Laguntza humanitarioaren zain, bizirik irauten dute Kongon

Egoera «tamalgarria» bizi dute Kongoko Errepublika Demokratikoan; hala kontatu dute hango langile humanitarioek. Emakumeak eta haurrak ari dira pairatzen gatazkaren ondorio larrienak; izan ere, bortxaketak eta osasun arazoak ugaritu dira.

Desplazatuak, Gomako erietxe bateko atarian. EFE
Desplazatuak, Gomako erietxe bateko atarian. EFE
Iratxe Muxika
2025eko otsailaren 12a
05:00
Entzun

Urtarrilaren 27an hartu zuen M23 Martxoak 23 matxino taldeak Kongoko Errepublika Demokratikoko Goma hiria, Ipar Kivu eskualdeko hiriburua. Aurreneko astean 900 hildako eta 2.800 zauritu zenbatu zituzten, eta gatazkak Ruandaren eta Kongoko Errepublika Demokratikoaren arteko liskarrak areagotu ditu. Vincent —ez du abizenik eman nahi izan— langile humanitarioa da Ipar Kivu probintzian, eta adierazi du egoera «tamalgarria» bizi dutela eskualdean.

Probintzian ez ezik, gatazkak eragin zuzena izan du Kongoko Errepublika Demokratiko osoko egoera politikoan. «Gomako biztanleak etxean gordeta daude, zigortuta baleude bezala», erran du Vincentek mezu elektronikoz, Alboan gobernuz kanpoko erakundeak bideratutako elkarrizketan. Ur eskasia, elektrizitate falta eta lapurretak ari dira jasaten, eta herrialdeko egoera sozioekonomikoa horren eragina jasaten ari da dagoeneko. «Armekin sartu eta dendak eta supermerkatuak lapurtzen dituzte; beldur handia sortu dute». Ura, elikagaiak eta osasun arloko baliabideak falta dituzte gehienbat. 

Kongok M23ri laguntzea eta mugimendua babestea leporatzen dio Ruandari; hark Kongori, berriz, FDLR Ruandaren Askapenerako Indar Demokratikoarekin elkarlanean aritzea. Hainbat saialdiren ondotik —Kongoko Errepublika Demokratikoko presidentea ez da aurreko bileretara agertu— larunbatean elkartu ziren bi herrialdeetako presidenteak EAC Ekialdeko Afrikako Erkidegoak eta SADC Afrika Hegoaldeko Garapenerako Komunitateak elkarrekin antolatutako bileran, su etenaren beharraz eta haren baldintzez hitz egiteko. Matxinoek su etena aldarrikatu bazuten ere, Hego Kivurantz mugitzen hasi ziren Ipar Kivu mendean hartu ostean, Bukavu hiriburua ere hartu asmotan.

«Armadak herriari ordainarazten dizkio gatazkaren albo kalteak; alegia, zenbait soldadu hil izana herriak ordaindu behar du»

VINCENTIpar Kivuko langile humanitarioa

Julienne Baseke giza eskubideen aldeko ekintzailea da Kongon, eta AFEM-FPM elkarteko koordinatzailea; komunikazio esparruko emakumeekin aritzen da lanean. Bukavun dute egoitza. «Su etena aldarrikatu dute, baina psikosi egoera hau zeharo hedatua dago, eta ez dirudi ezer aldatuko denik», azaldu du. Merkatuan «elikagai nahikoa» dagoela uste du, baina pixkanaka gabeziak agertzen ari direla hor ere. «Elikagaiak kanpotik etortzen dira, Goma hartu aitzinetik M23ren menpe zeuden herrietatik. Orain, zailtasunak dituzte herri horietatik Gomara eta inguruko herrietara lehengaiak bidaltzeko, bidea oztopatuta baitago». Goman zerbitzu anitz eten behar izan dituzte; aireportua, erraterako, itxi egin dute, eta laguntza humanitarioa iristea zaildu du horrek. 

Dena dela, gosea ez da Iparraldeko Kivun soilik hedatu, hegoaldean ere ari baitira hura nozitzen pixkanaka. Gomatik iristen ziren elikagaiak Hego Kivura, eta orain zubi lan handia falta da. «Krisi humanitario handia dator gugana», ohartarazi du Vincentek: «3.000tik goiti dira hildakoak, milaka eta milaka zaurituak, erietxeak gainezka daude, elikagaiak ez dira etxeetara iristen…». 400.000 desplazatu inguruk Goma hirian aterpetu behar izan dute, eta, telefono eta Internet zerbitzuak eten direnez, zailagoa da hiriak funtzionatu ahal izatea. 

Basekek dio «sarraski hutsa» dela Goma, eta «sekulako zorigaitza» bizitzen ari direla. «Bonbak jaurti dituzte ospitaleetara, eta tiroka sartu dira zibilen etxeetan». Gerratik ihes egin eta Gomako kanpalekuetan babesa hartu duten biztanleek beren bizilekuetara itzuli behar izan dute, baina denek ez dute etxea «osorik» topatu. 

Hainbat zauritu Gomako erietxean. MARIE JEANNE MUNYERENKANA / EFE
Hainbat zauritu Gomako erietxean. MARIE JEANNE MUNYERENKANA / EFE

Krisi humanitarioak ondorio anitz utzi ditu eskualdean; erraterako, hainbat zaurituk ezin izan dute tratamendurik eta laguntzarik jaso, baliabideak «suntsitu» dituztelako, Basekek kontatu duenez. «Gorpu anitzek hiru egun pasatu dituzte lurrean, norbaitek jaso arte». Kaleko egoera ikusita, epidemia bat sortuko ote den beldur dira herritarrak. Gomako kartzela, bidenabar, hustu egin dute; «dagoeneko sumatzen da delinkuentzia handitzen ari dela», Basekek dioenez. M23k Goma hartu zuenean 3.000 preso inguruk egin zuten ihes hiri horretako kartzela batetik, eta espetxe horretako modulu batean preso zeuden emakumezkoak bortxatu eta bizirik erre zituzten. Den-denak hil ziren; NBE Nazio Batuen Erakundeak salatu zuenez, ehun gorpu baino gehiago aurkitu zituzten. 

«Guztiz traumatikoa da hau, eta ez du mugarik», erran du Basekek. «Bidegabekeria larriak bizi ditugu, eta ez dugu defendatzeko indarrik, ezta modurik ere. Desplazatuei, emakumeei eta haurrei erresilientzia agortu zaie, eta beste komunitate batzuekin geneukan komunikazioa eten egin da». 

«Bortxaketak eta erasoak ugaritu egin dira; baliabide eskasiak ere eragina du gugan. Hilekoarekin egonez gero ez dago urik behar bezala garbitzeko, eta haurrei esnea emateko ere ez dago elikagai nahikorik»

JULIENNE BASEKEGiza eskubideen aldeko ekintzailea

Vincentek azaldu du «jasanezina» dela Kongoko Errepublika Demokratikoko egoera. Errepide anitz moztuta daude, bankuak itxita daude, lehen mailako produktuen «eskasia handia» dago, eta oztopo anitz jarri dituzte laguntza humanitarioa sartu ez dadin. Errebeldeek kontrolatu gabeko auzoetan ere borroka armatua da nagusi, eta «arma zirkulazio handia» da kaleetan.

Errebeldeen mezuak

«Zaila da deskribatzen errebeldeek zer jarrera duten gurekiko», hausnartu du Vincentek. «Batzuetan ohar lasaigarriak bidaltzen dituzte, eta lortzen dute biztanleria lasaitzea, batez ere hiriaren segurtasunaren inguruko informazioa ematen dutenean». Bertze kasu batzuetan, ordea, «mezu mehatxagarriak» bidaltzen dizkiete, eta jakinarazten diete estatu indarrei laguntzen dien oro «exekutatuko» dutela. 

Basekek, ordea, argi du errebeldeek «salbatzaile» eta «askatzaile» jarrera hartu dutela, eta hori sinetsarazi nahi diotela herriari. «Armadak herriari ordainarazten dizkio gatazkaren albo kalteak; alegia, zenbait soldadu hil izana herriak ordaindu behar du». Herritarrek, beraz, «zer egin jakin ez, eta lapurtu egiten dute». Dena dela, Vincentek kontatu duenez, armadako soldadurik ez da ikusten kalean; matxinoek armarik gabe utzi dituzte horietako anitz. 

Gatazkak ondorio ugari izan baditu ere, Basekek uste du emakumeak ari direla ondorio larrienak pairatzen. «Bortxaketak eta erasoak ugaritu egin dira; baina ez hori bakarrik, baliabide eskasiak ere zuzenean eragiten du gugan. Hilekoarekin egonez gero ez dago urik behar bezala garbitzeko, eta haurrei esnea emateko ere ez dago elikagai nahikorik».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.