TAIWAN

Lai ofizialistak irabazi ditu Taiwango hauteskundeak

Botoen %40 lortu ditu Alderdi Demokratiko Progresistako hautagaiak, eta nabarmendu du taiwandarrek «demokrazia» aukeratu dutela, «autoritarismoa» beharrean.

TAIWAN. HAUTESKUNDEAK.
Lai Ching-te garaipena ospatzen, gaur, Taipein. EFE
Igor Susaeta.
2024ko urtarrilaren 13a
18:08
Entzun

Lai Ching-te hautagai ofizialistak irabazi ditu Taiwango presidentetzarako hauteskundeak, gaur. Botoen %99 kontatuta, DPP Alderdi Demokratiko Progresistako presidentegaiak horien %40 bildu ditu, inkestek iragarritakoa betez. Bigarren izan da Kuomitangeko Hou Yu-ih (%33), eta hirugarren TPP Taiwango Alderdi Popularreko Ko Wen-je (%26). Biek ala biek Lairen garaipena onartu dute. Horiek horrela, 1996an estatuburua bozen bidez aukeratzen hasi zirenetik lehen aldiz, alderdi batek, kasu honetan Alderdi Demokratiko Progresistak, hirugarren agintaldiz jarraian gobernatuko du uhartean.

Emaitzak eskuan, Laik adierazi du, prentsa agerraldi batean, «demokraziaren» eta «autoritarismoaren» artean aurrenekoa aukeratu dutela taiwandarrek. AEBen eta Txinaren arteko gatazka gune esanguratsuenetako batean dago uhartea, eta, horren harira, konpromisoa hartu du Taiwango itsasertzean «bakeari eta egonkortasunari» eusteko, eta nabarmendu du helburu duela Txinarekiko harremanenean «statu quo-ari» eustea.

Horri dagokionez, kritikatu egin ditu Pekinen «etengabeko mehatxuak eta larderia», baina azaldu du, kanpainan egin izan duen moduan, ahaleginduko dela Txinarekin «lankidetza eta elkarrizketa» sustatzen, iritzita hori «onuragarria» izango dela itsasartearen bi aldeetako herritarrentzat.

Hauteskundeen emaitzak argitaratu ondoren, Txinako Atzerri Ministerioak ohar bat kaleratu du, azpimarratuz «Txina bakarraren printzipioa» defendatuko dutela aurrerantzean ere, eta, emaitzei beraiei erreferentziarik egin gabe, gehitu du «korronte separatistei» aurre egiten segituko dutela. Txinak azkeneko hamarkadetan argudiatu du Taiwan bere lurraldearen parte dela, nahiz eta ez duen haren kontrolik. AEBek, bestalde, Lai zoriondu dute.

Garaipenak, baina, izan du gazitik zerbait, Taiwango Parlamentuan zuen gehiengoa galdu baitu Alderdi Demokratiko Progresistak. 113 aulki ditu ganberak, eta Kuomitangak 52 lortu ditu, DDPk 51, eta TPPk zortzi. 2004tik aurrenekoz, alderdi batek ez du gehiengo osorik izango parlamentuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.