Klima larrialdia. Afrikako adarra. Leo Nyabaya. Somaliako Aussie elkarteko koordinatzailea

«Laguntzaren menpe gaude: ez dugu beste aukerarik»

Ekintzailearen esanetan, diru falta da erakundeen arazo nagusia, horrek ezinezko egiten baitu luzerako planak bultzatzea.

BERRIA.
Oskar Epelde Juldain.
Nairobi
2023ko martxoaren 23a
00:00
Entzun

Denbora luzea darama Leo Nyabayak Banadir eskualdean lanean. Somaliako Aussie elkarteko koordinatzailea da, eta gertutik ikusi ditu azken urteetako lehortearen ondorioak. Ohartarazi du gero eta gehiago direla kanpalekuetara laguntza bila jotzen dutenak, eta gero eta gutxiago haiei laguntzeko baliabideak.

Aurre egin diozue gosete arriskuari?

Ez. Erakunde humanitario guztiak biltzen dituen elikadura segurtasunerako klusterraren ikerketa baten arabera, herritarren erdiak arriskuan daude. Fase kritikoan gaude, badakigulako aurtengo euri sasoia ere galdu egingo dugula.

Jendea ez da gai elikagaiak bere kabuz lortzeko. Tokiko eragile batzuk, nazioarteko eragileen laguntzaz, ahalegintzen ari dira desnutrizio arazoak dituztenengana iristen. Baina jasotzen ditugun laguntzak baino gehiago dira beharrean daudenak. Banadir eskualdean [Muqdisho hiriburua dagoen probintzia], adibidez, giza laguntzarako erakundeek euren helburuen %47 soilik bete dituzte.

Nola banatzen dira laguntzak?

Arriskuan daudenei zuzenean ematen zaie janaria; iristeko zailak diren eremuetan bizi direnei, berriz, dirua bidaltzen zaie, behar dutena eros dezaten. OMEk [Osasunaren Mundu Erakundeak], Unicefek [Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsak] eta MEPek [Munduko Elikadura Programak] babesten dituzte proiektu horiek.

Aurten, iaz bezala, ohiko euriaren %20 egingo du bakarrik. Horrek uztak murriztea dakar, eta, ondorioz, komunitaterik zaurgarrienek ihes egingo dute landa eremuetatik janaria banatzen den guneetara. Gainera, landa eremu askotan barne gatazkak daude, larre lur onak eta putzuak baliatzeko.

Nola iristen dira iheslariak kanpalekuetara?

Esku hutsik. Muqdishon jendez gainezka gaude, eta, kanpaleku asko dauden arren, dendak beteta daude: etorri berriek aurrez zeudenekin partekatu behar dituzte. Iheslariak ezer gabe datozenez, denetarik eman behar zaie: mantak, janaria, arropa, sendagaiak...

Hala ere, okerrena apiriletik ekainera dator?

Gatazka okerragotu ahala, herritarren beharrak gehiago dira. Bestalde, euri sasoian gaude, baina ez du euririk egiten. Uzta ekainean eta uztailean biltzen da, baina jada jakina da ez dela nahikoa ekoitziko. Berdin-berdin nekazari eta artzainen kasuan ere. Nazioarteko laguntzaren menpe gaude: ez dugu beste aukerarik.

Orain arte ez da bultzatu menpekotasun hori gainditzeko estrategiarik?

Zer esango dut, bada? Somalian egiten ari diren jarduera gehienak ez dira iraunkorrak. Behin-behineko erantzunak dira, larrialdiari erantzuteko pentsatuak. Agian erakundeek luzerako proiektuetan pentsatuko balute, oinarrizko arazoak konpontzeko gaitasuna izango genuke. Baina, orain arte, ezer gutxi egin da: sakoneko krisi baten ondorioak arintzen saiatu besterik ez.

Laborariak saiatzen dira euren beharrizanak asetzeko antolatzen?

Badira erakunde gutxi batzuk —Norvegiako Errefuxiatuen Kontseilua, adibidez— kapitala eskaintzen dutenak pertsona horiek negozioak martxan jarri ahal izateko. Baina beste kontu bat da nekazarien eremuetara joaten bazara, Hirshabellera, Galgadugera, Jowharrera... Shabelle ibaiaren inguruetan bizi direnak gai dira laborantzan eta abeltzaintzan aritzeko, baina baliabideak falta zaizkie. Gehienek eskertuko lukete luzerako proiektuetan aritzea.

Zer-nolako eragina dute krisi horretan Al -Shababen aurkako operazio militarrek?

Segurtasunik ezak ezinezko egiten du klima larrialdiaren ondorioak arintzeko neurrietan pentsatzen hastea. Talde armatuak daude nekazaritzarako egokiak diren eremu gehienetan. Herritarrek hirietara ihes egiten dute. Armadak operazioak egiten ditu Al-Shabab kanporatzeko, baina iheslari gehienek nahiago dute desplazatuen kanpalekuetan geratu; gosez eta bortxaz hiltzea baino hobea dela uste dute.

Laguntza banaketan ere eragiten du segurtasunik ezak. Oso zail da eremu batzuetara iristea, nahiz eta laguntza banatzeko erabateko borondatea izan. Talde armatuek gobernuz kanpoko erakundeen materialak konfiskatu ditzakete, edo erosi egin beharko dituzu. Eremu beroak deitzen diegu horiei; badakigu hango jendeak janaria behar duela, baina ezin gara haiengana iritsi. Aukera bakarra da janaria erosteko dirua ematea. Ez da irtenbide perfektua, baina ez daukagu besterik.

Al-Shabab da segurtasunik ezaren erantzule bakarra, edo tokiko indarrek ere badute erantzukizunik?

Al-Shabab da gatazka iturri nagusia. Badira komunitateen arteko bestelako borrokak ere, gehienbat larreen eta putzuen erabileraren ingurukoak. Baina horiek erraz konpondu daitezke alkateen esku hartzeekin.

Bilakaerari dagokionez, izan dira aldaketa batzuk aurreko urteekin alderatuta. Eremu asko gobernuaren kontrolpetik kanpo zeuden, eta sarbide batzuk lortu ditu orain; horri esker bizilagun batzuk itzuli dira. Giza laguntzarako erakundeak ere hasiak dira pentsatzen nekazaritza proiektu jasangarriak martxan jartzeko aukeraren inguruan, desplazatuak beren lurretara itzuli eta laborantzan has daitezen.

Zein da jendearengana iristeko arazo nagusia, segurtasunik eza edo finantzaketa falta?

Finantzaketa da arazo nagusia. Somalian bada giza laguntzarako funts bat, baina dirua lehentasunen arabera banatzen da, eta ez da nahikoa. Banadirren, adibidez, 700.000 familiari laguntzea zen gure asmoa, baina hilabetean, gehienez, 300.000rengana iristen gara. Erdiak baino gutxiago dira. Arazoa ez da haiengana iristea; arazoa da ez dagoela diru nahikorik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.