Lacandonatik mundu zabalera

Duela 25 urte, zapatistek, oihana utzi, eta borrokari ekin zioten. Mexikoko indigenen eskubideak babesteko erresistentzian jarraitzen dute; 1996. urtetik, bide politikoetatik.

EZLN Askapen Nazionaleko Armada Zapatistako kideak, Marcos komandanteordea tartean, Lacandonako oihanean, Chiapasen. BERRIA.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Lurralde zapatistan zaude. Hemen, herriak agintzen du, eta gobernuak obeditu egiten du». Chiapasko herri askotako paretetan egun irakur daitekeen lelo hori oihanetik duela 25 urte atera ziren gerrillarien paradigma da, eta herri indigenen ideologiaren funtsa da oraindik ere. 1994ko urtarrilaren 1ean, hamar urte isilean eta ezkutuan ibili zen mugimendua mundu zabalera atera zen. EZLN Askapen Nazionaleko Armada Zapatista 1993ko azaroaren 17an sortu zen, indigenen eskubideak babesteko borrokari ekiteko, eta lehen kanpaleku hartan marraztu zuten lehen aldiz, beltzaren gainean, bost puntako izar gorria. Marcos komandanteorde ikonikoak, artean basoan zela, «bakardadea eta eltxoak lagun», gerrillariei esan zien egunen batean milaka izango zirela eta euren hitzek munduari bira emango zietela. Matxinada zapatistaren komunikatua irakurtzean, urte hartako otsailaren 2an, berriz ere munduari egin zion erreferentzia: «Boterea hartu? Ez, zailagoa den zerbait: mundu berri bat sortu».

Lacandonatik gau hotz batean atera ziren gerrillariak. Goizaldean, EZLNren siglak pintatuta agertu ziren herrietan. Chiapasko zazpi hiri hartu zituzten zapatistek: San Cristobal de Las Casas, Altamirano, Las Margaritas eta Ocosingo, Oxchuc, Huixtan eta Chanal. Lacandonako Oihaneko Deklarazioak mendeetan baztertuta eta jazartuta bizi izan ziren indigenen eskubideak aldarrikatzen zituen: lurra, lana, etxebizitza, elikadura, osasuna, hezkuntza, independentzia, askatasuna, demokrazia, justizia eta bakea. Tzotzil, tzeltal, tojolabal, chol eta mame herri indigenen ahanzturaren, bazterkeriaren eta injustiziaren kontrako borrokak oihartzuna izan zuen mundu osoan. Marcos komandanteak gerora aitortu zuen «propaganda» ekintza bat izan zela: «Erabateko arrakasta izan zuen propaganda ekintza. Maisulan militar bat».

Ospakizunak Chiapasen

Egunotan, borrokaren 25 urtemuga gogoratu dute Chiapasen. Abenduaren 26tik gaur arte, zapatistek eta euren mugimenduarekin bat egiten duten taldeetako ordezkariek eta ekintzaileek ospakizunak egin dituzte Guadalupe Tepeyacen. Oihanean, berriz, bihartik urtarrilaren 1era arte elkartuko dira, ahanzturaren kontra abiatutako gerraren urteurrena ospatzera. Gure Ametsen Itsasoko Barraskiloen Amaren egoitzan bildu dira.

Mugimendua zertan den aztertu eta etorkizunerako bideez hausnartuko dute zapatistek. Mende laurden bateko ibilbidearen errepasoa egin dute egungo errealitatea ulertu eta etorkizuna zehazteko. Matxinadaren egun beretik, armadaren errepresioa itzela izan zen; 11 egun eta gau iraun zuen borrokak. Urtarrilaren 10ean, gutxienez 150 pertsona hil ziren gerrillari zapatisten eta soldaduen arteko borroketan. Handik bi egunera, urtarrilaren 12an, milaka herritar atera ziren protestan hiriburuan, eta gobernuak su-etena iragarri zuen. Otsailaren 21ean, negoziazioak abiatu zituzten San Cristobal de Las Casasen. Bi urte geroago etorri zen akordioa: Eskubide eta Kultura Indigenen San Andresko Akordioak. 1996ko otsailaren 16koa egun historikoa izan zen, bide politikoa indartu baitzen, baina gobernuaren promesak ezerezean geratu ziren. Irailean, ituna betetzen ari ez zela egotzi zion EZLNk gobernuari. Errepresioak, bien bitartean, ez zuen etenik. 1997ko abenduaren 22ko egun beltza da horren erakusle. Armadak 45 indigena hil zituen egun hartan Actealen. Historikoak izan ziren 1997an eta 2001ean Mexiko Hirira egindako martxa jendetsuak ere, mugimenduak nazio osoaren eta nazioartearen babesa jaso baitzuen. Negoziazioen bideak, baina, ez zuen ibilbide luzerik izan. 2003. urtetik, autogestioan eta autonomian sakondu dute zapatistek. Barraskiloak eta Gobernu Onerako Batzordeak eratu zituzten 30 herritan.

Bozetarako hautagaia

Aurten, berriz, beste urrats bat egin, eta, aurreneko aldiz, urratu gabeko bidea hartu du EZLNk. 2018ko presidentetzarako bozetarako hautagaia aurkeztu zuen mugimenduak, emakume indigena independente bat: Maria de Jesus Patricio, Marichuy. Helburua «boterea suntsitzea» zen, eta ez «boterea eskuratzea», baina aski sinadura elkartu ez, eta azkenean ezin izan zen lehiatu.

Zapatisten erresistentzia, dena den, bizirik dago; izan ere, 25 urte geroago, zapatisten iraultza eragin zuten ezberdintasunak eta bidegabekeriak ez dira desagertu. Komunitate indigenek inoiz baino gehiago egin behar diete aurre lurren okupazioari eta baliabide naturalen pribatizazioari; besteak beste, meategien ustiapenari, urtegi hidroelektrikoen eraikuntzari eta errepideak sortzeko proiektuei. Lurren desjabetzea gero eta larriagoa da.

EZLNk egitura propio bat eratu du komunitateetan, baina estatuaren jarrera bere horretan dago. Carlos Salinas de Gortari zegoen agintean matxinadaren unean, eta, ordutik, beste bost presidente izan ditu Mexikok: Ernesto Zedillo, Vicente Fox, Felipe Calderon, Enrique Peña Nieto eta Andres Manuel Lopez Obrador.

AMLOk iragan abenduaren 1ean hartu zuen presidente kargua, eta historia garaikideko ezkerreko lehen agintaria izateak ez du bermatzen ezkerreko politikak gauzatuko dituenik. EZLNk uztailean, bozen emaitzak jakin bezain pronto, komunikatu bat atera zuen, esanez herrialdearentzako norabide aldaketa bat zela, baina gauzak ez direla aldatuko: «Kapataza alda dezakete, etxezainak eta langilezainak, baina jabea bera izango da». Bien bitartean, euren borrokarekin jarraituko dute, benetako aldaketak inoiz ez datozela goitik dioen filosofia praktikan jartzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.