Erresuma Batuko hauteskundeak (III). Galesko Asanblea

Laboristen gehiengoa, kolokan

Galesko Asanbleako gehiengoa gal lezake Alderdi Laboristak, nahiz eta gaurko hauteskundeak erraz irabaztea espero den. UKIP alderdi xenofoboa indartsu sar liteke lehen aldiz parlamentuan

Adrian Garcia.
2016ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Hamazazpi urtez agindu dute laboristek Galesen, 1998an Londresek botereak itzuli zizkionetik parlamentuari. Ezusterik ezean, boto gehien bilduko duen alderdia izango dira laboristak gaurko Galesko Asanblearako hauteskundeetan, baina gehiengoa galtzeko arriskua du Carwyn Jones lehen ministroaren alderdiak, altzairuaren krisiak eta zerbitzu sozialen murrizketek erasanda. Oposizioko alderdiek azken hamazazpi urteetako laboristen jardunaren epaitzat jo dituzte bozak, baina kanpainaren ezaugarriek ez die sobera mesederik egin: Galesko Asanblearen eskumenetik kanpo dauden aferak nahastu dira, eta, batez ere, brexit-aren inguruan ardaztu da eztabaida.

Parlamentuko 60 eserlekuak hautatuko dituzte gaur herritarrek, horietako hogei eskualdeka eta beste 40 herrialde osoa hartzen duen barruti bakarrean. Ondoren, diputatuek erabakiko dute gobernuaren osaera. Parlamentarien erdiak lortu zituzten orain bost urte laboristek, baina, azken inkesten arabera, behera egingo dute, eta bi edo hiru eserleku galduko lituzkete. Ez litzateke emaitza guztiz txarra izango Jonesentzat, aginteari eusteko baliagarria izango litzaiokeelako.

2009. urtetik da Jones Galesko lehen ministro, eta Erresuma Batuko Alderdi Laboristako kiderik beteranoena da egun. Alderdiak buruzagi laboristaren pertsonalitatean jarri du indarra, eta lehen ministro izateko «gaitasun gehien» duenaren aldeko botoa eskatu. Gazteei mintzatu zaie Jones: 100.000 prestakuntzako lanpostu sortu nahi ditu, eta ikasleentzako diru laguntzak hobetu.

Plaid Cymru (Galesko Alderdia) independentistak egin lezake gora, eta bigarren indarra bilakatu. Haatik, inkestek gehienez hamahiru eserleku ematen dizkiete, laboristetik urrun. Galesek ahal gehiago eskuratzeko erreferendumera deitu nahi du alderdiak. Leanne Wood alderdiko buruzagi karismatikoak aldaketa hartu du ikurtzat, eta laboristen boto-emaile desilusionatuak erakarri nahi izan ditu, programaren alde soziala nabarmenduz. «Gure zerbitzu publikoak indartu eta babestu nahi dituztenek, gure komunitateetan berdintasuna eta justizia soziala zabaldu nahi dutenek, eta sehaskatik hilerrira bitartean gobernuaren babesa bilatzen dutenek Plaid Cymru dute haien alderdia». Burujabetzaren aldarriarekin lotu du Woodek alor soziala. «Gure herrialdeak nazio baten moduan jarduteko tresnak behar ditu, berrikuntzak egiteko, lanpostuak sortzeko eta zerbitzu publiko unibertsalak emateko». Erresuma Batuan ezaguna egin zen hautagaia, Nigel Farage UKIPeko buruarekin izandako ika-mikagatik iazko hauteskunde orokorretako eztabaida batean.

Bozen osteko aliantzak

Agintean jarraitzeko babesa beharko duela aurreikusita edo, Jonesek aliantza posibleei buruz hitz egin du. «UKIPekin edo tory-ekin ezingo genuke lanik egin, oso muturrean baitaude eskuinean. Plaid eta liberal demokratekin, ordea, bai». Lehendik ere koalizioan gobernatu izan dute laboristek; 2000n liberal demokratekin —beherakadan daude, eta bost parlamentaritik hiru gal litzakete—, eta 2007an Plaid Cymrurekin.

Alderdi Kontserbadorea saiatu da boto-emaileen arreta Galesko gaietara bideratzen, Port Talboteko altzairutegiaren balizko itxierak eta Panamako paperek kalte handia egin dietelako tory-ei. «Herritarrek osasun zerbitzuari, hezkuntzari eta enpleguaren segurtasunari buruz hitz egin nahi dute», adierazi du kontserbadoreen buruak, Andrew R.T. Daviesek. Lau eserleku galdu eta hamar diputaturekin hirugarren alderdia lirateke kontserbadoreak, zundaketen arabera.

Edonola ere, indar guztiek arreta handiz begiratu diote UKIP alderdi xenofoboari. Galesko Asanblean ez du sekula eserlekurik lortu, baina indartsu sar liteke, etorkinen aurkako diskurtsoa haizatuta. Erresuma Batuko prentsan iragan astean argitaratutako inkesten arabera, zazpi eserleku irabaz litzake eskuin muturreko alderdiak. Emaitzak baieztatuz gero, ezinbestean aldatuko litzateke Galesko Asanblearen itxura eta izaera.

Farage bera ibili da azken astean Galesen kanpaina egiten. Baina UKIPen muturreko diskurtsoak eragina izan du herrialdean, eta alderdiaren aurkako presio taldeak sortu dira. Hope Not Hate (Itxaropena Ez Gorrotoa) taldeakUKIPeko hautagaien aurkako eskuorriak banatu ditu. «Musulmanak eta beste gutxiengoei arazo guztien errua leporatuz, eta adierazpen arrazistak eta homofoboak eginez, Galesen ikuspegi intolerantea ezarri nahi dute. Ez dute gazteentzat nazioaren ikuspegirik ematen, herritarrak zatitu baizik», esan dio BBC kateari taldearen sortzaileak. Ingalaterrako beste hainbat gunetan gertatu bezala, laboristen alde bozkatzen zuten Newporteko eta beste industria hirietako langileak erakar ditzake alderdiak.

Abstentzioaren itzala

Adituek uste dutenez, abstentzioa lagungarri izan dakioke Farageren alderdiari; orain bost urte soilik %42k bozkatu zuten. Izan ere, EB Europako Batasunean jarraitu edo ez ebazteko erreferendumaren itzalak are abstentzio handiagoa eragin dezake. Bada 2003ko bozekin alderatu duenik ere; Irakeko gerrak zapaldu zuen kanpaina orduan, eta %62ko abstentzioa izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.