Laguntzak, hondamendira

Nazioarteko giza laguntza Siriak berak kudeatzea nahi du Damaskok, baina GKEek ohartarazi dute horrek laguntza eta presio politikoak nahastuko lituzkeela.

NBEko langile bat Idlib inguruko kanpamentu batean, familia batekin hizketan. YAHYA NEMAH / EFE.
Urko Iridoy Alzelai
2023ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Bab al-Hawa muga pasabidea 29 egunez egon da itxita. 29 egunez, Siriako ipar-mendebaldeko biztanleen janari, ur eta sendagai beharrak asetzen zituen sarbideak ezin izan ditu ateak zabaldu. Siriako ipar-mendebaldera laguntza sartzea adostu zuten aurreko astean NBE Nazio Batuen Erakundeak eta Siriako Gobernuak. Duela hilabete, Segurtasun Kontseiluak ez zuen lortu pasabidea zabaltzeko modua ematen zuen akordioa berritzea. Ipar-mendebaldekoak Siriako oposizioaren lurrak dira; horregatik, Baxar al-Assad Siriako presidentea NBEren giza laguntzako operazioen aurka agertu izan da beti.

2014an, NBEk lau sarrera ireki zituen herrialdera laguntza helarazteko: Jordanian bat, Iranen beste bat eta Turkian bi. Errusiaren eta Txinaren presioek sarbide bat soilik utzi zuten erabilgarri: Bab al-Hawa —Turkiaren eta Siriaren arteko mugan—.

Uztailaren 10ean amaitu zen Segurtasun Kontseiluak lortutako hitzarmena. 2014. urtean sinatu zuten, eta modua ematen zuen Siriako Gobernuaren onespenik gabe ere laguntza sartzeko. Segurtasun Kontseilua berritzen saiatu zen arren, Errusiaren betoak bertan behera utzi zuen prozesua.

Hitzarmenaren berritzea eten ondoren, Siriako Gobernuak bere proposamena aurkeztu zion NBEri. Hartan, kudeaketa lanak elkarlanean egiteko eskatu zuen Al-Assaden gobernuak, hau da, herrialdeko ipar-mendebaldera doazen gaiak Damaskotik pasatzeko. NBEren erantzuna oso argia izan zen: «Siriako Gobernuaren proposamena eta hark dakartzan neurri sortak onartezinak dira».

Asteartean, Siriako Gobernuak eta NBEk sei hilabeteko epemuga duen akordio bat adostu zuten. Akordio horren bidez, nazioarteko erakundeek baimena jaso zuten Bab al-Hawa sarbidea erabiltzeko. Egun bat lehenago, Bab al-Salam eta Al-Rai sarbideei hiru hilabete gehiagoz irekita eusteko hitzarmena sinatu zuten. Lurrikarak eragindako hondamendiari aurre egiteko ireki zituen horiek Al-Assadek.

Oraingoz, NBEk ez ditu onartu Siriako Gobernuak uztailean ezarritako baldintzak, baina horrek ez du esan nahi geroago onartuko ez dituenik. Horren arriskuez ohartarazi du Francisco Otero Espainiako MSF Mugarik Gabeko Medikuen Siriako koordinatzailea izandakoak: «Oposizioaren gaiak haren eskuetatik pasatuz gero, laguntza humanitarioa eta presio politikoak nahasteko aukera izango luke Siriako Gobernuak. Bi gauzek bananduta egon behar dute beti». Horrez gain, logistika handiagoa eskatuko luke Siriak nahi duen elkarlan horrek: «Kostuak asko handituko lirateke Al-Assadek uztailean proposatutako sistemarekin. Hegazkinak Damaskora iritsi, eta ondoren dena Idlib aldera eraman beharko litzateke».

Siriako Gobernuak, jarritako baldintzetan, adierazi zuen kudeaketa Gurutze Gorriaren eta Siriako Ilargi Gorriaren ikuskaritzarekin egin beharko litzatekeela. «Oposizioaren lurraldeko herritarrek ez dituzte onartzen Gurutze Gorria eta Ilargi Gorria. Bi erakunde horiek Siriako Gobernuaren eremuetan soilik daukate presentzia; beraz, zentzurik gabekoa da ipar-mendebaldera doan laguntza haiek gainbegiratzea. Mesfidantzaz beteriko operazioak izango lirateke», esan du Oterok.

Segurtasun Kontseiluak akordioa lortzeko ahaleginean huts egin ostean, Martin GriffithsNBEko goi mandatariak eta Siriako Gobernuak bideratu zituzten negoziazioak. Enrique Garcia MSFren Alepo iparraldeko koordinatzaileak kolokan jartzen ditu negoziazioen helburuak: «Tamalgarria da gobernuek laguntza humanitarioa arma moduan erabiltzea negoziazio politikoetan. Milioika pertsonak ez daukate non bizi, bizirik irauteko borrokan ari dira egunero, baina gobernuek beren interes politikoak lehenesten dituzte. Agintarien erabakiak dira, baina Siriako ipar-mendebaldeko herritarrek ordaindu beharko dituzte ondorioak».

Hemendik sei hilabetera beldurra berriro piztuko dela esan du Oterok: «2014. urtetik gertatzen den moduan, hango biztanleek badakite sei hilabeteko epemuga amaitzen denean laguntza noiznahi bukatu daitekeela. Aurten oztopo handi bat jarri da erdian, Errusia, baina beste edozein faktorek utz dezake NBEren mekanismoa indarrik gabe».

Hamabi urte dira Siriako barne gatazka piztu zela, eta herrialdea hiru zatitan banatuta dago oraindik: %63,38 Siriako Gobernuaren menpe dago, eta %10,98 oposizioaren agintepean; eremuen %25,64 Siriako Indar Demokratikoenak dira, lurraldeko hainbat etniak (kurduak, asiriarrak, arabiarrak, armeniarrak, turkmenak...) osatutako aliantza militarrarenak. 4,5 milioi biztanleko eskualdea da ipar-mendebaldea, eta horietatik 4,1 milioi laguntza humanitarioaren mende daude bizirik irauteko. 2,9 milioi barne desplazatu daude han, eta horietatik 1,9 milioi kanpamentuetan bizi dira, «larri», Garciak dioenez.

Otsaileko lurrikara

Otsailean izandako lurrikararen ondorioz, 8.000 lagun hil ziren Sirian. Afrikako plaka tektonikoak, Anatoliakoak eta Arabiakoak bat egiten duten tokian dago Siria eta Turkiaren arteko mendebaldeko muga. Hiru plaken higidurak Richter eskalako 7,8 graduko lurrikara eragin zuen, eta mila erreplika baino gehiago izan zituen. Horrez gain, neguko hotzak eta elur kantitate handiek asko zaildu zituzten erreskate lanak. Bi sarrera berriekin, nazioarteko erakundeak hango zibilen beharrak asetzen saiatu ziren, baina, muturreko baldintzak zirela eta, bidalketak asko moteldu ziren. «Lurrikararen hurrengo egunetan ez zen laguntzarik sartzen herrialdean. Guk stocka beteta genuen, eta horri eskeregin genuen aurrera. Hala ere, egun oso latzak izan ziren denontzat», nabarmendu du Oterok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.