«Lan egin dezagun, argazkia atera aurretik»

«Obama ez da une egokian etorri», Estela de Carlotto Maiatzeko Plazako Amonen presidentearen ustez. Macri presidentearen politika kritikatu du, eta ohartarazi biloba galduen bila jarraituko dutela.

Buenos Aires
2016ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Estela de Carlotto (Buenos Aires, 1930) Maiatzeko Plazako Amonen Elkarteko presidentea desagerrarazitakoen aldeko mamartxaren buruan izan zen atzo arratsaldean, bere elkarteko eta HIJOSeko kideekin batera, senide desagertuen argazkiak eskuan zituztela. Ez ziren joan, ordea, Barack Obama AEBetako presidenteak eta Mauricio Macri Argentinakoak diktaduraren biktimak omentzeko ekitaldira, amonak gonbidatu zituzten arren. «Obama ez da une egokian etorri».AEBetako artxiboak desklasifikatzeko Obamaren erabakia «pozgarria» iruditzen zaio, baina «ikusteko dago noraino iritsiko den. Lan egin dezagun, argazkia atera aurretik».

Argazkian ez ditu nahi ez Obama eta ez Mauricio Macri Argentinako presidentea ere. «Baiezta dezakegu ez dizkigula bermatzen aitortuta dauden giza eskubide guztiak». Presidentearen politika eskuindarrek nazioarteko finantza erakundeekin sor dezaketen zorpetzeaz harago doa haren kezka. Milaka langile kaleratzea edota ekintzaileak atxilotzea «beldurgarria» iruditzen zaio, besteak beste. «Gobernu berria murrizketak itsu-itsuan egiten dabilela ikusten dugu, eta gure elkarteari eragingo dionaren beldur gara. Gero eta ekintza eta ikerketa gehiago egiten ditugu, eta gure gastuek gorantz jarraitzen dute».

Mugimenduen protestak eteteko gobernuak abian jarri dituen dekretuak ere gogor salatu ditu De Carlottok. «Milagros Salas giza eskubideen aldeko ekintzailea espetxean sartu zuten, Jujuyko probintzian protesta baketsu bat egiteagatik. Guk presidente berria errespetatuko dugu, presidente berriak gu errespetatzen gaituen gisa berean».

Otsailaren 22an elkartu zen Mauricio Macri azkenean Maiatzeko Plazako Amonen, Amen eta Semeen elkarteekin, eta atxilotutakoen senitartekoen elkarteekin batzartu zen. De Carlottok Macriri kritika guztiak aurrez aurre aipatu ostean, desagerrarazitako 30.000 pertsonaren giza eskubideen betetze mailaz arduratuta daudela argi erakusten duen txosten bat eskura eman zioten.

Desagerrarazitakoak

Lanean jarraitzen du De Carlottok, buru-belarri, 30.000 horien eta 600 gune klandestinoetako torturen eta hilketen errudunak topatzeko, eta, gune horietan jaio eta lapurtu zituztenen oraina argitzeko. Basakeriaren itzalpean jaio ziren ume gehienek gaur egun 35 eta 40 urte dituzte: 400 bat dira. Euren amamen borrokari esker eta haiek sortutako datu genetikoen bankuari esker, 119 bilobek haien benetako familia ezagutu ahal izan dute.

Estella de Carlottok Laura alaba izan zuen: gune klandestino batean izan zuten atxilotuta bederatzi hilabetez, hil zuten arte. De Carlottori, beste ama askori ez bezala,bere alabaren gorpua eman zioten. Hala, dolua eramangarriagoa izan zela onartu du, nahiz eta gaineratu oraindik ere zauria erabat irekita daukala. «Epe horretan, Laura haurdun zegoen, eta espetxe ilun horretan haren semea jaio zen. Nik uste nuen Laura atxilotuta zutenek umea niri emango zidatela, baina, ehunka kasurekin gertatu zen legez, nire biloba lapurtu zuten. Beste familia bati eman zioten; kasu honetan, umearen jatorriari buruz ezer ez zekien landa eremuko bikote bati. Patroi batentzat lanean zebilen bikotea zen, eta umea derrigorrez hartzera behartu zituen patroiak. Haiek ez zuten seme-alabarik, eta ahal izan zuten ondoena hezi zuten. Nire bilobak musikako goi ikasketak egin zituen, kulturak interes handia sortzen zion, eta egoera horrek erabat harritu zuen; izan ere, aldi hartako gurasoek liburu bat bera ere ez zuten irakurtzen. 2014an, nik bilatzen jarraitzen nuen, eta, bera ere bilaketa lanetan ari zenez, azkenean elkar aurkitu genuen». Ignacio Gidok eta Estella de Carlottok urte eta erdiko harreman bikaina daramate, eta laster birramama izango dela jakin du De Carlottok.

Ignacio Gidorren antzera, askok ez dute euren benetako nortasunaren berri izan, eta horietako batzuk Argentinatik kanpo egon litezke. Nortasunaren berreskuratze prozesuak biloba horien ezinegona agerian uzten dute sarri: «Gure esperientzia oso gogorra da, ume lapurtuak beste familia batzuetan haziz joan dira, eta, gaur egun, pertsona helduak dira, horietariko asko guraso bihurtuta. Horien nortasun gabezia haien seme-alabek ere pairatzen dute orain, zoratzeko modukoa da. Kontua da bere benetako nortasunaz zalantza bat daukanak beldurra ere sentitzen duela, ezezaguna denaren beldur da. Hazi egin duen familiarekin zerbaitek ez duela funtzionatzen nabaritzea —informazioa ezkutatzea edo antz fisikorik eza—, ez da batere erraza izan gure bilobentzat. Bat-batean, ikustezina den horma bat sentitzen dute, eta ikertzen hasten dira, egia bilatzea ezinbesteko bihurtzen da».

Zalantzak dituztenei aurrera egiteko gomendioa ematen die elkarteko kideek, eta datu genetikoen bankua euren eskura dagoela gogoratzen die, intimitatea eta errespetua aldez aurretik bermatuz. Gehienetan, elkartera doazenak jakin-minarekin biltzen dira, baina beste batzuetan elkartean jasotako salaketa anonimo baten haritik tiraka hasi behar dute. Horrela, lapurtutako bilobak identifikatu dituzte, baina horietako batzuek ez dute nortasunaren egiaztatze prozesua amaitu nahi izan; bai, ordea, amamek. «Ondo daudela edota ez zaiela interesatzen esaten dute, baina kontua da hor iraungitzen ez den delitu bat egon dela, eta hori ezin dela argitu gabe geratu. Ezer egin gabe geratuko bagina, gu geu delitu horren laguntzaile bihurtuko ginateke. Beraz, guk salaketa epaitegian aurkezten dugu, justiziak berak ustezko biloba hori deklaratzera deitzen du, eta alderaketa genetikoa egiteko odol lagin bat eskatzen dio».

De Carlottoren arabera, ezezkoaren atzean, umeak lapurtu eta hazi zituzten senitartekoen xantaia dago. Bilobak errudun sentiarazi nahi dituzte: «Jaten eman nizun, hezkuntza bermatu izan dizut, eta, orain, ordainetan espetxera bidali nahi nauzu». Biloben buruan eragiteko esaldiak mota askotakoak izaten direla azaldu du. Xantaien edota mehatxuen gainetik, amamen borrokak tinko dirau. Helburua, identifikatzeko dauden 281 bilobak aurkitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.