Hector Llaitul

«Ez dugu inolako aldaketarik espero Boricen gobernuarekin»

Wallmapuko CAM Arauco-Malleco Koordinakundeko buruzagiak ez du itxaropenik Txilen izan den gobernu aldaketarekin. Biltzar Konstituziogilea ere ez du aintzat hartzen, eta dio konstituzio berria onartzen bada hori ez dela maputxeena izango.

Hecto Llaitul. JON ARTANO IZETA - TEMUCO
Jon Artano Izeta - Temuco
2022ko martxoaren 17a
10:45
Entzun

Hector Llaitul (Osorno, 1967) CAM-eko (Arauco-Malleco Koordinakundea) buruzagia da. Txilen hasi den garai berrian, ez du elkarrizketarik egin orain arte, eta BERRIA aukeratu du hitz egiteko. Llaitul ziur dago Gabriel Boricen gobernuak ez duela sakoneko aldaketarik egingo maputxe herriaren aldarrikapenak aintzat hartuta. Uste du «Maputxe nazioaren berreraikuntza» ezin dela uztartu Txileko ezkerrak egin duen proposamen plurinazionalarekin: «Guk ez genuke sekula onartuko estatuaren parte izatea, estatuaren apendize izateko». Buruzagi maputxearentzat, «askapen nazionala lortzeko ezinbestekoa da erabat haustea estatu egiturekin, izan kapitalistak, sozialdemokratak zein sozialistak».

Nola eragingo dio Wallmapuri Txilen izan den gobernu aldaketak?

Funtsezko alderdietan ez da aldaketarik txikiena ere izango. Pinochet joan zenean ere ez zen izan, askok esperantza zuten arren. Sasigobernu demokratikoek 30 urte daramatzate agintean, eta ez da lurralde itzulketarik izan. Boric parafernalia betean ari da, baina politika estraktibistak ez dira gelditu, ezta galgatu ere. Gobernukoek ez dute indarrik, eta ez dute izango, Wallmapu menpean duen aginte sistemari aurre egiteko. Hemengo ekonomiaren %90 basogintza industriak kontrolatzen du, eta industria horren lurrak ia osoki Maputxe nazioari lapurtutakoak dira. Hemengoa egiturazko arazoa da, eta gobernu iraultzaile bat behar litzateke aldatzen hasteko. Eta oraingo hau ez da gobernu iraultzaile bat, ezta hurrik eman ere.

Gobernuak elkarrizketarako eskaintzarik egin al dizue?

Maputxe nazioaren lurraldeaz eta autonomiaz hitz egiteko eskaera ofiziala egingo baligukete, ez nuke arazorik izango berekin batzartzeko. Baina hori egin nahi ez dutenez, zertaz hitz egin behar dugu? Nahiago dut indar metaketan jarraitu.

Zertaz ari zara indar metaketa aipatzean?

Hasi ginenean, oso gutxi ginen, pare bat peñi (burkide) eta ni neu. Gaur egun, milaka weychafe (borrokalari) armatu gara. CAMek ditu weychafe-ak, baita beste erresistentzia taldeek ere,: LNM, WAM, RML… baita erresistentzian dauden lof-ak (komunitateak) ere… Gai estrategikoa da, borroka politiko-militarrari lotu gatzaizkio, eta hori ona da borroka iraultzailean ari garen maputxe guztiontzat.

Zergatik zabaldu da estrategia hori?

Lehen zeuden bide politikoek eskaintzen ez zizkiguten egiazko aurrerapenak eman dizkigulako borroka molde horrek. Maputxe herriaren indar politiko-militarrak lurraldeak berreskuratu ditu, autonomia eta duintasuna. Berreskuratutako lur eremu osoaren %10-20 izan da estatuak emandakoa, kapital handiei azken oparia eginez, salerosketa agirien bidez; gainontzekoa, %80-90, geuk berreskuratu dugu, antolatuz eta borrokatuz. Jabetza agiriez galdetzen digute; ez dakigu non dauden paper horiek, eta ez zaigu batere axola! Geure kode propioak ditugulako, eta geure historia eta kulturari atxikitako arauak hartzen ditugulako aintzat.

Zein iritzi duzu Biltzar Konstituziogileaz?

Ez dugu hor parte hartu, eta gertu ere ez gaude. Biltzarrarekin ados egoteak estatua aintzat hartzea dakar, bere konstituzioa, legeak eta kultura. Edonolakoa dela ere hortik ateratzen den konstituzioa, ezin gara horretara makurtu, ez delako geurea izango. Geure jatorrizko kulturaren arabera antolatu ahal izateko ari gara borrokan.

Nola bizi izan zenuen Boricen garaipena hauteskundeetan?

Berdin dit Boric ala Kast, txanpon beraren bi aldeak dira. Ez da deus ere aldatuko: estatu militarizatu bat sufritzen jarraituko dugu, kriminalizazioa eta jazarpena… Segurtasun arloko ardura kargutan, Bacheleten [Michelle, Txileko presidente ohia] garaia errepresioa antolatu zuten pertsona berak ari dira jartzen. Beren jokamoldea iragartzen duten zantzu argia da hori.

Distentsioa etor litekeenik ez al duzu uste?

Ez.

Nola uste duzu erreakzionatuko dutela inguru honetako oligarkiak eta basogintza konpainia handiek?

Botere historiko horiek edozer egingo dute beren interesak zurkaizteko. Talde paramilitarrak sortuko dituzte, Rolando Matus Komandoaren gisako guardia zuri ultraeskuindarrak. Latifundistek eta basogintzako erraldoiek uste dute estatuak ez dituela defendatuko behar besteko tinkotasunez, horregatik sortuko dituzte beren indar armatuak, legez kanpo aritzeko.

CAMeko borrokalariak. Jon Artano Izeta

Eta nola uste duzu erreakzionatuko duela gobernuak?

Ikusiko dugu Boricek talde horiek geratzeko zerbait egingo ote duen. Zalantza dut… Egin kontu diskurtsoa ere ez dutela aldatu. Bortxakeria salatzeaz mintzo dira «datorren aldetik datorrela». Nola konparatu dezakete estatu bortxakeria gurearekin? Nola esan diezagukete hori, historikoki estatu bortxakeria jasan dugunoi? Konprenitu ezin dudan zerbait da… ustez gobernukoek ezkerreko heziketa ideologikoa dute, baina zapaltzailearen bortxa eta zapalduarena parekatzen dituzte. Maputxeak bezala zapalduta bizi diren taldeen bortxa iraultzailea erabat zilegi da, duintasun hutsa da. Gizon publikoa naiz ni, talde baten ordezkari eta bozeramailea, aurpegia eman ohi dut, argi hitz egin. Ez dudalako lotsarik, eta ez dut atzera egingo, ez hitza jango: beharrezkoa den bortxa politikoa darabilgu. Gure lurralde historikoa harrapatu eta suntsitzen segitzen duten bitartean jarraitu egingo dugu bortxa politikoa erabiltzen. Sabotajeak egiten ditugu, eta geure gain hartzen ditugu, baina ez diegu nekazariei erasorik egiten, jende txiroei, agureei, haurrei, familiei… geure jardunagatik albo kalterik jasan ez dezaten bermatzen dugu. Beti. 24 urte daramatzagu kapitala erasotzen, eta aurrez aurreko borroka izanagatik ez dugu sekula inor hil. Gutako asko hil dituzten arren. Batzuk exekutatu ere egin izan dituzte, Toño Marchant burkidearekin egin zuten moduan… horregatik, ez dugu etsaiarekin traturik egingo.

Gobernuak zer estrategia erabiliko du mugimendu maputxearekin?

Dirua eskainiko du, sari gisara, proiektutan-eta, arrastoan sartzen direnentzat. Betiko pozoia, baina poto maputxean. Mugimendu maputxearen barruan burgesia txiki bat sortzen saiatuko da. Baina borroka garai oparoa begiztatzen dugu. Ez gara beren sirena kantengatik jausiko, ideologikoki prest gaudelako. Oker daude multikulturalismoa eskainiz limurtuko gaituztela uste badute.

CAMek ia mende laurden darama borrokan; zer balorazio egiten duzu?

Balantzea positiboa da, gure herria iratzarri egin delako. Lehen guztiok geunden apur bat beldurtuta, geure buruarengan konfiantzarik gabe, ezjakintasunean... Geure mugimenduak, ordea, ekintzaz eta pentsamenduz, eskola sortu du. Gaur ikasten eta berrikasten jarraitzen dugu, gizarteratu egiten dugu ikasitakoa, eztabaidatu… gero eta jende gehiagok ulertzen du zein den errealitatea eta nola aldatu daitekeen. Maputxe herria ez da, jadanik, herri menperatua, biktimizatua, pena ere ematen zuena… Gaur egun, herri borrokalaria da, duina. Eta gauza ederra da herri errebelde bat ikustea erresistentzian.

Nola sentitzen zara militantzian hainbeste urte eman eta gero?

Uste dut sekula bururik makurtu ez zuen gizon bat bezala pasatu naitekeela historiara, hautsi ez zen gizon bat bezala, iparra galdu ez zuen gizon bat bezala. Ildo gogorrekoa naiz oraindik ere, baita aukeratu dudan bizimoduarekin ere. Goizero flexioak egin eta lasterka aritzen naiz. Ez dut sekula edan, ez erre, eta jatekoa zaintzen dut. Sasoiko nago, ahalegin handia eginaz. Eta, horri esker, pronto nago gure taldeak behar nauenerako. Sabotajean behar banaute, han nago.

Familiak zer dio?

Familia nirekin dago. Gure semeak weychafe dira, eta oso harro nago.

CAMek negoziatuko al du noizbait?

Oraingoz zail ikusten dut, baina indar metaketan jarraitzen dugu. Eta indar nahikoa biltzen dugunean estatuarekin buruz buru jarduteko, agian negoziatuko dugu. Baina, izatekotan, lurraldeaz hitz egiteko izango da, eta ez beste ezertarako. Orain eztabaidatzeko garaia dela uste dugu, eta, horregatik, aurki gure pentsamendua eta estrategia biltzen dituen liburua kaleratuko dugu: Chem Ka Radikuam.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.