HAITI

Larrialdi egoera ezarri dute Haitin

Erabakia hartzeko, gobernuak argudiatu du azken egunetan gaizkile taldeek egindako erasoen ondorioz «segurtasuna ahuldu» dela. Talde horiek Henry lehen ministroa kargugabetzea dute helburu.

(ID_13666531) HAITÍ CRISIS
Pertsona bat gorpu baten aurretik pasatzen, atzo, Port-au-Princen. EFE
Igor Susaeta.
2024ko martxoaren 4a
13:00
Entzun

Haitin «segurtasuna ahuldu» dela argudiatuta, hango gobernuak larrialdi egoera eta etxeratze agindua ezarri ditu ia herrialde osoan. Gaizkile talde nagusiek osatutako koalizio bateko kideak Port-au-Prince hiriburuko bi kartzelatara sartu ziren larunbatean, eta horietatik 3.600 preso inguruk alde egin zuten; hain zuzen, hori gertatu eta gero hartu zuen erabakia gobernuak, atzo. Gaizkile taldeen arabera, oldarraldien helburua da Ariel Henry lehen ministroa kargugabetzea. Azken egunetan, gainera, areagotu egin dira leku publikoetan egindako arpilatzeak eta piztutako suteak, eta, horien ondorioz, 15.000 pertsona inguruk desplazatu behar izan dute beren bizilekuetatik, IOM Nazioarteko Migrazio Erakundeak jakinarazi duenez. Horrenbestez, Haitiko egiturazko indarkeriak koska bat egin du gora.

Gobernuak hartutako neurriak etzi arte egongo dira indarrean —etxeratze agindua 18:00 eta 05:00 artean da—, baina horien iraupena luzatu ahal izango du kabineteak. Erabakiaren berri emateko kaleratutako oharrean, nabarmendu du estatuko indarrek «eskura dituzten legezko baliabide guztiak» erabili ahal izango dituztela «ordena berrezartzeko». Iragan ostegunaz geroztik areagotu egin dira, batez ere hiriburuan, Poliziaren eta gaizkile talde armatuen arteko borrokak. «Batik bat, bahiketak eta herritar bakezaleen aurkako hilketak gertatu dira, adingabeen eta emakumeen kontrako indarkeria, eta ondasun publiko eta pribatuen lapurretak».

Haiti

Baina, nagusiki, espetxeetako oldarraldiek eragin dute gobernuaren erreakzioa. Giza Eskubideen Defentsarako Abokatuen Kolektiboak emandako datuen arabera —Haitiko elkarte bat da—, Presondegi Nazionalean zeuden presoen %97k alde egin zuten. Gobernuaren esanetan, Polizia ahalegindu zen kartzela horren eta Croix des Bouquets-ekoaren aurkako erasoei aurre egiten; hain zuzen, ez dago argi zenbat presok ihes egin zuten espetxe horretatik, baina herrialdeko giza eskubideen aldeko taldeek esan dute 1.500 bat zeudela. Gobernuak ez du jakinarazi eman zenbat pertsona hil ziren espetxeen aurkako erasoetan, baina AFP France-Press eta Efe berri agentziek kaleratu dute gutxienez hamabost inguru izan zirela.

800

Urtarrilean zenbat pertsona hil zituzten herrialdean. Duela bi aste, NBE Nazio Batuen Erakundeak jakinarazi zuen urtarrilean 800 pertsona inguru hil zirela Haitin, gaizkile taldeen arteko borroketan; hildako kopuruari dagokionez, azken bi urteetako biolentoena izan zen.

Banden koalizioko liderra da Jimmy Cherizier Barbecue Poliziako agente ohia, eta ostiralean, prentsa agerraldi batean, azpimarratu zuen «behar beste denboraz» borrokatuko direla Henryren aurka. NBE Nazio Batuen Erakundeak zigorrak ezarri zizkion 2022ko urrian, hilabete lehenago erregai terminal bat blokeatu zuelako, eta hala herrialdeko urritasun eta ezegonkortasun kronikoa areagotu.

Nazioarteko misio armatua

Bitartean, Henry Kenyan dago. Izan ere, NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluak iazko urrian onartu zuen misio armatu bat bidaltzea Haitira, eta Kenya zen, hain zuzen, horren liderra izatekoa. Oraindik, ordea, ez dute bidali. Dominikar Errepublikarekin muga egiten du Haitik, eta hango presidente Luis Abinaderrek «pauso zehatzak» ematera deitu zuen NBE, otsailean. «Haitiko kolapsoa mehatxu bat izango da guretzat eta eskualde osoarentzat».

Henryren agintaldia, berez, otsailaren 7an bukatzen zen, baina lehen ministro karguan jarraituko du, argudiatuta ezen azken hiru urteetan, beste hainbatetan ez bezala, ez direla betetzen gaizkile taldeen indarkeriagatik hauteskundeetara deitzeko baldintzak. Hori bai, Caricom Karibeko Komunitatearen bilera bat egin zuten joan den astean Guyanan: Henryk ere horretan parte hartu zuen Kenyara abiatu aurretik, eta eskualdeko estatuetako liderrek ohar bateratu bat kaleratu zuten, eta azpimarratu Haitiko lehen ministroak onartu duela 2025 erdialderako bozetara deitzea.

Azkenekoz 2016an egin zituzten presidentetzarako hauteskundeak, eta Jovenel Moise nagusitu zen. Moisek berak 2021eko uztailaren 5ean izendatu zuen Henry lehen ministro, eta bi egun geroago hil egin zuten, bere etxean. Hain zuzen, Moise hiltzea leporatuta Presondegi Nazionalean zeuden hamazazpi presoak —kolonbiarrak dira— beste instalazio batera eraman dituztela azpimarratu zuen atzo Kolonbiako Atzerri Ministerioak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.