Hitz goxo eta bizimodu errazak erakartzen ditu. Batek eta besteak kontatutako ipuinak dituzte buruan, eta ametsek sortutako lainoa begietan. Haiek ere entzun dituzte bidaia hori bera egiten ahalegindu eta huts egindakoen kontakizunak. Baina sinetsita daude eurek arrakasta izango dutela. Giza trafikatzaile eta segurtasun indarrek lainoa kolpeka desegiten duten arte.
Taju Hassane Turdo: "Bidaia erraza izango zela esan zidaten. Saudi Arabian asko irabaziko nuela"
"Bizimodu erosoa nuen. Nirea zen familiaren diru iturri nagusia, eta ondo bizi ginen. Seme-alabek ere ez zuten arazorik, baina gauza handiak lortu nahi nituen, eta nuen guztia galdu nuen", aitortu du. Urtarrilean irten zen Etiopiatik, eta giza trafikatzaileen esku amaitu zuen. "Bidaia erraza izango zela esan zidaten, eta Saudi Arabiara heldu orduko diru asko irabaziko nuela". Entzungor egin zien emaztearen aholkuei, galduaz saldu zituen bere idi gehienak eta bizitza hobea izango zela uste zuen hartarako bideari ekin zion. Etiopiako hiriburu Addis Abebara autobusez heldu zen, eta handik Dire Dawa hirira jo zuen, Etiopia ekialdera. Hantxe zituen zain muga zeharkatzen lagunduko zioten trafikatzaileak.
"Familiari deitu eta handik ateratzeko dirua eskatzeko agindu ziguten. Gure familiek bidali ziguten dirua. Ordura arte han egon ginen zain". Etiopiatik Djibutira joan ziren, eta handik Yemenera, txalupaz. "Trafikazaileek agindu ziguten bata bestearen gainean jartzeko, txalupan sartu ahal izateko. Norbait kexatzen bazen, bizkarrean zigortzen zuten. Emakumeak izan ziren gehien sufritu zutenak. Behin eta berriz bortxatu zituzten. Batek bukatutakoan, bestea hasten zen".
"Yemengo kostaldera iritsi ginenean, trafikatzaile bat genuen zain arma eskuan zuela. Ordaintzeko bi aukera eman zizkigun: guk geuk dirua ematea, edo familiari eskatzea eta haiek bidaltzea. Ez geneukala esanez gero, gurutziltzatu egingo gintuztela esan ziguten". Egun askoan torturak jasan zituen, baina familiak gehiago ordaindu ezin zuenez, beste batzuekin batera aske utzi zuten. Saudi Arabiara heltzea lortu zuten, baina segurtasun indarrek harrapatu eta basamortuan abandonatu zituzten. Hiru egunez oinez ibili ziren errepide nagusira heltzeko, eta gero Sana hiriburura jo zuten. Orduan sartu zen etorkinen atxilo zentroan, eta handik aberriratuko dute Etiopiara. "Gorputza osorik dudala itzuli nahi dut. Ez dut begirik galdu nahi, ezta eskurik ere. Ez dut galdu nahi. Hobe da etxera itzultzea, horregatik nago hemen".
Rumana Mohamed Siraji: "Senarra Saudi Arabiara joan zen. Non dago? Hilik edo bizirik dago? Ez dakit"
"Neure begiekin ikusi dut nolakoa den bizitza Yemenen. Nola utziko diot norbaiti hona etortzen? Nola egin dezaket hori?". Duela lau urte eta erdi irten zen senarrarekin eta zenbait auzokiderekin Etiopiatik. Saudi Arabian bizimodu hobea izango zuela uste zuen. Aldiz, Yemenen urte asko igaro behar izan ditu, noraezean. 4 urteko eta urte eta erdiko bi seme-alaba ditu, ez zuten aurrera egiteko baliabiderik. Senarrak Saudi Arabian sartzea lortu zuen, baina ordutik ez du haren berririk. "Ez dut hemen hil nahi. Gainera, senarra ez dago nirekin. Saudi Arabiara joan zen. Bidean atxilotu zuten? Non dago? Ez dakit. Bizirik edo hilda dago? Ez dakit".
Yemenen norbaitek esan zion Sanako atxilo zentroko jendea etxera bidaltzen ari zirela. Zentroaren ate aurrean egon zen hainbat hilabetez, barrura sartzea lortu zuen arte. "Nire seme-alabak une zailak bizi izan dituzte. Arazo handiak ditugu. Hemen barruan, behintzat, ez dugu hotzik pasatzen".
S. Hassen Abduselam: "Ez genekien etxera nola itzuli. Txakurrak bezala ibili gara, hara eta hona"
Beste zortzi pertsonarekin batera irten zen Etiopiatik, abenduan. Djibutira arteko bidaian mendian egin zuten lo, bidean aurkitzen zutena jan eta edanez. "Jendea gosez hiltzen ikusi genuen". Yemenera iritsi zirenean, berriz, trafikatzaileek bahitu eta hilabetez atxiki zituzten; tarte horretan torturak jasan zituzten. "Iluntzeko zortzietan txalupa bat hartu genuen, eta goizaldeko ordu bietan iritsi ginen Yemenera. Herrialde honetan jende gaiztoarekin topo egin genuen. Soro batera eraman gintuzten, eta joka hasi zitzaizkigun. Familiak eskatutakoa ordaindutakoan askatuko gintuztela esan ziguten, bestela hil egingo gintuztela. Eskua hautsi zidaten, eta bizkarrean jipoitu. Hilabetez atxiki gintuzten".
Ondoren, eskean iraun zuten, Saudi Arabiara eramango zituztela hitzeman zieten beste trafikatzaile batzuei ordaintzeko lan egiten zuten bitartean. Baina trafikatzaile horiek ere engainatu egin zituzten. Behin baino gehiagotan saiatu ziren Saudi Arabiara beren kabuz sartzen, baina soldaduek jipoitu eta berriz mugara bidaltzen zituzten. Azkenik, etxera itzultzea erabaki zuten. Sanan polizia postu batera jo zuten, eta atxilotzeko eta etxera eramateko erregutu zieten poliziei. Duela guxi sartu dituzte atxilo zentrora.
"Poliziaren kontrol gune batera joan ginen, eta gurutzatu egin genuen atxilotu gintzaten. Geure kabuz joan ginen, eta gaueko hamarretan sartu ginen. Gure arropa poltsetan generamanez, gerarazi egin gintuzten, eta ea nora gindoazen galdetu ziguten. ‘Etxera itzuli nahi dugu’, erantzun genien. Etiopiara itzuli nahi genuela esan genuen. Ez genuen hizkuntza ulertzen. Etsita geunden, eta negarrez hasi ginen. ‘Zergatik egiten duzue negar?’, galdetu ziguten. Erantzun genien ez genekiela etxera nola itzuli. Txakurrak bezala ibili gara, hara eta hona. Hobe da etxera itzultzea kalean lo egitea baino. Soroan lan egingo dugu, hemen indarrak alferrik galtzea baino hobe izango da".
Awell Kedar: "Heriotzara daraman errepidea da hau. Esklabotza da, esklabotza modernoa"
Kedar itzultzaile, kazetari eta irakasle aritua zen Etiopian. Baina langabezian geratu zenean beste norabait joatea erabaki zuen, aurretik anaiek egin zuten moduan. Etiopiatik irtetea lortu baino lehen amaitu zitzaion amak bidaiarako emandako dirua, eta oinez egin behar izan zuen bidearen zati handiena. Etiopiatik Somalilandera joan zen, eta handik Djibutira.
"Yemenera heldu nintzenean harrapatu ninduten. Hatzetatik sabaira zintzilikatu ninduten. Oso mingarria izan zen, benetan. Hamazazpi egunez eduki ninduten han, hilzorian, eta nire urtebetetze egunean erabaki nuen ezin nuela han jarraitu. Hobe zela hiltzea han geratzea baino,eta ihes egin nuen. Kalean egon nintzen hainbat egunez. Familia bati esker osatu nintzen zaurietatik".
"Etiopiatik irtetea pentsatzen ari direnei, edo irten diren horiei, esango nieke heriotzarako errepidea dela hau. Aholkatuko nieke hobe dutela etxean geratzea esklabo izatea baino, hau esklabotza baita, esklabotza modernoa".