Olatz Arrieta
Leku-lekutan

Laino ilunak

2024ko abenduaren 1a
05:00
Entzun

Gaur hasi da ofizialki lanean Europako Batzorde berria. Hasi berri den bost urteko agintaldiari Ursula Von der Leyen 2.0 izengoitia eman diote komunikabide batzuek. Bigarren agintaldia ez da lehendabizikoa bezalakoa izango: kudeatzen zailagoa eta ekimen berrietan ahulagoa izatea aurreikusten da. Gure bizitzan geroz eta tarte handiagoa hartzen ari den alor digitalean araudi berri gutxiago aurreikusten dira; azken bost urteotan onartu diren lege iraultzaileek utzitako zuloak estaltzeko izango dira, bereziki. Adibidez, kontsumitzaileak arlo digitalean hobeto babesteko araudi berria prestatzen ari da Batzordea.

Trantsizio berdearen alorrean ere ez da aurrerapauso handirik espero; atzerapausoak, ordea, bai. 2035erako erregai fosilak erabiltzen dituzten motorren debekuari herrialde batzuek eta autogintzaren industriak jarri nahi dizkioten oztopoak azaltzea Teresa Ribera klima gaietarako presidenteordeari egokituko zaio, beste hainbat komisariorekin batera. Von der Leyenek Batzordearen egitura aldatu du, presidenteorde eta komisarioen artean eskumenak gehiago partekatuz. Batzuen esanetan organigrama berriaren helburua istiluak areagotzea eta akordioak zailtzea omen da, azken hitza Von der Leyenen esku geratu dadin. Bigarren agintaldi honetan, aurrekoan bezalaxe, politikari alemaniarraren aginte estiloa despotismoa dela salatzen duten ahotsak ez dira falta. Batzordean nork eta zertan agintzen duen argitzea da orain lobbyen, gobernuen eta kazetarien lehen zeregina.

Presidenteorde berrien artean lehenengo aldiz ultrakontserbadore bat dago, Georgia Meloni Italiako lehen ministroaren hautagaia, Raffaele Fito kohesio funtsen eta erreformen arduraduna. Viktor Orban Hungariako lehen ministroak Bruselara bidalitako gizonak, Israelen aldeko jarrera irmoa erakutsi duen Oliver Varhelyik, komisario izaten jarraituko du; oraingoan, osasunaren alorrean. Batzordean, dena den, ez da ultraeskuineko komisariorik behar ultraeskuindarrenak diren neurriak bultzatzeko; migrazio araudi berriarekin argi ikusi den moduan. Zenbat eta ultraeskuineko gobernu gehiago, orduan eta joera horretako komisario gehiago; azken finean, beste hainbat arlotan bezala, botere nagusia estatuena delako eta estatu askok eskuinera bira egin dutelako Europako Batasunean.

Bigarren agintaldia ez da lehendabizikoa bezalakoa izango: kudeatzen zailagoa eta ekimen berrietan ahulagoa izatea aurreikusten da

Batzordearen eraikinaren parean dagoen Europar Kontseiluan ere lehenengo eguna izango du gaur horko presidenteak. Antonio Costa Portugalgo lehen ministro ohiak hartu du Charles Michel kritikatuaren kargua. Von der Leyen eta Michelen arteko ezinikusiak amaituta, bi instituzioen arteko elkarlana asko hobetuko omen da. Indiar-afrikar jatorrikoa da portugaldarra, eta, beraz, zuria ez den lehen goi karguduna da Europako Batasunean. Hegoaldeko eta Asiako herrialdeekin harremanak hobetzen lagungarria izango omen da Costaren azal kolorea. Azal zurikoz inguratutako agintari beltzaran bakarra garapenerako bidean dauden herrialdeek nola interpretatuko duten ikustear dago.

Von der Leyen eta Metsola komisarioen talde berriarekin, asteon, Bruselan. RONALD WITTEK / EFE
Von der Leyen eta Metsola komisarioen talde berriarekin, asteon, Bruselan. RONALD WITTEK / EFE

Alemaniaren eta Frantziaren ahuleziak, eskuin muturreko alderdiekin osatutako gobernuek, Txinarekiko estrategiak, Ukrainako gerrak, eta Errusiaren eta Trumpen ziurgabetasunak Batzorde berriaren agenda markatuko dute: bereziki, ekonomian, defentsan eta klimaren alorretan.

Beste behin, herrialdeek erabakiko dute Europako Batzordeak hartuko duen bidea botere legegile eta arau betearazle bezala dituen zereginetan. Eta, beste behin, krisi berrien zain, itxaropena zaintzea eta inoiz ez galtzea geratzen zaie Europako Batasuneko 449 milioi biztanleei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.