behar baitu hauteskunde lehiarako nor aukeratuko duten. Oraindik argitzeko dago nor izango den bloke kontserbadorearen hautagaia. Aukeraketa martxoaren amaieran edo apirilean egitea espero da.

Hain justu, CSUko buru eta Bavariako lehen ministro Markus Soder jotzen dute askok kantzilertzarako hautagai izateko faboritotzat. Inkesten arabera, Soder da Alemanian irudi onena duten politikarien artean bigarrena. Soilik Merkelek gainditzen du, eta alde handia ateratzen die Lascheti eta askok hautagai posible gisa aipatzen duten Jens Spahn Merkelen Osasun ministroari. Laschetek azken horren babesa izan du CDUko presidentetzara iristeko.

Hauteskundeetarako hautagaia izendatu aurretik, CDUk izango du bere giharra neurtzeko aukerarik. Bozak egingo dituzte Baden-Wurttemberg eta Renania-Palatinatua landerretan, martxoaren 14an, pandemiak horretarako modua emanez gero. Kristau-demokratek emaitza kaskarrak jasotzen badituzte, litekeena da CSUko buruak aukera gehiago izatea hautagai bihurtzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.