Israelek entzungor egin die Libanoko armadaren aurka ez egiteko eskariei

AEBetako Defentsa idazkariak Libanoko armadari eta NBEren kasko urdinei ez erasotzeko eskatu dio Israelgo Defentsa ministroari. Libanoko hiru soldadu hil ditu Israelek, zauritutako herritarrak ebakuatzen ari zirela.

Libanoko soldaduak, Israelek egindako eraso baten ostean, gaur, Kahalen (Libano). WAEL HAMZEH / EFE
Libanoko soldaduak, Israelek egindako eraso baten ostean, gaur, Kahalen (Libano). WAEL HAMZEH / EFE
Joxerra Senar - Mikel Garcia Martikorena
2024ko urriaren 24a
14:00
Entzun

AEB Ameriketako Estatu Batuak kezkaturik daude Israel Libanoko soldaduak hiltzen ari delako. Tel Avivek irailaren 29an Hezbollah Libanoko talde xiitaren aurkako oldarraldia areagotu zuenetik, hamaika aldiz bonbardatu du Libano. Eraso horietan, atzo arte, Libanoko 26 soldadu hil zituzten. Egoera hori baretze aldera, AEBetako Defentsa idazkari Lloyd Austinek telefonoz hitz egin zuen bart Israelgo Defentsa ministro Yoav Gallantekin. Dei horretan, Libanoko armadako soldaduak babesteko «neurri guztiak» hartzeko eskatu zion Gallanti. Bada, gaur goizaldean Libanoko hiru soldadu hil dituzte Israelen eraso batean.

Horiek hala, 29 dira irail bukaeratik Israelen erasoetan hil dituzten soldaduak. Libano hegoaldean zeuden gaur hil dituzten hiru soldaduak, Yater herrian. Libanoko armadak ohar bidez jakinarazi duenez, Israelek aurretik egindako eraso batean zauritutako herritarrak ebakuatzen ari ziren soldaduak.

Libanoko fronteari dagokionez, Austinek beste kezka bat plazaratu zion Israelgo Defentsa ministroari, Pentagonoak kaleratutako ohar baten arabera: Unifil Nazio Batuen Libanorako Indar Behin-Behinekoen aurkako Israelek egindako erasoak. Horiek jomugan ez izateko eskatu zion Gallanti. Izan ere, NBE Nazio Batuen Erakundeak hainbatetan salatu du Israelek Unifili egin diola eraso. Duela bi aste, esaterako, Tel Avivek 24 ordutan bi aldiz bonbardatu zituen kasko urdinek Libanon duten egoitza nagusia. Unifilek ere salatu du azken orduetan Israelek kasko urdinen aurka egin duela eraso.

100

Frantziak Libanori emango dion laguntza, milioi eurotan Libanori laguntza humanitarioa bidaltzeko konferentzia bat egin du gaur Parisen Emmanuel Macron Frantziako presidenteak. Bilera hasi aurretik, Beiruti laguntza humanitarioan 100 milioi euro bidaliko dizkiola jakinarazi du Macronek. Alemaniak, bestetik, 96 milioi euro emango ditu. Guztira, 1.000 milioi euro bildu dituzte.

AEBek ez ezik, azken orduetan beste batzuek ere salatu dute Israelen jokabidea. Libanoko egoera aztertu eta herrialdera laguntza humanitarioa eramateko konferentzia antolatu du Frantziak gaur, Parisen. Libanoko diputatu Bilal Abdullahk herrialdeko berri agentzia ofizialak kaleratutako adierazpen batzuetan salatu duenez, Libano babestu duen herrialde «bakarra» Frantzia da: «Nazioarteak Libanoko laguntza eskariei entzungor egiten dio, Frantzia da laguntza humanitarioa ematen digun bakarra gerraren ondorioak arintzeko».

Anbulantziei eraso

Tel Aviven erasoek ez dira soilik helburu militarren aurkakoak. Hezbollahren aurkako operazioak direla argudiatuta, hamaika azpiegitura bonbardatu dituzte, ospitaleak barne. Nazioarteko hainbat ekintzailek Libanoko osasun zerbitzuetan duten errealitate hori salatu izan dute. Israelek, ordea, bere horretan jarraituko duela jakinarazi du. Israelgo armadako bozeramaile Avichay Adraeek adierazi du, ohar bidez, Hezbollahk anbulantziak erabiltzen dituela «terroristak eta armak» garraiatzeko: «Israelek osasun zerbitzuei dei egiten die Hezbollahrekin harremanetan ez jartzeko eta taldearekin edozein kooperazio saihesteko». Gainera, nabarmendu du «mota guztietako» ibilgailuei eraso egiten jarraituko dutela.

Osasun zerbitzuak jomugan izateari dagokionez, herenegun Israelek Beiruteko Rafik Hariri ospitaleari egindako erasoak harrabotsa eragin du. Eraso hartan hamahiru lagun hil eta beste 57 zauritu zituzten. Egun berean Beiruteko Sahel ospitalea ebakuatu zuten Israelek eraso egingo ziolakoan. Tel Aviven arabera, Hezbollahk bertan «dirua eta urrea» gordetzen ditu. Gaur AEBetako Defentsa idazkariak kazetariei esan die horren frogarik ez dagoela. Austinek, halere, azpimarratu du «Israelekin kolaboratzen» jarraituko dutela.

Hamazazpi hildako Nuseiraten

Israelgo armadak Gazaren aurkako bere oldarraldiarekin jarraitu du. Gaur, eskola bat bonbardatu du, Nuseiraten. Eskola hori babesleku gisa erabiltzen zuten barne desplazatuek. Erasoan hamazazpi lagun hil eta beste 52 zauritu dituzte, zerrendako gobernuak adierazi duenez. Gauzak horrela, azken urtean haien etxeetatik ihes egin behar izan duten lagunen 196 gune bonbardatu ditu Israelek.

Eta, urriaren hasieran hasitako Gaza iparraldearen aurkako eraso militarrarekin jarraitu du. Azken egunetan Israelgo armadak jomugan izan du osasun sistema. Gazako Defentsa Zibilak ohartarazi du larrialdi zerbitzuak etenda daudela oraintxe. «Erasoaldiaren ondorioz, ospitale nagusiak setiatuta dauzkate, eta anbulantziei eta erreskate taldeei zuzenean egiten diete eraso», salatu du Mahmud Basal Defentsa Zibileko eledunak.

Gaza iparraldean hiru ospitale daude. Haietako bat, Beit Lahia hiriko ospitale indonesiarra, itxita dago. Iragan asteburuan, tankeek inguratu, eraikinari tiro egin, eta jendea hil zuten. Ordu hartan, zuzendariak egoeraren larritasunaz ohartarazi zuen, baina ateak itxi behar izan ditu.

Gaza iparraldeko beste bi ospitaleak, Kamal Adwab eta Al-Awda, oso larri daudela azaldu du Mahmud Basalek. «Defentsa zibileko ibilgailuen aurka jo dute, eta iparraldean zegoen anbulantzia militar bakarra suntsitu du israeldarren artilleriak». Ostegun gauean, zuzenean bonbardatu zituzten, eta hiru paramediku zauritu. Drone bateko bozgorailuetatik alde egiteko eskatu zieten, eta Armadak ehunka palestinar atxikiak dituen Xekhj Zayed eremura joateko.

Palestinako Wafa agentziaren arabera, dozenaka pertsona daude Beit Lahiako kaleetan eta Jabaliako kanpalekuetan larri zaurituta. Soldaduek ez dute uzten zaurituak ospitalera eramaten. Halaber, janaria eta sendagaiak ospitaleetara iristea eragozten ari dira.

Palestinako iturrien arabera, Israelek gutxienez 770 palestinar hil ditu urrian Gaza iparraldearen aurkako erasoaldia areagotu duenetik. Wafa agentziaren arabera, askoz biktima gehiago daude hondakinen artean harrapatuta edo hilik. Erreskate taldeek ezin dute haiengana jo. Militarrak etxebizitzak bonbardatzen eta erretzen ari dira Saftawi eta Tuwam guneetan eta Jabalia kanpalekuan, eta han bizi diren herritarrek hegoaldera joan behar izan dute. 

Nazio Batuen Erakundearen arabera, azken bi asteetan 56.000 palestinarrek baino gehiagok ihes egin dute iparraldetik. Gaza erdialdean eta hegoaldean, baina, egoera ez da batere samurra. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.