Siria. Alepoko frontea

Lapur batailoi bat

Alepoko frontean borrokatzen zen batailoi bateko kideak atxilotu egin zituzten iraultzaren aldeko poliziek. Lapurrak ziren, berez.

Ali, Alepoko frontean aritutako Al-Jazeera batailoiko buruzagi militarra. SERGI CABEZA.
Alepo
2012ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Goizeko bostetan sartu ziren iraultzaren aldeko poliziak gure gelan, ostatu eman zigun kativa edo batailoiko kideen bila. «Kazetariak», bota zuen poliziekin sartu zen mutiko batek. «Tira, segi lotan», lasaitu gintuen buru egiten zuenak. Kativako kide guztiak atxilotu zituzten, iraultzaren soldadu barik, lapurrak zirelako.

Kasualitateez egin genuen bat kativarekin, haietako kide bat gaztelaniaz mintzo zelako. Hassan, 16 urteko mutikoa, Cordoba eta Valentzia artean sortu eta bizitakoa da, baina duela lau urte gurasoek Siriara itzultzea erabaki zuten. Eta Alepoko frontean, batailoi batean sartu zen: taldearen operazio militarrak grabatu eta sare sozialetara bidaltzeko ardura zuen.

Kazetari taldeko kide batek ezagutu zuen Hassan. Batailoiaren basea Alepoko eremu matxinatuko ospitale nagusitik gertu dago, Dar el-Xifaan. Bonbek eraitsitako gune bat, gaur egun. Inguru haietan ibili ohi ginen kazetariak. Egunero galdezka ibiltzen zaizkigun horietako bati kideak espainiarra zela erantzun zionean, Hassanekin harremanetan jarri zuten. Eta mutikoa laguntza handikoa izan zen, itzultzaile lanak egin zizkigulako, doan.

Turkian atseden egun batzuk hartu eta Alepora itzuli ginenean, bost kazetariak bi taldetan banatu ginen, lotarako lekuren bat errazago lortuko genuelakoan. Bi italiar eta hirurok Hassanen bila joan ginen, eta bere kativak ostatua eskaini zigun. Kito Alepon atzerritarrek izaten duten arazo nagusia.

Pixkanaka, matxinoen konfiantza lortuz joan ginen. Beste bi kazetariek hotelera etortzea erabaki zutenean ere, ez zuten eragozpenik jarri. Alepon, izan ere, ez dago hotelik, eta lotarako lekurik seguruena matxinoen abaroa da. Eranste bat ere ezin zaio deitu, egunez noranahi mugitzeko askatasuna baitugu kazetariok.

Goizero frontera irtetea da kazetarion errutina Alepon. Egunero leku desberdinen bat, inguru bakoitzaren bilakaeraz jabetzeko. Goiz batean, harrera egiten zigun batailoia frontera irten zen, eta haiekin joan ginen hiru kazetari. Zailtasunik gabeko operazio bat Karm el-Jabalen: «Posizioa mantentzen lagundu behar dugu, besterik ez», azaldu zigun Alik, taldeko buruzagi militarrak.

Bideoz grabatu nuen operazioa. Ezer berezirik ez: frankotiratzaileen posizioetatik egindako tiro batzuk baino ez. Beste denbora guztian eraikin bateko sotoan egon ginen, leku seguruan, tea hartzen eta Assaden indarren morteroak gure inguruan nola lehertzen ziren entzuten.

Grabazioa editatu ondoren, kazetariok eta matxinoek taldean ikusi genuen, gauean. Eta xehetasun bitxi bat gertatu zen: matxinoetako batek Hassani aipatu zion azkeneko hiru eszenak ezaba ote zitezkeen. Argudioa ere, bitxia: Siriako Armada Askean galarazita dagoela arma ez den beste ezer eramatea. Eta irudi horietan batailoiko kideak ageri ziren, joanean ez zeramatzaten poltsa handiak ekartzen. Ustezko batailoiaren harrapakina zen, fronteko lerroan egoteagatik hustutako eraikineko etxebizitzetatik lapurtu ahal izan zuten guztia.

Soldadu, polizia, lapur

Kativarekin egin genituen egunak arazorik gabe joan ziren. Aipatzen genuen batailoiak jardun militar handirik ez zuela, inoiz ez zuela zauriturik edo hilik izan, baina besterik gabe. Polizi lanak egiten zituztela pentsarazi ziguten bi gertakari ere bizi izan genituen.

Behin, ilunduta, lau matxino bi autotan irten ziren, presazkoa zirudien eginkizun batekin. Azkar ziren bueltan, zibil itxurako bi gizon zekartzatela begiak estalita. «Xabiha» (matoiak), azaldu ziguten, gure harrigarri. Geroago azaldu ziguten bi gizon horiek eta hirugarren bat —aurrez atxilotu eta torturatua— erregimenaren informatzaileak zirela. Sinetsi egin genien. Atxilotuetako bi elkarrizketatzen ere utzi zigun kativak. Errugabeak zirela eta matxinoek tratu egokia eman zietela azaldu ziguten. Baina batailoiko kideei sinetsi bagenien, gau hartan bertan gure eraikinaren inguruetan lau mortero erori zirelako izan zen. «Informatzaileak kativen baseetatik igarotzen dira eta txip elektroniko batzuk botatzen dituzte, Assaden armadari kokagune zehatza adierazteko», esan ziguten.

Egun batzuetara, oihuak entzun genituen gure logelatik. Artean nahasita, zer ote zen jaitsi nintzen. Eta zalaparta zetorren gelara sartzeko gonbita egin zidaten. Gazte bat torturatzen ari ziren, oin azaletan etengabe gerriko batekin joaz. Azalpena: bi umezurtz bere kargu izan eta lapurretan egitera behartzen bide zituela. Kartzelara eraman zutela esan ziguten hurrena, baina ezin izan genuen egiaztatu.

Kontuak aterata, jada batailoi osoa atxilotua zutelarik, benetan lapur batzuk zirela ohartu ginen. Ustezko borrokalariek egunero arropa berriak ekartzen zituzten, eta eskaini ere egiten zizkiguten. Hassanek berak, gau batean, pitxiz betetako poltsa bat gordetzeko ere eskatu zion gutako bati...

Etxe barrutan egiten dute borroka Alepoko frontean. Hala matxinoek nola armada erregularrak, eraikin osoak hartzen dituzte antolaketa eta eraso guneak ezartzeko. Paretak zulatzen dituzte etxebizitza batetik bestera igarotzeko, eta leihoetatik egiten dute tiro. Soinean zutenarekin ihes egin behar izan zuten bizilagunek, eta orain inor ez da bizi han. Lapurrentzako jokaleku aproposa; soldaduz jantzita ibiliagatik, lapur batailoi bat baitzen benetan.

Hassan, baina, ez zuten gainerakoekin atxilotu. Iraultzaren aldeko polizietako batek galdekatzen zuen bitartean, harekin izan ginen. «Ni ez naute atxilotuko, noski», zioen, ahots dardaratiz: «Lapurrak omen ziren...».

Al-Jazeera batailoiko kideek berririk ez dugu —hala deitzen zen izen bereko farmazia baten ondoan zuelako basea—, baina Siriako Armada Askean nolabaiteko antolakuntza bat ere badagoela erakusten du auzi horrek. Gerra batean dagoen hiria da Alepo, baina ez legerik gabeko hiri bat.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.