Txilek minutu bateko isilune bat gorde du Salvador Allenderen kontrako estatu kolpearen 50. urteurrenean. 1973ko irailaren 11an 07:00etan altxatu ziren militarrak, AEBen laguntzarekin, Herri Batasunaren gobernuaren kontra, eta 11:52ean hasi ziren Moneda jauregia bonbardatzen, Allende presidentearen egoitza. 2023ko irailaren 11an ordu horretan (16:52ak, Euskal Herrian) milaka txiletar egiten ari zirena utzi eta isilik geratu dira minutu batez. Dolu eguna izendatu du Gabriel Boricen gobernuak irailaren 11.
Moneda jauregian, Santiagon, Txileko Gobernuak antolatuta, ekitaldi instituzional bat egin dute urteurrena gogoratzeko, nazioarteko hainbat gonbidaturen presentziarekin. Han izan dira, besteak beste, Andres Manuel Lopez Obrador Mexikoko presidentea, Gustavo Petro Kolonbiakoa, Luis Arce Boliviakoa, Alberto Fernandez Argentinakoa, Luis Lacalle Pou Uruguaikoa, Antonio Costa Portugalgo lehen ministroa, eta Christopher Dodd, Joe Biden AEBetako presidenteak Ameriketarako duen aholkularia, Gabriel Boric Txilek presidentearekin batera.
Ikusi gehiago:Txilek AEBei galdetu die desklasifika dezatela kolpe horretan eta diktaduran jokatu zuten rolari buruzko informazio gehigarria
11:52ak iritsi direnean ekitaldia eten dute Monedan, eta kanpai-hots batzuek iragarri dute minutu bateko isilunearen hasiera. Batzuek ukabila altxatuta egin dute, Augusto Pinocheten diktadurak hil eta desagerrarazi zituztenen argazkiak eskuan. Isilunea amaitu denean, biktimen senideen oihuak entzun dira: «Orain eta beti, Allende presente», «Allende presente dago» eta «garaipenera arte, beti».
Minutu bateko isilunearen ostean Isabel Allendek hartu du hitza, Salvadorren alabak. Aitaz hitz egiterakoan, hitzaldia eten behar izan du, hunkituta. «Aitaren ingurukoen artetik goiz horretan Moneda sartu nintzen azkena izan nintzen. Militarren altxamenduaren berri izan nuen, eta senarra geratu zen haurrekin. Astearte hotz eta gris bat zen, eta Morande kaleko 80. zenbakiko atetik sartu nintzen; hori erabiltzen zuen aitak».
Isabel Allende: «Demokrazia eta etorkizuna da memoria»
Allendek ordu horietan Monedan bizi izandako momentuak gogoratu ditu, eta gogoan izan ditu, aitarentzat lanean ari zirenek, euren ardurak baino gehiago eginez, haren ondoan geratzeko hartu zuten erabakia. Baita Tati ahizpa ere. «Hegazkinak Moneda bonbardatzera zihoazenean aitak joateko erregutu zigun eta han gertatutakoa kontatzeko. Ez dut inoiz haren azken besarkada ahaztuko». Bere hitzaldian esan du memoria lehen pauso bat dela egiara iristeko, baina gehiago behar direla justizia, erreparazioa eta egun horretan gertatu zena berriro ez dela errepikatuko bermatzeko.
Salvador Allenderen alabak gogor kritikatu du azken hilabeteetan eskuinak zabaldu duen errebisionismoa. «Benetako arduradunak Moneda bonbardatu eta hil eta torturatu zutenak dira. Baita isilik geratu zirenak ere. Demokrazia eta etorkizuna da memoria». Bere hitzaldian aitaren hainbat aipu egin ditu: «Historia gurea da eta herriek egiten dute».
Allendek presidentetzat hartu zuenean Txileko egoera zein zen laburbildu du, eta bere aita pobrezian bizi ziren milaka txiletarren itxaropena bihurtu zela adierazi du. Herri Batasunaren gobernuaren erabakiak zerrendatzen hasi denean eten bat egin behar izan du txalo zaparrada batek behartuta.
La senadora Isabel Allende cita a Benedetti para referirse a su padre, el Ex Presidente Salvador Allende: "Para matar al hombre que era un pueblo, tuvieron que quedarse sin el pueblo" pic.twitter.com/3jRKtSEv5o
— Presidencia de Chile (@Presidencia_cl) September 11, 2023
Isabel Allendek besarkada bat luzatu die oholtzatik diktaduraren biktima guztiei. 1973 eta 1989 urteen artean 3.200 atxilotutik gora hil edo desagerrarazi eta 40.000 lagunetik gora torturatu zituzten militarrek Augusto Pinochet jeneralaren diktaturan.
Allendek gogoan izan ditu baita nazioarteko ordezkariak. Eskerrak eman dizkie ekitaldira joan direnei, eta azpimarratu du herrialde horietako enbaxadak ezinbestekoak izan zirela «basakeriaren kontra», Txile barruan izan duten funtzioagatik eta euren herrialdeetan milaka txiletar hartu zituztelako, zeintzuek, bere esanetan, josi zuten gero demokraziarako sarea erbestetik. Bi herrialde nabarmendu ditu, gainera, Allendek: Mexiko eta Kuba. Bi herrialde horietan hartu zuen babes Allende familiak estatu kolpearen ondoren.
Allenderen ostean, Boric presidenteak hartu du hitza. Oihu artean hartu dute: «Boric laguna, herria zurekin», oihukatu dute giza eskubideen elkarteetako ordezkariek. Hunkituta hitz egin du Boricek ere. Bere hitzaldian eskatu du ez dezala inoiz gehiago indarkeriak eztabaida demokratikoa eten, eta 50. urteurren hau elkarbizitza indartzeko aukera bat dela aldarrikatu du. «Gaur Txileren eta munduaren aurrean esaten dugu: demokrazia orain eta beti», adierazi du.
Milaka txiletar manifestatu ziren atzo
Urteurreneko ekitaldi esanguratsuenetako batzuk, baina, atzo egin ziren. Santiagon milaka txiletar atera ziren kalera diktaduran hildakoak eta torturatutakoak gogoratzeko, eta, manifestazioa Moneda jauregira iritsi zenean, Boric presidentea eta Txileko Gobernuko eta sostengatzen duten alderdietako hainbat kide gehitu zitzaizkien: Camila Vallejo bozeramailea, Txileko Alderdi Komunistako ordezkariak, eta hildakoen eta desagerrarazitakoen senideen elkarteak.
A 50 años del Golpe marchamos junto a las Agrupaciones de Familiares. Qué importante y simbólico gesto por la Verdad y la Justicia que el Presidente de la República @GabrielBoric se haya sumado a la marcha, pasando juntos frente a Morandé 80.
— Tomas Hirsch (@tomashirsch) September 10, 2023
¡¡Para que nunca más en Chile!! pic.twitter.com/IkmDNw2vPq
Manifestazioan, Victor Jararen abestiak eta ezkerreko hainbat ereserki kantatu zituzten, eta «Allende, presente» eta «hildako desagerraraziak, presente» oihukatu zuten. Moneda jauregira iritsi zenean, manifestazioa Morande kaleko 80. ataritik pasatu zen, Allenderen gorpua Monedatik atera zuten tokitik; diktadura amaitu zenetik lehen aldia izan da hilak eta torturatuak gogoan dituen protesta bat hortik pasatzen dela.
Ikusi gehiago:Victor Jara hiltzea egotzita, 25 urteko kartzela zigor irmoa ezarri diete zazpi militarri
«Harro hartu dut parte manifestazioan, bai baitakit egiaren eta justiziaren alde egin duten borrokari esker gaudela gu hemen. Herrialde honek asko zor die senide hauei, eta horregatik abiatu dugu Bilatzeko Plan Nazionala», esan zuen Boricek atzo. Abuztuaren 30ean jarri zuen Txileko Gobernuak plan hori, desagertuta jarraitzen duten atxilotuen gorpuak aurkitzeko.
Moneda jauregian Allenderen gorpua aurkitu zuten tokian plaka bat jarri dute, eta, haren ondoan, betiko jarri dituzte hil zen egunean zituen zapatak, kutxa batean. «Demokraziaren eta zuzenbide estatuaren alde hil zen, eta haren ibilbidea adierazten duen objektu batekin gogoratzen dugu: herriak eman zion mandatua betetzeko erabakia azkeneraino eraman zuen», adierazi zuen Isabel Allendek, haren alabak. Monedako hitzaldian ere eskertu egin zituen keinu horiek.
Estos son los zapatos que usó el Presidente Salvador Allende el 11 de septiembre de 1973, que hoy son un llamado a mantener viva la #DemocraciaSiempre. El Presidente @GabrielBoric acompaña a su familia a #50AñosdelGolpe. pic.twitter.com/5StedjX5PZ
— Presidencia de Chile (@Presidencia_cl) September 10, 2023
Recoleta hilerrian amaitu zen martxa, eta, barruan, lore eskaintza bat egin zuten diktaduran militarrek desagerrarazi zituztenak gogoratzeko. «Nire aita hil egin zuten, desagerrarazi egin zuten. Ez dut nahi hori berriro gertatzerik, ez dut nahi nire semeek guk sufritu genuen infermua sufritzea», adierazi zuen MIR mugimenduko kide baten alabak.
«Gizatasun kontu bat da. Torturatu eta hil zutenak ez ziren gizakiak, basapiztiak ziren. Eta, gaur egun, hainbeste froga eta min agerikoak izanik, hura ukatzen dutenak eta justifikatzen dutenak ere hori bera dira», gehitu zuen. Izan ere, 50. urteurrenaren harira, eskuineko hainbat ordezkari estatu kolpea justifikatzen saiatu dira eta Allende errudun egin nahi izan dute.
Emakumeak, beltzez jantzita eta kandelak eskuan
Martxakoak ez ziren atzoko une hunkigarri bakarrak izan. Igande gauean milaka emakume bildu ziren Moneda jauregiaren aurrean beltzez jantzita eta kandelak eskuan. Inoiz gehiago ez lelopean elkartu ziren, eskubide zibilen eta giza eskubideen aldeko 50 elkartek baino gehiagok deitu duten Demokrazia ez dadin inoiz gehiago bonbardatua izan ekitaldi sortaren barruan.
Elkarte feministetan aspaldi egin zuten ekitaldirako deialdia. «Hildako emakumeak, haurdun zeudenak, amak... eta 50 urte hauek eta gero, desagertuta jarraitzen duten guztiak gogoratzeko egin zen. Oraindik oso mingarria baita hori Txilerentzat», adierazi zuen parte hartzaileetako batek.
“Nunca Más” gritan miles de mujeres, quienes de negro, con una vela y en silencio participan de la actividad “Nunca + la democracia bombardeada” en los alrededores del Palacio de La Moneda
— AgenciaUno (@agenciaunochile) September 11, 2023
ð;ÂÂÂÂÂ;Â;ŸÂÂÂÂÂÂÂÂŽ¥ © AgenciaUno/Pablo Ovalle pic.twitter.com/LoAFfJA9cU
Ekitaldiak iragarpen guztiak gainditu zituen. Carolina Arrendondo Kultura ministroak ere ekitaldi horretan parte hartu zuen, eta nabarmendu zuen nolako garrantzia duen horrelako ekitaldietan parte hartzeak, memoria eta demokrazia babesteko. Parte hartzaileetako batzuk Moneda jauregian sartu ahal izan ziren, eta han kandelak jarri zituzten, patioan.