Laboristek EBn geratzearen aldeko kanpaina egingo dute balizko bigarren galdeketan

Corbynek Erresuma Batuko lehen ministro berriari eskatuko dio beste erreferendum bat egiteko 'brexit'-ari buruz. Itunik gabe, Irlandak milaka lanpostu galduko lituzke

Jeremy Corbyn laboristen buruzagia Londresko bere etxetik ateratzen, artxiboko irudi batean. ANDY RAIN / EFE.
ander perez zala
2019ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Kasuaren arabera, Alderdi Laboristaren jarrera ofiziala bata ala bestea izango da. Jeremy Corbyn laboristen buruzagiak atzo jakinarazi zuen Europako Batasunean (EB) geratzearen aldeko kanpaina egingo luketela brexit-ari buruzko bigarren erreferendumean, beste aukera tory-ek Bruselarekin adosturiko akordioa edo itunik gabeko irteera baldin bada. Hauteskunde orokorrez galdetuta, Corbyn ez zen hain zorrotz mintzatu alderdiaren jarrerari buruz: «Bozak iristean erabakiko dugu». Halere, laboristen buruzagiak lehen aldiz adierazi zuen brexit-ari buruzko beste galdeketa bat nahi duela, eta hori egiteko eskatuko diola Erresuma Batuko lehen ministro berriari.

Akordiorik gabeko irteeraren mehatxua, Boris Johnson kontserbadorea gobernuburu izateko aukera, alderdiko 10.000 militanteren eta sindikatuen presioa, iragan maiatzeko Europako hauteskundeetako emaitzak —boto gehien bildu zituzten alderdietan hirugarren izan zen; hainbat izan dira Corbynek kontuan hartu dituen errealitateak balizko bigarren erreferendumari buruzko erabakia hartzeko.

Alderdikideei idatzitako posta elektroniko batean, honako hau idatzi zuen, gerora Twitter sare sozialaren bidez zabaldu zuena: «Lehen ministroa edozein dela ere, bozketa publiko batera eraman beharko luke adosturiko ituna edo akordiorik gabeko irteera. Itunik gabeko edo ekonomia eta lanpostuak babesten ez dituen tory-en akordio baten aurrean, argi utzi nahi dut Alderdi Laboristak EBn geratzearen aldeko kanpaina egingo lukeela».

Theresa Mayren dimisioaren ostean, Alderdi Kontserbadorea haren buruzagi berria —eta, beraz, Erresuma Batuko lehen ministroa— aukeratzeko prozesuan murgildu zen joan den hilabetean; hainbat bozketa egin ostean, azken faseari ekin zion ekainaren 19an. Alderdiko 160.000 kideek hilaren 22ra arteko epea dute botoa emateko, eta hurrengo egunean emango dute emaitzen berri: Boris Johnson Atzerri ministro ohia ala Jeremy Hunt Atzerri ministroa, bietako nor izango den gobernuburu berria. Corbynek horietako bati eskatuko dio, beraz, EBtik ateratzeko bigarren erreferendumera deitzeko.

Lehia horrek are gehiago handitu du brexit-aren prozesuaren ziurgabetasuna, eta Johnson faborito izanda aukera gehiago daude itunik gabe irteteko, hautagaia hori egitearen alde agertu baita askotan. Huntek jarrera moderatuagoa du, eta, kargura iritsiz gero, Mayk Bruselarekin adosturiko akordioa berriz negoziatzea izango luke lehentasuna, nahiz eta jakitun den EBk ez duela hori egiteko asmorik; halere, hark ere ohartarazi du urriaren 31n akordiorik gabe ateratzearen alde egingo lukeela. Bi hautagaiak, gainera, bat datoz Corbynen eskariari eman beharreko erantzunean: galdeketa 2016an egin zela, eta ez dagoela beste bat egiteko beharrik.

Dena den, hauteskunde orokorrak dira Corbynen lehentasuna, bigarren galdeketa baino gehiago, baina lehen ministrogai kontserbadoreek nahiago dute lehenik brexit-aren prozesua amaitu eta gero bozetara deitu. Laboristen buruzagiaren helburua da hauteskunde horietara joatea, boterera iristea eta Erresuma Batuaren irteeraren gidaritza hartzea: «[Bozak] Urri honetan izan daitezke, edo hurrengo urtean, 2020an. Prozesu demokratiko bat daukagu: horien kanpaina hastean erabakiko dugu gure postura», esan zuen BBC kateari emandako elkarrizketa batean.

Irlanda, kezkatuta

Irlandako Errepublikak kezkatuta segitzen du brexit-aren inguruan. Simon Coveney lehen ministrordeak atzo ohartarazi zuen «irteera gogor baterako» aukera «inoiz baino handiagoa» dela: «Hori gertatuta, 55.000 lanpostu suntsituko lirateke, eta 6.500 milioi euroko kostua izango luke gure ekonomian».

Coveneyk gogorarazi zuen irteera horrek «ziurgabetasun politikoa» sortuko duela, baina saiatuko direla muga kontrolak «beste nonbait» egiten: «Beharrezkoak izango dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.