Laboristen txanda

Sunakek aitortu modura, Alderdi Laboristaren gehiengo osoa zenbatekoa izango den, hori dago jokoan gaur Erresuma Batuko Komunen Ganberarako bozetan. Alderdi Kontserbadorea inoizko porrotik handiena jasatekoa da.

Keir Starmer Alderdi Laboristaren buruzagia bilakatuko da Erresuma Batuko hurrengo lehen ministroa. Irudian, iragan urtarrileko ekitaldi batean, Bristolen (Ingalaterra). TOLGA AKMEN / EFE
Keir Starmer Alderdi Laboristaren buruzagia bilakatuko da Erresuma Batuko hurrengo lehen ministroa. Irudian, iragan urtarrileko ekitaldi batean, Bristolen (Ingalaterra). TOLGA AKMEN / EFE
ander perez zala
2024ko uztailaren 4a
05:05
Entzun

Alderdi Laboristak 1935etik geroztiko emaitzarik txarrena lortu zuen 2019ko Erresuma Batuko Komunen Ganberarako hauteskundeetan. Lau urte eta erdiren ondoren, bere historiako emaitzarik hoberena lortzeko moduan da.

Duela gutxira arte ezinezkoa zirudiena gertatzear da Erresuma Batuan: toryek hegemonia galduko dute gaurko bozetan, hamalau urtean lehenengoz. Eta baliteke kolpea inoiz ez bezalakoa izatea kontserbadoreentzat. Kontrara, laboristak pozarren daude, epe laburrean sekulako iraultza egin baitute, betiere hauteskundeen ikuspuntutik; batez ere, Keir Starmerrek 2020an alderdiaren buruzagitza hartu zuenetik, eta, gauza guztien gainetik, kontserbadoreen urteotako hutsegiteengatik eta politikengatik.

Behin brexit-a gauzatu eta gero —2020ko otsailaren 1ean atera zen Erresuma Batua EB Europako Batasunetik—, toryak noraezean izan dira, gai horri tiraka, herritarrek agerian utzi duten arren ez dutela gehiago hitz egin nahi aferaz. Eta noraez horretan, kontserbadoreak, ezinbestean, galdu egin dira, inoiz baino barne zatiketa gehiago izan dituzten honetan. Identitate krisi batean daude, alegia, eta laboristek aterako diote onura horri.

Rishi Sunak Erresuma Batuko lehen ministro eta Alderdi Kontserbadorearen hautagaiak berak aitortu du toryek ez dutela aukerarik gaurko bozetan, boto emaileei eskatu baitzien herenegun, X sare sozialaren bitartez, Alderdi Laboristaren «supergehiengoa gelditzeko». Berez, gobernuburuak uste zuen gai izango zela kanpainan bi indar politiko horien arteko tartea txikitzeko, baina ez du hori lortu, besteak beste asteotan hainbat gatazka izan dituelako: kasurako, argitara atera zutelako haren alderdikide batzuk ikertzen ari direla hauteskundeen egunaren inguruan apustu egiteagatik.

Edonola ere, afera lehenagotik dator. Kontserbadoreen ospea 2021ean txikitu zen nabarmen, hedabide batzuek argitara atera zutenean Boris Johnson buru zuen gobernuak eta toryek festak antolatu zituztela COVID-19aren pandemiako konfinamenduan. Gerora, Liz Truss lehen ministro izan zenean (2022ko irailetik urrira), maldan behera jarraitu zuen kontserbadoreen irudiak, eta, azkenean, Sunakek puntu bateraino seriostasuna berreskuratu zuen arren, hemeretzi hilabeteotan ez du lortu goranzko joerarik finkatzea, eta haren alderdia inoizko porrotik handiena jasatekoa da.

Rishi Sunak Erresuma Batuko lehen ministroa, herenegun, kanpaina ekitaldi batean, Londresen. ANDY RAIN / EFE
Rishi Sunak Erresuma Batuko lehen ministroa, herenegun, kanpaina ekitaldi batean, Londresen. ANDY RAIN / EFE

Hori guztia aski ez, eta Nigel Farage itzuli da politikara, ziurrenik Erresuma Batuan ezagunena den politikari euroeszeptikoa. Behin brexit-a gauzatuta, Faragek esan zuen bere ibilbide politikoko helburu nagusia bete zuela, baina bueltan da, immigrazio «gehiegi» dagoelakoan, eta EBtik atera arren Erresuma Batuak ez duelakoan bere mugen kontrola berreskuratu, betiere hark argudiaturikoaren arabera.

Iragan ekainaz geroztik, Reform UK alderdiaren buruzagia da Farage —hark sorturiko Brexit Alderdiaren ondorengoa da—, eta hilabeteotako inkestek islatu dute Alderdi Kontserbadoreari boto emaileak kendu dizkiola nabarmen, babes aldetik bi alderdiak parez pare geratzeraino. Eta Liberal-demokratak alderdiari dagokionez ere, 2019an toryek lorturiko zenbait hautesbarrutira begira jarri da kanpainan, eta boto taktikoa eskatu die laboristen oinarriei, horietan ere kontserbadoreek gal dezaten.

Toryak, hortaz, krisi existentzial batean murgilduko dira gaurko Komunen Ganberarako bozen ondoren, eta batez ere, barne gatazka sakon batean, alderdiaren norabidea zehazteko. Eta hori ez da zeregin erraza izango, aintzat harturik Alderdi Kontserbadorea Europako indar politiko arrakastatsuenetako bat izan dela azken mendean.

Eskozian, SNPren nagusitasuna jokoan

Erresuma Batuko Komunen Ganberarako bozetan, Alderdi Laboristaren garaipenen oinarrietako bat beti izan da Eskozian ere lortzea ordezkaritzarik handiena, edo, behintzat, garaipenetik gertu geratzea; eta, inkestek diotenaren arabera, badirudi gaur ere lehena izateko aukerak dituela, 2010az geroztik estreinakoz. SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak urteotan hautetsontzietan finkaturiko nagusitasuna, beraz, jokoan dago.

Eskoziako 59 hautesbarrutietatik 48tan irabazi zuen SNPk duela lau urte eta erdi, eta are gehiago sendotu zuen bere estatusa, Nicola Sturgeon garai hartako lehen ministroa bigarren independentzia erreferenduma sustatu nahian ari zen horretan, brexit-aren nahasmenaren erdigunean. Baina Sturgeonen beraren dimisioak, eta gerora alderdi independentistak izan dituen barne krisiak, kritikak eta Humza Yousafen agintaldi laburrak (2023-2024) zenbait boto emaile eraman edo itzularazi ditu Alderdi Laboristara.

Ezkerretik eskuinera: John Swinney Eskoziako lehen ministroa eta Kate Forbes lehen ministrordea (SNPkoak), iragan ekainaren 29an, Edinburgon. SUSANA BLAYA / EFE
Ezkerretik eskuinera: John Swinney Eskoziako lehen ministroa eta Kate Forbes lehen ministrordea (SNPkoak), iragan ekainaren 29an, Edinburgon. SUSANA BLAYA / EFE

SNPrentzat bai, baina batez ere John Swinneyrentzat izango da albiste txarra beheranzko joera hori Erresuma Batuko Komunen Ganberarako bozetan islatzea, lehen hauteskundeak baititu alderdiaren buruzagitza hartu eta Eskoziako lehen ministro denetik. Swinneyk kanpaina amaieran esan du laboristekiko duten aldea berreskuratuko dutela, eta azken egunetako inkestek hori iradoki dute; ordea, adierazpen horrekin, agerian utzi du ez duela espero Sturgeonen garaian bezalako arrakastarik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.